kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Letrak kalekantoitik / Anjel Lertxundi / Alberdania, 1996

Bitan eder Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-03-01

Behin batean Ifrentzuak izeneko tetralogia paratuko zuela agindu zigun Andu Lertxundik eta, gizon honi bai mihitik, hiru liburu ekarri dizkigu dagoeneko, oraingoz azkena denaren izena, hirugarrenarena, Letrak kalekantoitik izanik. Laugarrena ere aurki izango dugu, ziur, tartean Andu Lertxundik berak aipatzen dituen gaizto horietako batek eragotzi ezean. Ez bedi halakorik ager! Baina, adi irakurle, Letrak kalekantoitik hori argitalpen dataren arabera hirugarrena bada ere, liburua besteak baino askoz antzinakoagoa bide da, asmoz behintzat, egileak berak esaten duenarekin bat.

“Guztiz ezinezkoa egiten zait —diosku egileak hitzatzetzako jarri duen Ohar Bibliografikoan— azken urteotako irakurketen in margine-ko zehar jasotako ohar, fitxa eta apunteen berri zehatza ematea: lapitza alboan dudala egin izan ditut beti irakurketak, eta asmo jakinik gabeko ohar horien guztien ugaritasunak erru handia izan du eskuetan duzun liburu hau inesistentziaren ilunbetik Babelgo argira ateratzeko orduan”.

Irudi ederra, Babelgo argiarena. Babelen aipu horretan, aldiz, Lertxundik Bibliako hari buruz barik Borgesen liburutegiaz diharduela uste dut. Badirudi egileak zeharkako bidez abisua helarazi nahi digula, “hona beste liburu bat Babelgo argira ekarria, hots, askoren arteko beste bat izatera kondenatua”; gainera, garai batean Babelgo hizkuntzen artekoa omen zen euskara honetan ekarri behar liburua, esatea legez, bitan alferrikakoa nire ahalegina. Ez dakit nik Borgesen bibliotekan zein leku izango lukeen liburuak, baina euskaldunon Babel apaleko apalategietan leku berezia merezi duen liburua dugu oriotarraren azkena, ostera. Bada, bitan ederra egilearen ahalegina, argitara ekartzearren, eta euskaraz ekartzearren.

Etorri ere Babelgo argitara datorren hau, zertara eta alegiazko Babel harenaz geroztik auziharri izan dugun hitzen nondik norakoa, hitz orok duen aurkia, ifrentzua eta kantoia, begiradaren dirdiraz argiztatzera datorkigu. Haatik, nolakoa da Andu Lertxundik hitzentzat duen begirada argiztatzaile hori, aurkia eta kantoia bilatzen dakiena? Lehenik eta behin, idazlearen zereginean hitza jainko dela konturatu denarena da haren begirada, maitasunezkoa. Bigarrenik, jainkoa, hitza, maitasunik gabe erabili dutenen aurkako mendeku-suz pizten dena da haren begirada, ironiatsua, irri-eragilea, larrutzailearena. Hirugarrenik, iragana eta oraina uztartzen dituen harri hori zein ote, jakin nahi lukeen filosofoarena, gogoetatsua. Beraz, maitasuna, ironia, irri-gura, zikirakada, mendeku-mina eta gogoetak ditu irakurleak Letrak kalekantoitik izenekoan.

Babelen asko omen dira Anduren liburuaren antzekoak. Egileak berak aitortu digu, zorioneko Ohar Bibliografikoa horretan berriro ere; eredu jakin batzuk izan zituen begibistan. “Aipa ditzadan lau —diosku—: Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa, Iribarrenen El porqué de los dichos, Claude Duneton-en La puce à l’oreille eta Nestor Lujan-en Cuento de cuentos“. Idazleak bere zereginaren gaineko iritzi kritikoa bitan aipatu dudan Ohar horretan agertzen denaren erakoa izanik, alferrik dira beste inoren hitzak.

Amaitzeko, liburu hau edozein orrialderi ekinez irakur daitezkeen horietakoa dela esan behar da, denborak ondu egingo diguna, Azkueren Euskal Erriaren Yakintza haren osteko dotore-galanta.

Bitan amaitzerik ez dagoen arren, ezin aipatu gabe utzi Olariagaren lana. Orrialdeetako behe-ertzetan irudi minimal batzuk ageri dira. Berak paratu dituen testuei Andu Lertxundik glosa iritzi dien era berean, gaiaren harira Olariagak egin dituen irudiei ere benetako glosa eder iritzi diet nik. Hala bada, bitan eder liburua.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak