kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zapata-ren oihana / Iñigo Aranbarri / Susa, 1997

Historiaren aurka Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-04-26

Susa argitaletxeak azkeneko bi urte hauetan kaleratu dituen liburuen artean, hiru lan merezi eta erakargarri argitaratu ditu: Koldo Izagirreren Ez duk erraza, Konpai!, Imanol Murua eta Humberto Unzuetaren Suetena Belfasten, eta, gaur hizpide dugun, Iñigo Aranbarriren Zapata-ren oihana. Hiru liburuak bereziak dira, ezin direlako jenero bakar batean sailkatu, eleberria eta bidai liburuen artean daude.

Alde batetik, bidai liburutzat har dezakegu, hiruretan herrialde batean bizitako esperientziak kontatzen baitira (Kuba, Ipar Irlanda eta Chiapas). Baina bestetik, ez dira ohiko gida liburuak. Bertan ez ditugu aholkuak, hotelen zerrendak edo monumentu interesgarrienak aurkituko. Ez. Nahiz eta bidaietan oinarrituak egon, eleberri baten estrukturari egokitzen saiatzen dira (Suetena Belfasten ez hainbeste). Baina ezin ditugu kontsideratu eleberriak ere. Nolabait esateko, tarteko jenero batean kokatzen dira, arnasa bi iturri desberdinetatik hartuko balute bezala.

Bestalde, Zapata-ren oihana hau Iñigo Aranbarriren laugarren lana dugu. Guztiak Susa argitaletxeak plazaratu ditu: bi poesia liburu —Jonas Poisson eta Dordokak eta elurrak— eta eleberri bat —Emon biar yako, interesgarria—. Oraingo honetan, Chiapasera egindako bidaia azaltzen digu. Aranbarri, Chiapasko La Realidad-en izan zen iaz, EZLNk antolatutako Gizateriaren Alde eta Neoliberalismoaren Kontrako Topaketetan. Liburua, beraz, han bizi, entzun eta ikusitakoen kontakizun nobelatua da.

Hasierako beste bi liburuekin konparatuz, batez ere Izagirreren lanarekin parekatu dezakegu Aranbarriren liburua. Baina beste bi lanetan, idazleen ikuspegiak nabariagoak baziren, Aranbarrik ez dizkigu honako honetan gauzak hain garbi uzten.

Aukera honek bere alde txarrak eta onak ditu. Onak, liburua oso irekia gelditzen dela. Idazlearen iritziak eta sentimenduak bizitzen ditugu, batzutan garbi uzten dituelako, baina beste askotan ate bat, agian eszeptizismoaren atea, zabalik uzten du.

Baina hau, filosofia edo ikuspegi bezala txalogarria bada ere, liburuaren egiturari momentu askotan ez dio onik egiten, irakurlea maizetan erreferentzia faltan aurkitzen delako. Chiapasko arazo larria zoritxarrez ez da gure komunikabideetan beti berri protagonista izan, eta oraindik ezezagun ditugun gauza asko daude, eta liburuan hauetako anitz jakintzat ematen dira. Xehetasun honek ez dio liburuaren azken emaitzari kalte egiten, baina bai bere irakurketari zailtasunak jartzen dizkiola. Ondorioz, liburuaren irakurketa oso gomendagarria dela esan badezakegu ere, —ahaleginak merezi du— hobe jakinaren gainean egotea.

Aipatu behar da liburuaren edizioan ere lan oso txukun eta ederra egin dela. Liburua zainduta dago. Liburuaren atal bakoitza argazki edo marrazki batekin hasten da eta, bukatu, berriz, beti lagungarria den biografia edo komentario batekin.

Aranbarrik liburu hau idazteko orduan aukeratu duen estiloa oso aproposa eta egokia da. Chiapaskoak bezalako arazoek, zapatistenak kasu, normalki ez diete gurean iritziei zalantzarako batere lekurik uzten. Oraingo honetan ere idazleak, beraien alde jartzeko orduan, ez du dudarik izan, baina berari sortutako kezka guztiak azaltzen zaizkigu, eta hau eskertzekoa da, denok ditugulako kezka horiek.

Chiapas, zapatistak, indigenen eskubideak, eremu murritzeko hizkuntzen defentsa… hori guztia baino gehiago ere badago liburu honetan. Bertan, irabazleen logika bat eta mundutik kanpo badagoela beste mundu eta logika bat erakusten zaigu, eta guztia historiako klaseetan irakasten ez den sentimenduaren begiekin ikusita dago. Aranbarrik berak, zapatisten aurpegi estalietan ikusten dituen begi horiekin: “Begi batzuk historiaren kontra”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak