kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Plastikozko loreak erregearentzat / Xabier Montoia / Susa, 1998

Elvis, Lebowski eta beste kontu batzuk Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-06-27

“Eliza katolikoaz gain, badago beste sekta bat munduko zoko gehien-guztietara zabaldu dena. Ez dihardut Jehovaren lekukoez, ezta protestanteez edo musulmanez ere. Elvisen elizaz baino”.

Horrela hasten da Xabier Montoiaren azken liburua. Lana bidaia-liburu bat da, Estatu Batuetatik egindako bidaia baten kronika. Getxo, Nashville, Menphis, Graceland eta Lauderdale Courts dira Montoiak bisitatzen dituen hiriak. Leku hauek guztiak lotzen dituen pertsonaia Elvis Presley da. Montoiaren bidaiaren helburua hori baita, Elvisen inguruan gauza gehiago jakin, batez ere Elvis hil eta gero hark sortu duen ikusmiragatik.

Liburuaren gaia hau izanik, lanaren abiapuntua ez da txarra. Alde batetik, Montoiaren azken liburua gogoratu behar da: Gasteizko hondartzak izeneko ipuin bilduma, nire iritziz, Montoiak orain arte idatzi duen literatura lan biribilena da. Beste alde batetik, ez dugu ahaztu behar Montoia bera musikaria dela, eta musikari bikaina gainera, bai abestiak konposatzen eta baita jotzen ere.

Liburuaren jeneroari dagokionez, azken aldi honetan euskal literaturan bidaia liburuena modan jarri den jeneroa da. Baina Montoiak aukeratu duen bidea ez da Muruak eta Unzuetak, Izagirrek, Aranbarrik edota Olasagarrek aukeratutakoa. Montoiak liburu hau idazteko orduan beste liburu eta idazle batzuk hartu ditu kontuan. Batez ere Estatu Batuetako beat belaunaldikoak, Jack Kerouac eta lagunak. Horien guztien eragina Montoiaren obran, eta, batez ere, lehenengo liburuetan, eta azken honetan bereziki, garbi antzematen da.

Baina eragin hau bere beste lanetan egokia izan zen bezala, oraingoan Montoiak ez du hain emaitza onik lortu. Elvisen aztarnak ezagutzeko asmoak biribilez egindako bidaia liburu honetan formak garrantzia handiegia hartu du. Orokorrean, liburuan Montoia idazkeraz eta estiloaz edukiez baino gehiago kezkatu da. Hala ere, Elvisez, haren musikaz eta beste erritmoez egin duen dokumentazio lana txalogarria da, baina ez da nahikoa.

Elvisen inguruan gauza asko kontatzen dizkigu, gehienak oso interesgarriak, eta badirudi Montoiarengan bidaiak eragina izan duela. Hots, Elvisekiko Montoiaren iritzia edota jarrera ez da bera bidaiaren hasieran eta bidaia amaitutakoan. Pasarte askotan, gainera, Elvisez gain, Estatu Batuetako gizartea ere islatzen du. Hori egiten duenean, ni Coen anaien azken filmaz (Lebowski handia) gogoratu naiz. Coen anaiek erabiltzen duten umore beltza eta kritikoa Montoiaren idazkeran ere bai baitago.

Hala ere, orokorrean lehen esan duguna gertatzen da. Liburuan harribitxiak bezain onak diren xehetasunak eta ukituak daude, baina orokorrean galdera gehiegi gelditzen dira erantzun gabe: bidaiaren zergatia, Montoiaren iritziak, Montoiaren jarrera… Liburuaren abiapuntuak interesgarriak eta onak dira, baina bukaeran hori guztia testuratzeko orduan zerbait ez dela ongi ibili dirudi. Sentsazio horrekin amaitzen du irakurleak liburua. Ez dakit zer den, bidaia bera, Elvis, Montoiaren gogoa…

Agian Coen anaien filmetan bezala, liburu honetan ere istorioa alde batera utzi eta pertsonaiekin eta beraien ekintza eta jarrerekin gelditu beharko genuke. Baina Coen anaiak bi soilik dira, eta Montoiak askoz hobeto egin ditzake gauzak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak