kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Elgeta / Joxean Agirre / Kutxa, 1996

Mirespenaz eta maitasunaz Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-04-19

Eleberrian, idazleak berak honela aurkezten digu liburua: “Jaioterririk, etxerik, familiarik eta federik gabeko gizon baten historia kontatzen da nobela honetan, Elgetak ez baitu bere bizitzan eskuetan daraman soinu txikia eta maitasun urrun bat beste heldulekurik. Elgeta soinujolearen bizitzako pasadizu batzuetan inspiratzen da, baina ez dut, hurrik eman ere, haren bizitzarik kontatzen. Edozein modutan, irakurleak aise somatuko du gizon horrekiko dudan mirespen eta maitasuna orrialdeotan, nahiz eta hori, besterik gabe, nobela bat egiteko orduan laguntza baino gehiago oztopo den”.

Miresten eta maitatzen diren pertsonaiez hitz egitea zaila egiten da. Baina hau ez da soilik pertsonaiekin gertatzen, gustuko dituzun liburu edo arte lanez iritzia eman behar duzunean ere ez baita erraza izaten. Askotan gertatzen da. Besterik gabe atsegin dituzun filme, koadro edo olerkien aurrean usteak ematea ez da zaila, baina hainbeste plazer eman dizun filmeaz, eskulturaz edo eleberriaz nola hitz egin? Zer esan? Nola adierazi mirespena eta maitasuna?

Joxean Agirrek, umiltasunez, istorioak kontatzeko orduan maitasuna oztopo izan daitekeela dio bere eleberrian. Iruzkin hau idazterakoan, Agirreren nobelak zenbat hunkitu nauen adierazteko, antzeko arazoekin aurkitu naiz. Ez dut hitz egokiekin topo egin eta, uste dut, hitz hauek liburuak berak duen edertasunari ez diotela ezer berririk gehituko.

Zer kontatzen digu liburuak? Elgeta soinujolearen historia. “Badaude bakardadea baino areago erbestea sufritzen duten pertsonak, ez herriminez bizi direlako, ez jaioterritik urrun, ibili diren lekuetan arrotz sentitu direlako baizik”.

Zergatik? Galdera guztiek ez dute erantzunak. “Ertzak gastatuxeak zituen argazki horri begira neure buruari galdegin nion ea zergatik gizon batzuei ematen zaien izaki hauskor bezain eder horiek besarkatzeko zoria eta besteoi, berriz, begiratu bai baina dastatzeko debekua”.

Badaude erantzunak lortzeko beste bideak ere. “Musikan ere pieza bakoitzak bere baitan gorderik darama oroitzapenik zaharrenak berpizteko giltzarria”. Maitasuna ez baita inoiz agortzen, batez ere min egin duenean. “Hamar urteren barruan maitasuna itzali egiten da, baina nolabaiteko fideltasun batek eta samurtasunak hartzen dute haren lekua”.

Baina zein da maitasunaren sekretua eragin hau izateko gizakiengan? “Komentzituta nago gestoa dela gure adierazpenik indibidualena edo, zehatzago esateko, gestoak egiten gaituela nor. Emakume baten aurpegia gusta dakiguke, lilura gaitzake, baina gestoak bakarrik inarrosiko digu barrena”. Horregatik, Elgeta, bizitzeko gaua eta ezbeharra behar zituen gizona zen. “Iheska bezala ibiltzen omen zen edo itzalgaizka, bizien mundura ustekabean agertu eta berriro itzultzeko bide bila dabilenaren tankeran”.

Ezinezko maitasunak gustukoak badituzue, edo noizbait min egiten duen irribarre horietako bat sentitu baduzue, hau zuen liburua da. 1995ean Irun Hiria Saria irabazi zuen eta, zoritxarrez, lana argitaratu duen fundazioak argitalpena ez du gehiegi zaindu, baina berdin dio, eleberri zirraragarri honek denborarekin bere irakurleak aurkituko ditu.

Asko gustatu zaizkidan liburuek eragin berbera izaten dute beti nigan. Testua, esaldiak, hitzak, nire oroimenean murgiltzen joaten dira, baina ez galtzen, bidaiatzen baizik, nire adimenarekin eta irudimenarekin elkarrizketa goxoak izaten dituzten bitartean. Ni, orduan, hitzek ihes egiten didaten neurrian, irudiekin gelditzen naiz, sortu ditudan irudiekin. Eta azkenean hori gelditzen zait, baina horretarako liburu honetan azaltzen diren bezalako hitzak behar ditut.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak