« Bertsotan | Unamuno euskaraz »
Tigre ehizan / Aingeru Epaltza / Elkar, 1996
Merezitako saria Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-09-27
Orrialde hauetan liburu beraren iruzkina behin baino gehiagotan argitaratzeko ohiturarik ez badugu ere, gaur beste salbuespen bat erantsiko diogu gure zerrendari. Iazko abenduan argitaratu genuen Epaltzaren Tigre ehizan lanaren iruzkina, Edorta Jimeezek idatzia. Aste honetan banatu den euskarazko Euskadi literatur sariaren irabazlea Epaltzaren eleberria izan dela jakindakoan, ordea, egokia ez ezik zilegi ere iruditu zaigu aipatu liburuaz zenbait lerro idaztea. Egia da gu baino adituagoek dagoeneko eman dutela lan honen merezimenduen eta neurrien berri —Edorta Jimenezek, Karlos Otegik edota Koldo Izagirrek kasu— eta, beraz, batik bat horien hitzak gogoratuko ditugu gure iritzia —oro bar, haienarekin bat dator— agertzea baino interesgarria izango delakoan.
“Alemaniarrak grisez jantzita eta zu urdinez”, abesten digu Joxe Ripiauk bere bigarren diskoan, Paradisu zinema kantuan, eta diskoa entzutean zein Ripiautarren kontzertuetan, bihotzak gogorrago abesten digu askori, Humphrey Bogartek Ingrid Bergmani esandako hitz haiek gogoan. Antzera dabilkigu bihotza Epaltzaren eleberria irakurri eta alemaniarrak Lapurdin ikustean, Euskal Herritik oraindik alde egin ez duten alemanak gogoratzean.
Venezuelan eta Larresoron kokatu ditu Epaltzak gertakariak, bi istorio osatuz eta txandakatuz. Egun berean biltzen dira bi istorioen gertaerak. Venezuelan, Martin aita da protagonista; eta Larresoron, Martintxo, haren semea. Jimenezek orrialde hauetan idatzi nuen bezala, “Aingeru Epaltza nafarrak erabili dituen hizkuntz-erregistroak, batez ere bizkaiera eta lapurtera, eleberriak ezinbestez eskatzen zituen”. Bat gatoz, noski, Jimenezen ondorioarekin ere: “Aingeru Epaltza behin eta berriro ari zaigu estiloa zer den erakusten. Ildo horretan ere, liburua bikaina da”.
Euskadi literatur sarien irabazleen berri emateko egindako prentsaurrekoan “kontakizunaren lotze neurrikoa” eta “narrazio orekatsua” nabarmendu zituen. Lan honek, bestalde, sinbolikotasunean ere indar handia du eta, besteak beste, hori du hizpide Koldo Izagirrek liburuaren hitzaurre gisako Tigrearen lorratz zerratuak horretan.
Epaltzak gerraosteko erbestearen gaiari heldu diola gogoratu ondoren, Izagirrek tigrea hartzen du hizpide, bere zentzu guztietan: “Tigrea ederra da, azkarra, odolgiroa, indar eta kemen militarraren iduria dugu, noski. Borgesek maite zuen. Epaltzak haren aurkako ahalegina deskribatzen digu, dohainez goiti dagoela jakinik ere, heroi eraginkorrak proposatzen dizkigu, ez aldez aurretik derrotatuak. Zeren… zer egin, nola bizi, alemanik gabe? Noren aurka jardun, alemanak alde egindakoan? Non bilatu elkarren arteko solidaritatea? Etsairik eza eta bake aroa inoiz ezagutuko ez dugun saudade bat izanen da menturaz”.
“Baina, azken finean, alde egin ote dute alemanek Lapurditik?”, galdetzen du ondoren Izagirrek, eta hitz hauekin amaitzen: “Eta galdera honen aitzinean, Aingeru Epaltzak era errealistan idatzitako nobela honek beste nolakotasun bat hartzen du: 1994ko alemaniarren peko Lapurdi txipian gertatu istorio xumeak —bere luzapen amerikarra barne— egungo Euskal Herri osoaren dimentsioa du irabazten”.
Jimenez, Otaegi eta Izagirreren hitzak bildu ditugu ezohiko iruzkin honetan eta, esan bezala, bat egiten dugu haien esanekin. Irakurleak du orain hitza. Guri, Epaltzari zorionak ematea besterik ez zaigu gelditzen.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez