kritiken hemeroteka

6.938 kritika

Azken kritikak

« | »

Kalamidadeen liburua / Joan Mari Irigoien / Elkar, 1996

Surrealismoaren liburua Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-02-15

Zuetako askok,iruzkin honen izenburua irakurri ondoren, zera pentsatu dezakezue: “Beno, orain Liluratura gehigarrian artearen inguruko liburuen iruzkinak egin behar dizkigute?”. Ez ba irakurle, nahiz eta surrealismoaren filosofiarekin antz handia izan, hemen aurkezten dizuedan liburua eleberri bat da, Joan Mari Irigoien idazlearen azken lana.

Zergatik orduan surrealismo hitza erabili? Surrealismotik errealismotik baino hurbilago aurkitzen baita eleberri hau; umore fina erabili ordez fartsaren tonua erablliz, komedia surrealisten ukituarekin, lotsagabea, ausarta, barregarria, xelebrea… eta karikaturaz beterik baitago (ez soilik Joan Mari Irigoienek idatzitakoak, baita modu bikainean Antton Olariagak marraztutakoak ere).

Eta Kalamidadeen liburua izenburua? Bertan kontatzen zaiguna pertsonaia nahikoa kalamitosoen istorio bitxiak direlako. Hitz gutxitan azalduz, protagonistak familia bateko kideak dira: Ladis, aita; Enriketa, ama; Gorki, aitona; eta Manoli eta Juanita alabak. Liburuak bi zati nagusi ditu. Lehenengoan batez ere Ladis eta Gorkiren istorioak kontatzen zaizkigu, eta nola bi pertsonaia hauek (eta hona hemen izenburuaren zergatia) kalamitate hutsak diren poetak baitira, hau da, ilargitarrak, martetarrak edo plutondarrak, lur honetakoak baino gehiago. Liburuaren bigarren zatian Manoli eta Juanitaz hitzegiten zaigu, eta hauek senarrekin dituzten gorabeherak azaltzen zaizkigu. Bigarren zati hau, lehenengoaren tonu berbera mantendu eta jarraitzen badu ere, ahulagoa da, istorioak berak, argudioak, ez du lehenengoaren interesa eta zirrara sortzen, pisutsuagoa egiten da.

Hala ere, liburu honen gauzarik interesgarriena ez da soilik familia bitxi honen istorioa, baizik eta istorio hauek guztiak kontatzeko egileak erabiltzen duen tonua, lehen aipatu dugun surrealismotik gertu. Horrela, Irigoienek lortzen duena zera da, gainetik bada ere Euskal Herriaren egoeraren azterketa bat, islada bat. Noski, islada edo errainu hau deformatua ikusiko dugu, surrealismoaren betaurrekoak jantzita egungo baituzu, baina hala ere errealitatea ongi ikusteko gai izango gara.

Estilo aldetik esan beharra dago betiko Irigoienekin aurkituko garela, hots, errealismo magikotik gertu eta elkarrizketarako bere betiko abileziarekin. Naturaltasuna eta erraztasuna istorioak kontatzeko eta irakurlea harrapatzeko orduan ere nabaria da, askotan antzeman dioten ezaugarri batekin: zinemaren eragina, batez ere istorioak kontatzeko abilidade horretan, eta bere ikusmen zentzua erabiliz egoerak planifikatzeko garaian (beti pentsatu izan dut Babilonia, bere laugarren eleberria, filme eder bihurtzeko denbora itxaroten ari dela). Desberdintasunen aldetik, apika, ezkertiar nazionalismo ikuspegi nabariagoa antzematen da, baina beti osasuntsuagoa den Grouchoren marxismotik hurbilago Karlenetik baino.

Orokorrean, bere irakurketarekin gozatzen den liburua da, azkenean pertsonaiak maitatzen bukatzen baituzu, eta hori baino seinale hobeagorik ez dago eleberri bat irakurtzerakoan. Eta ez hori soilik, asko pentsarazten dizun liburua ere bada hau. Ni, egia esan, liburua irakurri ondoren gure gaur egungo Euskal Herriaz gogoratu naiz, eta gure jarrera pertsonaletatik hasiz surrealimoaren laguntza ez zitzaigula gaizki etorri bururatu zait, irribarreari garrantzia gehiago emanez, umorea maizago erabiliz, bestela ere gizarte eta errealitate hau nahikoa beltzak baitira. Hala ere, eleberriak zor dezakeena zuek erabaki behar duzue eleberria irakurriz, istorioak eta hausnarketek merezi baitute.

Liburuan esaten zaigu, XX eta XXI, mendeen artean dagoen liburua dela (nahiz eta nik pentsatu XIX eta XXI. mendeen artean dagoela gehienbat), eta bertan hori adierazteko teknika desberdinak nahastu eta erabiltzen dira. Azaltzen zaizkigun pertsonaiak ere zeharo bitxiak dira, eta bertan, ezagutzen ez baduzue oraindik, Txomin-Ipurdi pertsonaia ezagutzeko aukera izango duzue, edo oraindik ez al dakizue zein den Txomin-Ipurdi?

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak