kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Denboraren memorian / Oroimen bizi eta margulduak / Iñigo Iruretagoiena / Mirari Garcia de Cortazar / Bermingham, 1997

Denboraren oroimenak Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-04-19

Pasaiako Udalak antolaturiko X. Pasaia Hiria Lehiaketan 1995ean lehen saria eta aipamena jaso izan zuten poema bildumek osatzen dute berriki argitaraturiko liburutto hau. Bi egile ezberdin eta, beraz, bi idazmolde ezberdin biltzen dira bertan.

Iñigo Iruretagoienaren Denboraren memorian poemategia izan zen aipatu lehiaketa eta urtean lehen saria jaso zuena, eta bera da txukun argitaratutako lan honetako lehen orrialdeak betetzen dituena ere. Gaztea da Iruretagoiena, 1977an jaioa. Hasieran Lubaki eta gero Kaiero osatu dutenen laguna eta talde horietako partaidea. Dena dela, zarauztarrari poemaren bat edo beste irakurri izan badiogu ere aldizkariren batean, hau da argitaraturiko bere lanik trinkoena. Hamabi poemak osatzen dute Denboraren memorian, eta oraingoan irakurleak antzeman dezake Iruretagoienaren poesiak duen maila. Gazte honek lehendik argitaratutako poema solteren bat irakurri izanagatik ezezik, Cano, Berasaluze eta Iruretagoienak berak prestatu duten Bi itzal ikuskaria ikusi izanagatik ere ezagutu dezake norbaitek egile hau. Esan beharra dago, hala ere, musika, poesia eta bideo irudiak nahasten dituen Bi itzal horretan ezagutu daitekeen Iruretagoiena eta orain hizpide dugun poemategian aurki daitekeena arras ezberdinak direla. Euskal Herriko gatazka dute mintzagai oraintsu aipatu hiru lagunek beren ikuskarian. Amodioa eta natura dira, berriz, Denboraren memorian osatzen duten hamabi poemen ardatza, Euskal Herria ezertarako aipatu gabe.

Bertan, ez da egilearen kokapen geografikoaren inongo arrastorik. Poesia unibertsal baterantz jotzen du idazleak eta unibertsaltasun horretan munduan barrena galtzeko beldur denari amodioa uzten dio iparrorratz modura, literaturaren mapak lagun. Nahikoa narratiboa da bere poesia, beti ere irudi indartsuak agerian direla. Bertsolerroak, berriz, landuak dira eta hori berehala nabarmentzen da irakurketan. Idazkera biziki zaintzen duen egilea dela Iruretagoiena, alegia. Errimarekin asko jolasten du eta, sarritan, ondorioz baita emaitza ederrak lortu ere: “Tristura ez den beste gauzarik nahiz ez jaso zuregandik / ene zainetan odolik ez da amodioa besterik / betiereko penaren zeldan naukazu kondenaturik / denbora eta zure girgilu handi birekin loturik”. Apurka bada ere, idazle berriak agerian jartzean ari den belaunaldi horretan kontuan izan beharreko izena da Iruretagoienarena.

Ezberdina da Mirari Garcia de Cortazar donostiarraren poemategia. Iruretagoienarenaren aldean, ez da hain landua. Zarauztarrarena hobea dela esango genuke, literarioki behintzat. Hiztegiaren erabileran trebatua dela erakusten digu Garcia de Cortazarrek baina, gainontzean, ez diegu indar gehiegirik antzeman haren hitzei. Hala ere, ukaezina da tarteka irudi aski ederrak dakartzatela lan honetako bertsolerroek eta zenbait poema ere aipagarriak dira, Olatu bakoitzak esaterako: “Olatu bakoitzak / ekarri ohi du hondartzara / poema bat; / erdia, hemen / itsas ertzean / uzten du / beste erdia / berarekin darama, / beste portu batean errezitatzeko. / Eta ni / poema osoa entzuteko zain / egoten naiz. / Eta olatuak / beti / poema bat / ekarri ohi du / eta poeta bat / eraman”.

Liburu xumea da hau, apala. Bi poemategi biltzen dituena, bata bestea baino indartsuagoa. Ez da ahaztu behar, hala ere, lehiaketa batean saritu ostean argitaratutako lanak direla, argitaletxeak “literatura lehiaketa ugarien inguruan sorturiko lanak jende aurrean zabaldu nahi” dituelako sortutako sailean. Beste behin, beraz, eskertzekoa eta nabarmentzekoa Bermingahm etxearen ahalegina.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak