kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Urdaibaiko ipuin eta kondairak / Edorta Jimenez / Alfaguara/Zubia, 1996

Marinel korapiloak Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1996-10-05

Kondaira eta itsasoa. Lilura eta ura. Liluratura. Literatura orrialde hauetara ekartzeko modukoa da, zalantzarik gabe, liburu hau. Kantauriren itsas galeretako oholak ez dira oraingoan ere, euskal letretako naufragoaren oroitzapenak bezala, itsas hondoan ezabatu. Sarobe atsegina aurkitu dute, Edorta Jimenezen eskuetan, orrialde hauek osatu duten portuan.

Itsasoa da liburu honetako istorioak lotzen dituen soka, eta atal bakoitza, berriz, irakurlea gero eta gehiago itsasoratuz, marinel korapilo bat. Korapiloa, itsasoko nabigazioan abiadura neurtzeko erabiltzen den unitatea da: itsas milia bat orduko. Orrialdeak atzean utzi ahala, istorioen arrastean, korapiloak egiten ditu irakurleak. Itsas milia bai kondairako. Eta narratzailea gaubeilan kapitain duela kortsario, marinel, pirata, arrantzale, edo itsasoko gudari bihurtzen da irakurlea.

Oro har, Euskal Herriko ingurune ederrenetakoa den Urdaibai aldea da liburu honetako kondairen gertalekua. Hauek dagoeneko ezagutzen dituenari ezusteko berriak ekarriko dizkiote lan honetako narrazioek, eta ezagutzen ez dituenari, aldiz, bertara joan eta hura ezagutzeko irrika eragingo diote. Egia esan, kondairen eta elezaharren kresalaz blai uzten du Jimenezek irakurlea, itsaso bare mutuetako galerekin zenbaitetan eta gudaren odolaz besteetan. Nabaria da, bestalde, egileak itsasoko lanak eta literaturen arlokoak tartekatzen dituela bere eguneroko bizimoduan. Bi lanen emaitza gisa osatu duen liburu honetan bi untziak batera datoz, literatura eta itsasoaren artean konboi atsegina eratuz.

Kapitainak, Urdaibaiko ipuin eta kondairak izenburu honen pean, hamaika atal osatu ditu. Lehenengoan amets bat izaten du narratzaileak eta errealitatea eta ametsen arteko mundu horretatik eskuratutako koaderno bateko oharrek bide ematen diote beste hamar atalak osatzeko. Honela, markodun kontaketak dira liburuan biltzen diren istorio gehienak. Hamaika atalen amaieran, berriz, itsas bizimoduaren eremu semantikoko hitzekin osatutako glosarioa du eskura irakurleak hamahiru orrialdetan barrena.

Istorio eta kondairei dagokienez, Urdaibaiko ipuin eta kondairak izena jarri bazaio ere liburuari, gehienak itsasoari buruzko eta itsasoaren ertzean diren herrietako ipuin eta kondairak dira. Urdaibai inguruan lekutuak gehienak, baina baita urrunagokoak ere. Honela, ez da faltako London, Eskozia, Berberia edo Mediterraneoko konturik, gehienak, esan bezala, Izaro, Matxitxako, Mundaka, Gaztelugatxe, Bermeo eta inguruetakoak baldin badira ere. Lekugune hauetan kokatutako kondairetan dabiltzanak ere anitzak dira, eta liburuan barrena, pertsonaia errealak bailiran, behin eta berriro agertuko zaizkigu era eta bizimodu ezberdinetako itsasgizonak.

Atseginak dira batzuen zein besteen ibilerak. Istorio eta kondairak, aldiz, entretenigarriak eta, zenbaitetan, sakonak, gogoetari bide ematen diotenak. Egileak, berriz, egoki asmatu du idazkerarekin eta gustura irakurtzen den lana ehotu. Batik bat gazteei zuzenduriko liburua izanik ere, helduek -itsas kontuak eta portuak atsegin dituztenek behintzat- irakurtzeko moduko istorioak bildu ditu Jimenezek. Herri-altxorra diren kondairak biltzen dituzten neurrian gogoan gorde beharreko istorioak hain zuzen ere. Testura dakartzan kontuak errealitatearen eta kondairaren artean dabiltza, misterioaren eta historiaren artean dagoen uhara zuritu nahi balute bezala. Azken ataletan historia, errealitatea, nabarmenagoa egiten da eta hau oinarri hartuta, orrialde ederrak idazten ditu Jimenezek Nemrod itsasuntzia, Nabarra boua edota Matxitxakoko itsas guduari buruz. Mundakan jaio eta, itsasotik begirik kendu gabe, Mundakan bizi den egileak liburu atsegina bidali digu oraingoan ere kostaldetik. Bere itsasoan galtzea, herri-literatura, historia eta kondairetatik egindako bidaia atsegina bihurtzen da. Irakurlea marinel.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak