kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Emakumeen gerlak / Pako Aristi / Erein, 1996

Emakumeen ahotsak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-02-22

Orain dela hiru urte, Pako Aristik Auto-stopeko ipuinak liburua argitaratu zuen. Bertan, idazleak hogeita hamaika errelato aurkezten zizkigun, guztiak lehenengo pertsonan idatziak, eta auto-stopeko ekintzaren inguruan oinarrituak. Nik liburu hura oso gustura irakurri nuen (ez baduzue irakurri, zeharo gomendagarria da), eta bere garaian Aristik hartutako lana, hau da, hogeita hamaika pertsonaiaren barnean sartzea, miresgarria iruditu zitzaidan. Hala ere, autostopeko ipuin haietan, askotan Aristi beraren ahotsa edo burua nabaria geratzen zen, eta liburuak akats bat izatekotan hau izan zuen, pertsonaia guztien barneraino iristea ez zuen lortu, askotan azalean geldituz. Kritika edo iruzkin hau ez nuen nik soilik egin, lagun askok iritzi berbera izan zuten, eta batez ere emakumeak izan ziren kexu, argudiatuz emakumeen ahotsen tonua ez zuela aurkitzen jakin.

Urteak pasa dira geroztik eta beti pentsatu dut urteen poderioz gauzak hobeto egiten ikasten dugula, eta Aristik oraingoan teoria hau baieztatu egin dit. Bai, bere azken ipuin bilduman, Emakumeen gerlak, Aristik emakume desberdinen ahots eta pentsamenduetan sartzea lortu baitu, eta lehenengo pertsonaren teknika erabiliz, lan bikaina burutu du.

Nolakoak diren Aristik irudikatzen dituen emakumeak? Beno, ez pentsatu emakume arruntak direnik, hots, egunero topatzen ditugunak. Istorio bitxiak dira, baina agian azalean soilik, muinean emakume, gizon eta gizaki gehiengoen beldur asko azaltzen baitira. Literatur jenero baten barruan ipuin hauek bildu beharko bagenituzke, gure hautagaia jenero beltza izango litzateke, baina ez ikertzaile edo misterioaren jenero beltza, baizik eta biziaren alde ilun eta gordinak ongi islatzen dituena.

Jenero mota honek Euskal Herrian idazle eta obra bikainak eman ditu (Edorta Jimenez, Pablo Sastre…), eta aldi honetan Pako Aristi ere barruan sartuko genuke. Ipuin hauek irakurriz Raymond Carver idazle estatubatuarra gogoratu dut, batez ere Menda-erratza ipuina irakurri ondoren (nire iritziz bildumako hoberena), bertan oso ondo adierazten baita bizian zehar behar baino gehiagotan bizitzen den bakardadearen sentimendua, eta bakardade mota asko daudenez, noski, okerrena: bikote barnean sentitzen den bakardadea (Raymond Carverren Katedrala ipuin bilduma euskaraz itzulita dago; gogoratu behar da Carverren ipuinetan oinarritutako Short Cuts filme bikaina ere, Robert Altmanek zuzendua).

Hala ere, Aristik ipuin hauetan, ez du nahikoa izan biziaren alde iluna irudikatuz eta emakumeen ahotsa entzunez, gainera, emakumeen alde jarri da, beraien gora-beherak, kezkak, edo barnean dituzten gerlak ulertuz eta azalduz. Ipuin guztietan ahots hauen aitormenak zirrara sortzen du. Agian emakumeak egunero bizi behar dituzten gerlak ez daude isladaturik, baina nire iritziz Aristik ipuin hauek idazten egin duen lana itzela izan da. Norbaitek gizonak ezin dituztela emakumeen sentimenduak ongi adierazi pentsatzea ere baliteke, nabaria dela desberdintasuna bi sexuen artean. Horretaz asko idatzi eta hitz egin da, ea posible den gizon edo emakume baten idazkeran desberdintasuna nabaritzea, ea gizonak emakumeen sentimenduetan barneratzeko eta hauek azaltzeko gai diren. Ni, orain, hemen ez naiz eztabaida hauetan sartuko, baina Aristiren kasuan desberdintasuna egitea zaila dela uste dut.

Ipuin bilduma bikain hau Milabidai sailean argitaratu da. Gogoratu behar da sail hauek (Enbido tkikira ere hor baitago) eguneroko abagune, itxaroaldi, bidaia eta, nahi izanez gero, auto-stoperako lagun aproposak direla. Bestela probatu auto-stopa egiten hauetako liburu bat irakurtzen duzuen bitartean. Baietz berehala hartu…

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak