kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bihotz bi. Gerrako kronikak / Ramon Saizarbitoria / Erein, 1996

Bukaeratik hasiz Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-02-01

Orokorrean jendeari, irakurleari, eleberri bat irakurtzeko orduan, edo filme bat ikusterakoan, gehien interesatzen zaiona istorio bera da, hots, eleberriak edo filmeak kontatzen duena, eta noski, istorioaren bukaera. Ondorioz, norbaiti eleberri edo filme bat kontatzen badiozu, honek berehala botako dizu: “Eh, ez pasa, ez kontatu bukaera!”. Horrelakoak bazarete zuek ere, sentitzen dut, Saizarbitoriak bere azken eleberriaren lehenengo orrietan liburuaren bukaera kontatzen baitu; eta nik iruzkin honetan ere liburuaren bukaera kontatuz hasteko asmoa daukat; hona hemen: eleberriaren amaieran protagonistak, gizon batek, bere emaztea hiltzen du leihotik botaz.

Baina orain denok egingo duzuen galdera hau izango da: zertarako bukaera jakin ondoren liburua irakurri? Erantzuna: Ramon Saizarbitoriaren azken eleberri honetan bukaera gutxienekoa da, liburu honen mamia ez dago istorioan, baizik eta istorioa kontatzeko eran. Baina lasai, ez beldurtu, ez hasi pentsatzen liburu pisutsu, metafisiko edo zail baten aurrean zaudetenik, ez, Hamaika pauso, Ene Jesus, Ehun metro eta Egunero hasten delako idatzi dituen idazleak ez du eleberri hau egin zuek aspertzeko edo bere mamuak uxatzeko, bere asmoa askoz interesgarriagoa eta txalotzekoa da: Saizarbitoriak zuen arreta bereganatu nahi du, harrapatu eta txundituta utzi, eta horretarako hasieratik apustu zaila eginez hasten da, bukaeratik hasiz.

Nola lortzen duen? Pertsonaia nagusiaren azalean sartuz. Baina azalean esaten dudanean ez pentsatu liburua lehenengo pertsonan idatziz aski izan duenik, ez, hau esanez pertsonaia nagusiaren psikologian sartu dela esan nahi dut. Normalki horrelako teknika erabiltzen denean, pertsonaia nagusiak, istorioa kontatzen digunak, bere izaera azaltzen digu, eta gehienetan bere ikuspegiarekin bat egiten dugu. Baina zailena ez da hau lortzea, baizik eta teorian edo azalean gustuko ez dugun pertsonaia batekin bat egitea, bere alde itsusi eta ilun hori ulertuz (eta onartuz guk ere badugula askotan izkutatu nahi dugun alde ilun bat…), eta Saizarbitoriak hau osoki lortzen du.

Bestalde, prozesu hau erakusteko bi dira erabiltzen dituen tresnak: alde batetik gai nagusia amodioan oinarritu (amodioa eta gorrotoa, askotan amodioaz soilik hitzegiten bada ere, gorrotoa amodioaren beste alderdia da, bata bestea gabe ezin ulertu dezakeguna), eta bestetik gauza hauetaz hitzegiteko orduan umorea erabili, baina ez umore nabari edo erraza, baizik eta oraindik zailagoa den ironia, lehenengoz bere burua komikotasunean murgilduz, eta gero liburuaren pertsonaia nagusia irrigarri bihurtuz.

Asko hitzegiten da liburu hau egile beraren beste obra batzuekin konparatuz sinplea edo erraza dela esanez. Ni ez nago ados iritzi hauekin, nere ustez hau da Saizarbitoriak egin duen eleberri biribilena, interesgarriena, eta nere gusturako akats batzuk ikusten badizkiot ere (luzeegia, pertsonaia eta istorio txiki gehiegi…) bere irakurketarekin nik asko gozatu dut. Eta estilo aldetik irakurtzeko askoz errazagoa bada ere, kasu honetan estilo erraza eta kalitatea ez daude borrokatuta. Baliteke norbaitek gai serioagoak maite izatea ere, edo bere umorea ez dela formala iriztea, baina horregatik ez dut uste liburuak kalitate apurra galdu duenik, alderantziz, amodioaren gaia tratatuz eta horretarako ironia erabiliz Saizarbitoriak aurrera pauso handi bat eman du euskal literaturaren panoraman (nahiz eta hori agian bere nahia ez izan…), zoritxarrez gutxitan ikusten ditugun gai eta tratamentuak baitira.

Eta bukatzeko gomendio bat; orain arte idazle honen liburuak serioegiak eta astunak direlakoan egon bazarete, galdu beldurra eta ausartu zaitezte lan biribil hau irakurtzen. Beharbada ez da zuen bizitzako liburua izango, baina zin egiten dizuet ez zaretela aspertuko, baizik eta ondo pasa eta arin irakurriko duzuela, eta gauza berriak ikasi… Eta pentsatzen duzuenok bukaera jakinez gero liburuak ez duela ez gatzik eta ez piperrik, egin ezazue galdera hau: zergatik hilko du?

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak