kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Ahotsak / Mikel Hernandez Abaitua / Erein, 1996

Hamaika kolore Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-05-17

“Zein goibelak diren norabide bakarreko errepideak”. Hori horrela idazten duena Mikel Hernandez Abaitua da, bere azken liburuan. Zertaz ari den? Liburu txiki horren argudioa (txikia tamainaz, ez edukinetan edo hausnarketetan) lerro gutxi batzuetan azaltzea ez da lan erraza, nahiz eta ipuin bilduma horren haria garbia izan: liburuak, lehenengo pertsonan lau istorio kontatzen dizkigu, eta laurak gai beraren inguruan dabiltza: ETA.

Non dagoen liburuaren zailtasuna? Liburuaren perspektiban, ipuinak gai beraren inguruan ibiltzen badira ere, lau istorioak oso desberdinak direlako, ikuspegi ezberdinak azalduz. Hala ere, hitz batek definitu beharko balituzke, hau indarkeria izango litzateke. Lau istorioak ETAk egindako ekintza desberdinen inguruan mugitzen baitira.

Agian tonu hori aldatzen duen ipuin bakarra azken istorioa da, liburuko luzeena eta nire iritziz mamitsuena eta interesgarriena. Bertan, indarkeriaz gain, ETAren egoeraz eta jarreraz ere hitz egiten da, ipuin horren ahotsak bere iritzia garbi azalduz. Bertan, lagun batek beste bati idazten dion eskutitza azaltzen zaigu; biak idazleak dira, eta bat, eskutitza jaso beharko lukeena, ETAko kidea da.

Liburua oso ondo idatzita dago. Tamaina txikia badu ere, estilo aldetik oso aberatsa da. Hernandez Abaituak pertsona bakoitzaren muinean sartzen eta ahotsa hartzen egin duen lana guztiz txalogarria da. Ipuin guztietan Hernandez Abaituaren estiloa antzekoa bada ere (zuzena, gordina), gure aurrean ahots ezberdinak daudela sinistarazten digu.

Estruktura aldetik, narrazioaren egitura lau ipuinetan azken momentura arte gordetzen du eta, gaiaren interesaz gain, istorioaren beraren misterioa mantentzea lortzen du, bukaeraraino jakin gabe zer gertatuko den; eta hori ere ez da lan erraza, lehen esan dugun bezala, lau ipuinak gai bera jorratzen dutelako.

Oso kuriosoa eta bitxia egiten zaizkit, halaber, azken bakarrizketan laugarren ahotsak botatzen dituen iritziak literaturari buruz. Ez, ez pentsa lekuz kanpo dagoenik, hariarekin ere oso ondo erlazionatuta baitago, baina gai aparte bezala atera nahiko bagenu, ez luke interesa galduko. Burutazio eta teoria interesgarriak dira, gehienak literaturako tendentzia errealista eta modernoen inguruan, baina baita narratiba, etiketak, zoriontasuna, edertasuna eta beste gai batzuei buruz ere.

Hernandez Abaituaren aurreko lanak irakurri eta gustatu bazitzaizkizuen (Panpinen Erreinua, Ispiluak, Etorriko haiz nirekin? eta Bazko arrautzak), hau ere ziur gustatuko zaizuela. Bai tonu, estilo eta gai aldetik, lehen jorratutako bidea jarraitzen du, baina nire iritziz lehen izaten zituen gora-beherak gabe. Ez baduzue idazlea ezagutzen, hau duzue aukera ezin hobeagoa, liburu laburra (tamainaz soilik) eta irakurterraza baita (estiloan behintzat).

Hernandez Abaituak lan txiki eta bitxi horretan Euskal Herriko errealitate politiko eta soziala ezin dela soilik txuribeltzean aztertu eta begiratu defenditzen du. Zinema lehen txuri-beltzean filmatzen bazen ere, pelikula horietako argazkiak grisez josiak zeuden; txuria eta beltza hitzak filmeak orokorrean izendatzeko erabiltzen ziren bakarrik.

Agian egun Euskal Herrian berdin gertatzen da, maiz errealitatea txuria edo beltza ikusten dugu, edo ikusi nahi dugu, eta Hernandez Abaituak honako lan honetan gris asko eta desberdin daudela esaten digu. Eta bere ipuin txiki horiek definitzekotan hau izango litzateke tonu egokiena: grisa, baina ez gris bakarra, gris ugari eta ezberdinak baizik; gris bat ahots bakoitzarentzako.

Hernandez Abaituak honela hasten du liburua: “ETAk hil zuen gure ikasleari / Poliziak hil zuen lagunari / Bakea benetan bilatzen duten guztiei”. Ea laster txuriaz, beltzaz eta grisaz gain, errealitatea ere beste hamaika kolore desberdinetan ikusteko gai izaten garen.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak