kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Baleen berbaroa / Edorta Jimenez / Txalaparta, 1997

Itsasoak badu esperantzarik Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-11-15

Nonbaiten irakurria dugu eta, beraz, norbaitek idatzia izango du liburu bat idaztea bertan bildutakoak gorpu bihurtzea dela. Lurperatzea, irakurketa bakoitzak bide eta interpretazio berriak zabalik uzten dituela jakinik, ez gatoz bat, inondik ere, hitz horiekin. Liburua, argitaratu orduko, idazlearentzat izan daiteke gorpu, baina irakurlearentzat, irakurketa bakoitzarentzat bizirik dago betiko. Literatur teorian hain funtsezkoa den baieztapen horretara Wittgenstein ere hurbildu zen, “mundua gertakarien osotasuna da, ez gauzena” ezagun harekin. Liburua gorpu izan daiteke bere horretan, gauza bat den neurrian. Baina irakurleak hurbildu eta irakurtzen duenetik, irakurketa gertakari den unetik, liburua gorpu baino zerbait gehiago da. Hazi, esaterako. Edorta Jimeezek ere ederki islatu du liburu honetan antzeko gogoeta, “lurpean dagoena, gorpu ala hazi?” lelopean.

Hilketa bat bitarteko, lelo horekin ekiten baitio Baleen berbaroa honetan protagonista den Sebastian Zubileta gazteak gertaeren argitzeari. Eta liburuak aurrera egin ahala orrialdeek behin eta berriro dakarkiote lelo bera irakurleari: lurpean dagoena, gorpu ala hazi?

XVI. mendean kokatzen ausartu da Jimenez eta 1571. urtean jaiotako Sebastian Zubileta aipatuaren istorioa hartu du horretarako aitzakia, lehen pertsonan kontatua. Bere obran Bilboko giro hiritarra eta itsasoa ardatz dituen mundakarrak itsasoa aukeratu du oraingoan ere literatura ehotzeko eta, kresal usainez, euskal literaturak azken urteotan eman duen emaitzarik ederrenetakoa luzatu digu.

Baleak gure kostaldetara agertu eta euskaldunak haiei arpoika aritzen zirenekoak gogoratzen dira hasi orduko amaitzen den Baleen berbaroa mardulean. Balearen ehizari, kofradiako kontuak, Inkisizioaren atzapar luzeak eta gogoz kontra Ingalaterrako Jornadarako Armadan erroldatu beharrean diren gazteen gorabeherak gehitzen zaizkio eta, guztiak, amodioa tarteko, eleberri irakurterraz eta atsegina osatzen du.

Armadarekiko egungo intsumisoen antzerakoek garai hartan jasotzen zuten zigorra eta, Armadan ez sartzearren ihes egindakoen patuak ere badu lekurik orrialdeetan. Izan ere, Sebastian protagonistaren lehengusua, Hernando getariarra, eleberriaren kokaleku den kostaldeko Mundatxara dator ihesian, Armadara ez joatearren. Etorrera horrek, Sebastianen geroa baldintzatu ez ezik aldatu ere egingo du. Hemendik, ordea, ezin gehiago aurreratu.

Dokumentazio historikoaz gain, dokumentazio linguistiko handia ere egin du Jimenezek eleberri honetan, XVI. mendeko hitzak, moldeak eta abarrak aukeratu ahal izateko. Hizkuntzalaritzak eta historiak, beraz, bat egiten dute literaturarekin mundakarraren eleberri berrian. Eta bat egite horretan, itsasoa gune ezin hobea bihurtzen da. Lehenik ere hainbatetan erakutsi du idazle honek ederki dakiela itsasoko kontuak orriratzen eta, oraingoan ere, itsasoarekiko lilura irakurleari kutsatu dio, literatura gozaraziz eta eleberria horretarako bitarteko bihurtuz. Orain artean, gutxi izan dira gurean itsasoko kontuak eleberri batean islatu dituztenak. Aitzindarietako bat izan zen Kresala, baina ondoren ez da itsas kontuekin idazle gehiegi ausartu —badira batzuk, hala ere—.

Baleen berbaroa-rekin itsasoko bizimoduaren beste olatu bat iritsi da gure literaturara. Gainera, Jimenezek tetralogia iragarri duenez pausoka, eta hau tetralogiaren lehen emaitza besterik ez denez, irakurleon atseginerako, hemendik aurrera gurean itsasoak badu esperantzarik.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak