kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Olerkiak / Esteban Urkiaga, "Lauaxeta" / Euskal Editoreen Elkartea, 1991

Ahaztu behar ez den poeta Jon Eugi / Euskaldunon Egunkaria, 1997-06-21

Iazkoa Lizardiren urtea izan zen gurean. Hainbat ekitaldi antolatu zen Euskal Herriko zenbait herritan haren jaiotzaren mendeurrena zela-eta. Bada, aurten ere gerra aurreko beste olerkari handi baten urteurrena betetzen da, hain zuzen Lauaxetaren heriotzarena, hurrengo asteazkenean, ekainaren 25ean beteko baitira 60 urte indar frankistek afusilatu zutela. Ez da parada txarra, beraz, bera ezezik bere literatur lana ere gogoratzeko.

Arrats beran izenburuko liburua 1935ean argitaratu zuen Esteban Urkiaga Lauaxeta-k. Lau urte lehenago plazaratu zuen Bide barrijak haren ondorengoa da. Liburu hura berritzailea izan zen, erromantizismo eta sinbolismoaren haizeak ekarri zituelako euskal literaturara. Horrexegatik kritikak jaso zituen, maila jasokoa zelako eta ulergaitza egiten zelako. Liburuaren sarreran aipatzen den bezala, eztabaida latzak izan ziren garai hartan kontu horren inguruan: poesia erraza edo poesia zaila, zein zen egin behar zena, zein zen orduan gehien komeni zena. Joxe Ariztimuño Aitzol euskaltzaleak, adibidez, poesia erraza egiteko aholkua ematen zuen, literatura ahalik eta jende gehienarengana heldu zedin. Badirudi eztabaidek eragina eduki zutela idazle bizkaitarrarengan eta Arrats beran honetan badago poesia errazagoa egiteko nahia. Horrela, bertsoaren moldeetatik hurbil dauden poemak aurkituko ditugu, batere arazorik gabe irakurtzen direnak.

Lauaxetaren poesia ez da taxukera askekoa, erriman oinarritzen den poesia da. Horren ondorioz, bere poemetako edukia formara errenditzen da: azaldu nahi duena errimaren pean jarrita adierazten du. Hala eta guztiz ere, nahitaez errimatu behar hori gora-behera, Lauaxetak maisutasunez lortzen du bere poemetan bere sentikortasuna islatzea. Baina Laukinizen jaiotako olerkariak ez die uko egiten liburu honetako lanetan Europako literatur korronteei. Horrela, sarri askotan modernismoaren eta sinbolismoaren arrastoa sumatzen dugu.

Aipatu beharra dago zenbait poema ez direla errazak egiten ulertzeko lehen irakurraldian. Lauaxetak darabilen bizkaierak, eta bizkaieraz kanpoko euskalkietatik hartutako hitzek ulermena zaildu egiten dute eta poema batzuk behin baino gehiagotan irakurtzera behartuta izango gara konprenitu nahi baditugu. Ulermena errazten ez duten arrazoien artean erabilitako idazteko arauak daude, garai hartan ez baitzegoen euskararen batasunik. Horretan ordutik hona egin dugula aurrerapausorik antzematen da.

Olerkari abertzaleak bertako gaiak, gertuko lanbideak eta hemengo jendeen berri jasotzen du bere poemetan. Present da baita ere euskal aberriaren kezka. Ez dugu ahaztu behar idazleak hitzaurrean azaltzen duela horretxek bultzatu duela idaztera: “Erri onenganako maitasunak olerkijetara nauzu”. Ildo horretakoa da Mendigoxaliarena poema, beharbada denen artean ederrena, ez bakarrik lantzen duen gaiarengatik, baita Lauaxetak jartzen duen sentimentuagatik eta poemaren garapenarengatik beragatik ere. Poema horrek gordetzen du bere baitan Dana emon biar jako / matte dan azkatasunari leloa, euskaldun askok ezagutzen duena, baina egilea nor den jakin gabe. Nabarmengarria da, halaber, ildo berean, Amaiurko gazteluaren menperaketa kontatzen duen olerkia: Amayur gaztelu baltza.

Beraz, Euskal Editoreen Elkarteak Klasikoak sailean argitaratutako liburu hau kontuan hartu behar dugu. Izan ere, denboran aurretiaz idatzi diren liburuak ezagutu eta irakurri behar ditugu, gaur egungo literaturari heltzeko. Liburu hau ez da horretarako aukera txarra, baditu poema bat baino gehiago irakurzale eta irakurzale ez den euskaldunak ezagutu beharko lituzkeenak.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak