kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Sisifo maite minez / Laura Mintegi / Txalaparta, 2001

Sisifo maite minez Koldobika Ezberdin / Putz, 2001-07

Eleberri honetako protagonista, Ane, etxera itzuli da bere familiarekin, adulterioan behin eta berriro erori ondoren. Aurretik, bere senarra eta alabak abandonatu eta sabelpeko grinak asetzera abiatu zen oraindik kristautu gabeko herrialde basa batera: Nikaraguara. Jakina, emakumea zenbat eta edanago, egarriago; zenbat eta usatuago, nahiago. Benetako maitasunaz, elizako aldarean altxorrik preziatuena lohitu barik eskontzeaz, hil arteko maitasunaz… ezertxo ere ez.

Hauxe duzue, labur esanda, bekatuaren apologia sutsua baino ez den orri mordo honen funtsa. Eta idazlea, Laura Mintegi, lasai-lasai geratu da nonbait bere pozoina gure artean barreiatu eta gero. Eta Herri hau, dekadentziaren hondoa jo duen herri hau, lasai-lasai geratu da, zirkinik ere egin gabe, emagalbidearen gorazarretan zirriborraturiko panfleto lirdinga honen aurrean. Non dira gure baloreak? Non dira gure jagole behar luketen agintariak?

Eskerrak Putzek behintzat duintasun minimo bati eusten dion, eta zutabe hau uzten didan ardi galduak onbidean jartzeko.

Laura Mintegik, gaur egungo Maria Magdalena damutu gabeak, lotsagarriro agertzen digu bere burua liburuaren azalean bertan. Ez dago aztia izan beharrik Laura liburuko Ane bera dela jakiteko. Eta begiradan ikusten zaio malezia akaberabakoa, bekatua, eta bekatua, eta bekatua, pentsamendu lizunetarako joera eutsiezina.

Liburuan zehar ez da apenas agertzen haragiaren eta fornizioaren deskribapen gordinik. Gizonezkoak emanagoak dira holakoetara. Baina kontuz, eleberriaren mezu subliminala askoz ere kaltegarriagoa baita mila aldizkari pornografiko baino. Seksu kontuetan hagitzez perilosagoak dira andrazkoak gizonezkoak baino. Ondo begiratu beharra dugu egunak joan egunak etorri beti altan (bai, altan, zakurrak baino okerragoak dira eta) dauden emakumeetatik. Azken finean, holakoen helburua zera izaten baita: gizonezkoei gaina hartzea, gizonak euren meneko egitea, euren gainetik agintzea.

Gizonezkoa sortzez da garbia eta aratza. Emakumea ez, emakumeak jarri zuen galbidean gizona, Bibliako genesian agertzen den legez. Gertatzen dena da gizonezkoa ahul eta ahalke dela emakumearen seksuaren aurrean. Emakumeak tentatu egiten du gizonezkoa: erroparik estu eta motzenak erabiltzen ditu bere haragiaren formak nabarmentzeko, begirada lizunak zuzentzen dizkio, balsamoz eta beste halako usainez erakartzen du gizonezkoa… Eta gizon gajoa, ia oharkabean, andrazkoaren sareetan erortzen da.

Beldurgarria da gure gizartean emakumezkoa bereganatzen ari den boterea. Jada ez dago dagokion lekuan, hots, etxean, familia zaintzen, otorduak gertatzen. Beldugarria da ikustea emakumezkoak etxetik kanpo lanean, tabernetan, gure herrietako udaletxeetan, liburuak idazten (!). Baina are beldugarriagoa deritzot hori aldarrikatzeari, defendatzeari. Gaizki, oso gaizki gabiltzan seinale.

Bere senar zintzoa umiliatu, zapaldu eta zikintzearekin nahikoa ez, eta han abiatzen da Ane, gure Ane koitadua, psikiatra bati dena kontatzera. Eta psikiatrarenera munduan bera bezain galduta dagoen laguna eramaten du gainera, sendagilea nahastera. Jakina, psikiatra ere haragiaren tentaldian erortzen da, Aneren lagunak eta Aneren kontakizun lizunek hartaratuta.

Holako liburuak argitaratzen jarraituz gero, ez dakit bihar-etzi hemen izango garen, zalantza handiak ditut, baina bizirik nagoen bitartean, Jaungoikoaren aurrean zin egiten dut ez dudala etsiko, ez dudala burua makurtuko, eta kartsuki borrokatuko dudala Kristoren bildotsen alde, balore kristauen alde eta Laura Mintegi bezalako emakume deabruen kontra.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak