kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Vladimir / Koldo Izagirre / Erein, 1996

Vladimir, gure odolaren gorria Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-02-08

Latza bezain ederra da istorio hau, eta irakurketa bihurtzen den borroka horretan parte hartzea merezi du. Espainiako Gerraren garaietara garamatza Izagirrek, arrano gorriak, Heinkelak eta Junker 52 sabel-handiak zehazki, Vladimir ezezik Gernika ere txikitzera etorri ziren sasoira. Oraingoan, literatura izena du denbora haietara eramango gaituen trenak eta, lehen orrialdetik bertatik, atsegina egiten da bidaia. Polita da leihatilara bidalitako lehen begiratuak dakarkigun paisaia.

Egileak idatzitako postal berean ikusten dira ardiak eta itsasoa. Mareak, ordea, kresala ezezik, ardien gibel-erraiak eta ile-larruak ere aurkezten ditu eta hori “…otsoa dabilelako aztarna da. Otsoa, singularrean, indar kaltekor mitikoak aipatzen diren bezala. Izen propio bat balitz bezala. Vladimir, adibidez…”. Narratzailea istorioan barrena garatuz doan lagun-taldeko partaidea da, oharmena ernalduz doakien gazte horietakoa. Behin, artzain batek ardi izter bat eguzkitan lehortzen aurkitu ondoren, horrelakoak egiten dituena otsoa ez baina arimaduna dela ondorioztatzen dute denek. Gazteak, hura Vladimirren lana dela ohartzen dira eta, “…Menturaz bai, menturaz Vladimir ez zen suntsitua izan eta Bigarren Mundu Gerrateaz geroztik leize batean ezkutatua zegoen yanki bat noiz hurbilduko labana zorroztua zain gerlari nipon bat bezala kukutua Mola jeneralaren atzeguardari jazar egiteko…” idatziko du narratzaileak. Hilabeteak eman zituen gizagajo hark lapak, lanpernak eta karramarroak janez. “Ahulduta, itsasgorak harkaitzetan utziriko gatza milikatzera heltzen ziren ardiak akabatzen hasi zen”. Egoera hori eta horren ingurukoak dira liburuxka honetako hiru atalen arteko lehenengoak hizpide dituenak.

Lirikoagoa dirudi bigarren atalak, Luandari bidalitako gutun baten modukoa. Horko zenbait pasarte gure literaturan gogora ditzakegun orririk ederrenetan idatzita geratzeko modukoak dira. Ohar, bestela, lerro hauei: “… Batera hiltzen ikasi behar izan genuen geuk ere, Luanda, tribukeriarik gabe bizitzen hasteko. Eta dena ez zen Frantziako eta Espainiako Erregeren aitzakia. Gurea ez da lurtarrik gabeko lurra. Artzainek hartzen zuten soro itsasoa, draporik gabe, zigilurik gabe, libre. Postal berean ikusiko dira bagak eta ardiak, eta han, gero eta hangoagoak egiten zaizkidan mendietan, geure odolaren gatza ere bada ardiak milikatzen dutena bazterrean…”. Vladimirren lehorreratzeak aldatu zituen gauzak. “Vladimir hamabostero txatarrarekin etortzen ziren Errusiako ontzi guztien kapitaina zen” eta “bere ontzia beti zen iraultza boiatu bat munduko itsasoetan”. Ontziko ganbaran narratzaileak eta bere lagun gazteek zain izaten zituzten … Plejanov, Lenin, Lunatxarski, Bogdanov, kutxa bete liburu munduko hizkuntza guztietan iraultzaren berri onak herrietan barrena zabaltzeko…” eta Vladimirrek ematen zizkien postaletan gordetzen zituzten Plaza Gorria, Stalin, Leningrado, Bolxoi, Joko Olinpikoetako medailadunak, koljozak eta abar. Naufrago itoen kontuak datoz gero, Kalaxnikov eta karabineroen artean.

Azken atalaren oina batean aurki daiteke: “Gerra ez duk amaitu…!”. Vladimir bizi dela ohartzen dira gazteak eta “… Ez geunden bakarrik. Gure lagun guztiak ez zeuden kartzelan eta hilerrian…” idazten du narratzaileak. “… Erresistentzia zabaldu beharra zegoen, zokoak harrotu, bazterrak sutu, etsaia urduriarazi”. Udalak festetarako ekarritako zezenplaza mugikorrak su hartu zuen gau batean eta, taldeak, poster bat egin zuen egunkari errekortez, plaza errearen argazkiekin. “… Zorro batean sartu eta probintziako egunkarira bidali genuen. Gerra ez zela amaitu. Oraindik ez gintuztela derrotatu. Izanen zutela aurrerantzean gure berri. Vladimir Brigadak sinatua…”. Hortik aurrerakoek osatzen dute hirugarren atala, Heinkelak eta Junker 52 sabel-handiak Vladimir ezezik Gernika ere txikitzera etorri ziren apirila iritsi arte. Orduan isuritako odolak idatzi ditu orrialdeok. Gorriz, ezin beste modu batera izan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak