« Literaturaren gainean | Irakurleak aise egiten du bat protagonistarekin »
Onsa hilceco bidia / Iuan de Tartas / Deustuko Unibertsitatea, 1995
Benetako klasikoa Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-03-08
Bada hiru mende luze, eta hamarkada gehiago, Iuan de Tartas idazle zuberotarrak Onsa Hikeko Bidia erlijio liburua argitaratu zuela, 1666. urtean hain zuzen ere. Euskal literaturaren liburu guztien artean, klasikoak ere kontuan hartuta, zailenetakoa hizpide dugun Tartasen hau dela luzaroan eta askok esan izan dute. Inprimategian, lehen argitalpen hartan, hutsegite eta errakuntza ugari egin zituzten, dirudienez, bertako arduradun edota langileek euskaraz ez zekitelako, eta egileak nahiko zukeen testu garbia akatsez estali zuten. Haiek guztiak xahutzen ahalegindu da Patxi Altuna euskaltzaina, liburuaren atzealdean bertan adierazten den moduan.
Altunak berak paratu du Onsa hilceco bidia honen edizio kritikoa. Ez da, hala ere, irakasle eta euskaltzain prestuak Tartasi eskainitako azken azterketa, duela zenbait aste eman baitu argitara egile beraren Arima penitentaren occupatione devotac: Orationia, Barura eta Amoyna lanaren edizio kritikoa ere. Gaurkoan, ordea, hainbat filologok eta filologo ikaslek aztergai izan duten —oraindik ere izango dute ziurrenik— Onsa hilceco bidia ezagunari helduko diogu. Liburuaren tesia, azalaren atzealdean aitortzen denez liburuan barrena errepikatzen dena, hauxe da: “Ongi hiltzeko biderik onena heriotzaz maiz oroitzea da”. Lehen lerroetatik bertatik —Gomendiosco lettra eskaintzak hartzen ditu hauek—, XVII mendeko hizkerarekin aurkitzen da irakurlea. Hizkerari dagokionez, hain zuzen ere, honela dio Tartas berak Iraccurtçaliari egindako hasierako eskutitzean: “Ene euskara eta lengagia eztakit aprobatia izanen denez, bai ala ez. Badu orotarik zerbait. Zuberoak, Basanabarrek eta Lapurdik eman drauco zerbait, bana ez oro. Aruen egin dut neure pieza pobria. Hanko lengagia ezpada aski eder, hanko euskarak du ogena, eta ez euskaldunak”.
Altunaren bi hitzaurre ditu liburuak. Lehena, Hurbil saioa, edizio zaharrari dagokio, eta bertan, egin behar izan diren bi lanak zehazten dizkigu euskaltzainak. Bata, “testua bera finkatu” eta, bestea, “hura bera gaurko grafiara aldatzerakoan nola transkriba eta nola alda erabaki”. Zazpi urte atzera, Onsa hilceko bidia-ren lehen bi kapituluen edizio kritikoa eman zuen argitara Altunak eta orduko testuari eginiko atarikoa da hitzaurre hau. Liburu osoaren edizio kritikoaren hitzaurrea da bigarrena, izenburuari begiratuta azalpen handirik eskatzen ez duena. Bertan, “liburu zaharrak diren bezala argitaratu behar direlako, eta ez zatika eta zatiturik, liburu osoaren argitalpena dakart oraingo honetan antzineko lotsa eta beldurra aizeaturik” argitzen digu Altunak. Baita irakurleak aurkituko duenaren aurrerapena eman ere. Hots, ezker aldean, Tartasen lanaren faksimila eta eskuin aldean testu garbitua.
Hau, Altunak zehazten duenez, “agian autoreak nahiko zukeen bezala eta inprimategira bidali zuen eskuzkoa bezalatsu; segurki gaurko euskal filologiako irakasle askok bere eskoletarako nahiko duten bezala”.
Tartasen testua bera zaila egiten da. Interes filologikoarekin hurbiltzen dena atseginezko itsaso batean murgilduta sentituko da orrialde guztietan barrena. Euskara gardenaren garaietan galduta, irakurketa ohorezko ariketa bihurtzen da. Ez da literatura moduan irakurtzeko lana. Literatura bila dabilenak nekez aurkituko du atsegin handirik orrialdeotan. Hala ere, aurkitu diogu egungo literaturan garrantzia hartzen ari den ezaugarri baten arrasto nabarmena. Testuartekotasunaz ari gara. Ebanjelistak, apostoluak eta klasikoak kontuan hartuz aztertu behar da Tartasen lanaren testuartekotasuna, erreferentzia biblikoz josia.
Amaiera aldera, eranskinak ditu liburuak, besteak beste liburu honetako adiztegia eta hitz ezezagunen multzoa bilduz. Euskal hizkuntzaz gozatu nahi duenak eta bertan sakontzeko asmorik duenak gogoko izango du liburua.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera