kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Anemometroa / Igor Estankona / Susa, 1998

Hosto grapatuen liburua Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-10-10

Gurera liburu berriak iristeak beti pozten bagaitu, zer esanik ez egile berriak iristeak hauek irakurtzeko eta ezagutzeko irrika eta nahia sortzen digula. Susa argitaletxeak, oraingoan, iazkoan Urtzi Urrutikoetxearekin bezala, 1977an jaiotako poeta bizkaitar baten lehen liburua dakarkigu. Aurtengoan Igor Estankona artearraren Anemometroa.

Igor Estankona, ordea, ez da hain egile berria gure olerkigintzan. Egungo gazteek egiten dutena ezagutzen dutenek, badakite Urruzuno literatur lehiaketako liburu zaharretan topa daitezkeela Estankonaren poemak. Oraintsuagoko lanetara etorriz gero, berriz, Arratiako Zantzoa literatura aldizkarian irakur ditzakegu gazte honen olerkiak. Anemometroa hau, berriz, Estankonaren 57 poema biltzen dituen liburua da, egilearen lehen liburua. Heldutasuna, ordea, nabarmena da.

Lau atal ditu liburuak. Lehenengoa, Noiz datorren Momo izenekoa, iruditu zaigu guri ahulena, adjetibo ulerkor bat jartzearren esan nahi dugunari, ez baitzaigu inondik ere ahula iruditu. Liburuko atalik intimistena da lehenengo hau, eta batzuetan zaila egiten zaio irakurleari poemen nondik norakoa ulertzea. Hala ere, hasieratik bertatik irudiekin aspaldian gure olerkigintzan inork ez bezala jokatzen du Estankonak eta irakurketa atsegina bihurtzen da. Hainbat poemak irakurlea kateatzen dute: “Maite nauzun jakiteko / lorea mutilatu behar badut, / nahiago dut duda horrekin / hil” edota “Gezurra da loreak atsegin ditugula. / Gezurra. / Haien egoera bat atsegin dugu / (zimeltzen direnean ez diegu / begiratu ere egiten)”, kasu.

Bigarren atalak All songs recorded live in autumn, 1997 du izena. Bertako poemekin liburuak indarra hartzen jarraitzen du, betiere Estankonak hain ederki erabiltzen dituen irudien laguntzarekin eta idazkera sinple bezain indartsuarekin. Hori da, liburu guztiarena bezala, atal honen ezaugarririk aipagarrienetakoa. Hots, Igor Estankonak, inolako barrokotasunik gabe idazten duela, sinple, zuzen eta indartsu. Atal honetan, gainera, egileak bere poetika ulertzeko zenbait argibide ematen dizkigu, bere egile gustukoak eta nolabait iturriak aitortuz: Ramon Saizarbitoria, Jon Mirande eta Luis Garcia Montero —aurreko atalean aipatua du dagoeneko Leonard Cohen—. Bigarren honetan agertu zaizkigu aspaldian irakurri ditugun amodiozko eta desamodiozko poema ederrenetakoak. Badira zenbait: “Lainoak zeruaren hezurrak direla ematen du. / Uda balitz sorbaldak agerian eramango zenituzke. / Aurrerantz joan beharko nuke / zure ondoan eseri / izena edo sua edo gau bat eskatu / baina / egia esan / ez dit gehiegi ardura nire / indar faltak. / Seguruenik ametsetan / paper protagonista bat emango dizut”.

Inperio garaia izena duen hirugarren atala iruditu zaigu guri liburuko atalik indartsuena, ederrena eta landuena. Amodioa, irudiak josteko abilezia, irudimenaren leihoak eta irakurlea harritzeko duen indarra nahasten dira bertan. Poemak ederrak dira, esaldi eta egoera harrigarriekin. Hamaika olerki eder topa daitezke atal honetan, ugari. Ohar, Protofeminismoa (esate baterako Granada 1921) izeneko honi: “Aurkitu zintudan goizerdian / iturrian garbitzen / zure aurpegia. / Zein egun eztia / zein iturri argia / zein esku ederrak / garbitzen zintuztenak. / Alkandora eman nizun / zure azal berdea / lehortu zedin / eta hartu zuk / lehortu zenuen / zure amantalarekin”.

Azken atala, Atzeko atea, epilogo gisakoa da eta hiru poema besterik ez ditu. Baina adierazgarriak. “Hostoak grapatu liburuak egiteko”, “musuak erreserban eduki edozeinek larrialdi bat balu”, “Zapi gorriak zuhaitzetatik zintzilik jartzeko. Pintura gorria botatzea makarroiei” eta abar. “Artea egoera bere mila formekin gure eguneroko ekintzetan”. Hori desio du poetak. Eta hori asmatzen, irudikatzen eta eraikitzen du bere irudiekin. Artelana, bihurtzen du bizitza, tristura, iragana, poesia, bakardadea. Eta artelana bihurtu du bere lehen liburua ere. Igor Estankona, Artea, 1977. Anemometroa. Artelana.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak