kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ez zaigu ahaztu / Alberto Barandiaran / Susa, 1998

Ez zaizkigu ahaztuko Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-10-17

Literatura Nobel sariaren aitzakian, udaberrian emandako elkarrizketa bat errepikatu zuten iragan igandean espainiar telebistan. Bertan, Jose Saramagok, hil zitzaien anaia gogoan, hildako bat ahaztutako pertsona bat dela esan zuen. Ahazten ez direnak bizirik daudela, alegia. Ederki dakite hori Maiatza Plazako amek eta diktadura militarraren garaian errepresioak Argentinan desagertarazi zituen 30.000 pertsonen senideek. Alberto Barandiaran ere, horren jakitun, Argentinara joan zen iaz EGUNKARIArako erreportaiak egitera eta, han, euskal jatorriko desagertu hainbaten oroitzapena bildu zuen. Oroitzapen haien lekuko da aurreko astean aurkeztu zuen Ez zaigu ahaztu liburua.

Koldo Izagirreren Ez duk erraza, konpai! hartatik, bidea egin du dagoeneko Susa argitaletxearen bidai kronika liburuen zerrendak: Suetena Befasten, Zapata-ren oihana, Plastikozko loreak Erregearentzat, Mandelaren Afrika eta, orain, Ez zaigu ahaztu ditugu irakurgai, irakurketaz gozatzeaz gain, munduko herrialde ezberdinak ezagutzeko aukerak direlarik guztiak. Zenbait kasutan, Irlandan, Chiapasen edota Hego Afrikan kasu, gatazkaren ondorioak nabarmenak dira eta, besteak beste, horiek islatuak gelditu dira liburuotan. Herriotako errealitatea gogorra dela gogorarazteko balio izan digute liburuok.

Horien guztien arteko errealitate gordinena eta gogorrena, ordea, Argentinan ezagutu dugu, Barandiaranen Ez zaigu ahaztu honetan. Hildakoak, desagertuak,torturatuak, errepresaliatuak eta errepresoreak dabiltza liburuaren orrialdeetan. Batzuk, hildako baten senide batek dioen bezala, badute nori negar egina: agertu zitzaien desagertutako senidearen gorpua, hilda. Beste batzuek, ordea, oraindik ez dakite non dituzten senitartekoak. Badakite hegazkinetatik itsasora milaka bota zituztela baina badute esperantza apur bat. Desagertuen senideen patua da: “Nik banekien hilda zeudela, baina hitz horiek entzun nituenean konturatu nintzen barru-barruan oraindik banuela esperantza txiki bat bizirik aurkitzeko. Jende askok esaten zuen lanean zeudela denak Armadarentzat, giltzapeturik oihanean, edo Brasilen edo Txilen, edo Europan… Bagenekien zaila zela, baina zurrumurru horiek elikatzen zuten gure itxaropena”.

Honelako lekukotasunak bildu ditu Alberto Barandiaranek. Argentinan, liburuaren atzeko azalak dioen bezala “izuaren akorduan murgildu zen”. Horrela baizik borroka baitaiteke ahanztura, errepresioa bizi izan zutenekin egonda. Bizi direnen ahotik ekarri digu bizitzatik eraman zituztenen memoria, euskal jatorriko desagertu hainbaten oroitzapena: Arozarena, Garin, Tello Biskaiart, Meroño, Armendariz, Arestin, Lopez Ugalde…

Kronika gogorra egin digu kazetari nafarrak. Historiaren eta senideen hitzen artean lekututa, beldurrik gabe begiratu du atzera. Halaber, Argentinan barrena bidaiazeko aukera ere ematen digu. Zehatzak bezain zuzenak dira, hala ere, egilearen hitzak, narratzailearenak, “Ohartzen ari naiz ez dudala ordu bat ere eman hiriarekin, pertsonak ezagutu ditudala, baina hiriburuaren arima ez dudala usaindu”. Egia da. Baina herri honen benetako arima desagertuen bihotzetan dago ezkutatua, eta haiek bilatu artean arimarik gabe ibiliko da herria. Liburuak, beraz, ez du aitzakiarik. Desagertuen oroimenaren bila, erraz irakurtzen da Barandiaranen idazkerak asko laguntzen duelarik bidean.

“Guk ez ditugu nazionalitateen arabera sailkatu. Desagertu guztiak dira gureak, 30.000 horiek. Ezin dz bereizketarik egin”, entzun zuen egileak Amen Etxean. Baina desagertu haiek ere Euskal Herriaren zati dira hein batean. Gure bihotzak ere bota zituzten itsasora. Eta haien bila ausartu da Alberto Barandiaran. Senideei ez zaizkie ahaztu eta, guri ere aurrerantzean, ez zaizkigu ahaztuko. Ezta euskal jatorriko errepresoreak ere.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak