kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Arragoa / Jon Urrujulegi / Txalaparta, 1997

Iraganaren arragoan urtuta Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-06-28

Zegaman jaio, Seguran hazi eta egun Donostian bizi den egilea dugu Jon Urrujulegi. Eleberrigintzari lehen aldiz heldu dio lan honekin, eta esan behar, hobetzekorik baduela aipatzea beharrezkoa den arren, ez duela lan makala egin. Liburuko protagonistari, Igantziri, borroka armatua gogoan duela eta Parisen ETAren deiaren zain dagoela, honako esaldi hau datorkio gogora: “Iraultzak bere semerik onenak irensten zituk. Agian ni ez naik irentsiko onenetakoa naizelako, baina onenetakoa izango nauk irentsiko nauelako”.

Antzekorik pentsarazi digu guri Urrujulegiren Arragoa honek. Alegia, zalantzarik gabe, hau ez da gure literaturaren emaitzarik onena edo onenetakoa. Ez da onenetakoak direlako berehalakoan irensten ditugun liburu horietakoa, baina aitortu beharra dago berehalakoan irentsi dugula. Hasieratik bukaerara, eten luzerik gabe. Horregatik, beharbada, datorkigu gogora iraultza ardatz duen Igantziren gogoeta: “Onenetakoa izango nauk irentsiko nauelako”. Liburua irentsi dugu. Ados. Hortik onenetakoen artean sailkatzeraino, ordea, bada biderik eta bide hori aztertu behar dugu jarraian.

Liburu atsegina da Urrujulegiren lehen eleberri hau, gustura irakurtzen den horietakoa. Dena dela, tarteka orrialdeak soberan dituela esatera ausartuko gara. Haria bera interesgarria da. Hariari alde egin eta beste zerbait kontatzen, deskribatzen edota aurkezten hasteak, bestalde, liburuaren kalitatearekin zerikusirik ez duela ere askotan erakutsi digute horretan abilak diren idazle askok, eleberrigintza berriak abenturaren kontatzea kontatzearen abentura bihurtu zuenetik batik bat. Urrujulegik horretan huts egin du. Haria utzi eta beste kontuekin hasten denean egiten da astunena irakurketa. Egia esateko, haria ez du bere horretan uzten. Ez. Zeharka baizik ez du alde egiten istorio nagusitik. ETAren mintegia oinarri duen atalean, esaterako, mintegi horretan esandako guztiak dakarzkigu idazleak. Oinarri teorikoak eta Euskal Herriaren historia elkartuz, eta ikuspegi ezberdinen arteko eztabaida gehituz osatzen dira mintegiari dagozkion orrialdeak. Esan bezala, ez dira zehatz-mehatz istorio nagusitik at dauden orrialdeak baina, funtsezko hari hori aitzakia hartuta, dauden moduan aurkeztuta ez diote laguntzen irakurketa biziari. Mintegiaren atala, ordea, ez da esan duguna bermatzera datorren adibide bakarra. Badira gehiago ere.

Igantziren haurtzarotik hasi eta preso erortzen den aldira arteko arragoa kontatzen digu Urrujulegik eleberri mardul honetan. Arantzazuko ikasketekin hasten da lehen atala eta, hortik aurrera, Igantziren gaztaroa ardatz duela, Euskal Herriaren oinazeak eragiten dion sua barne-barnean daramanaren bizitza kontatzen zaigu orrialdeotan barrena. Egia da istorio bat kontatzeko era ezberdinak daudela, liburu bat idazteko milaka modu dauden bezala. Urrujulegik kontatutako istorioa ez da berria gure literaturan. Ez da lehen aldia ETAko militante baten nondik-norakoak eleberriratzen zaizkigula. Halabeharrez, Txillardegiren Exkixu dugu gogoan. Han ere, Arragoa honetan kontatzen zaigun antzeko istorioa biltzen da. Egitura ere antzekoa da bietan: gaztaroa, aberriaren sua, atzerria, amodioa, ETAko aldia, tortura, ekintza armatua eta, horren ondorioz, protagonista erortzea.

Urrujulegik, ordea, irakurketa atseginerako bidea eman badigu ere, Txillardegiren Exkixu hark zuen indarra ez du lortu. Lan honen kalitate literarioan, beraz, istorioak ez du zerikusirik —abertzale usaina duen oro gorroto duten zenbait kritikok aurkakoa esango badu ere—. Gora-beherak ditu liburuak, besterik gabe. Batzuetan, erraz, gustura eta harriduraz irakurtzen da; bestetan liburua astunagoa eta ahulagoa egiten da. Oro har, Arragoa ez da geratuko onenen artean, baina bai erraz irensten diren liburu atsegin horien artean, kasu honetan borrokaren lekukotasuna iraganaren arragoan urtuta.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak