kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bizi nizano munduan / Itxaro Borda / Susa, 1996

Denona den eta inorena ez den basamortu hori Xabier Aldai / Euskaldunon Egunkaria, 1996-07-06

Euskal irakurleen usadioez dauden ikerketa eta estatistika apurrek diotenez, emakumezkoen artean irakurle gehiago aurkitzen ditugu gizonezkoen artean baino; euskal hizkien munduan, ordea, gizonezkoak sarriago ageri dira emakumezkoak baino. Sobera daki horren berri Itxaro Bordak zalantza izpirik gabe. Bizi nizano munduan bere azken eleberria irakurtzea suertatu zait eta aise esan dezaket Itxaro Bordak sobera dakiela gauza askotaz, edo kontu arras mingarriez bederen.

Benetan interesgarria den Itxaroren liburugintzari titulu bat gehitu zaio oraingoan, 1994an argitaratu zuen Bakean ützi arte eleberriaren jarraikide, bai estruktura aldetik bai protagonisten aldetik ene, Amaia Ezpeldoi detektibea hain zuzen ere. Aurreko nobelan eta honetan, Itxaroren literaturgintzan mugarri edota oraina eta genoa den Just love poema liburuarekiko erreferentziak aurkitu ditut (neronek bilatuegiak agian edo zeharrekoak). Mundu baten agerpena baita eleberri hau, hego euskal herritarrontzako Iparraldeko errealitate krudelaren eta bertako nortasun zein bizimoduaren genozidioaren berri agoniatsu bezain zehatza. Panfletarismo etniko eta kulturaletik bezainbeste urrun amaiera zoriontsuko kontakizunetik. Deskubrimendu atzendu baten kronika, atzendu adjetiboa narabil liburua irakurlearentzako izan daitekeen belarrondokoaz oharturik eta ohartu nahian. Deskubrimendua, eta deskubrimendu guztiek dakarten berrikuntzaren ildotik, jakinmina nagusitzen zaion pertsonaiaren eskutik dator kontakizuna, Amaia Ezpeldoi detektibearen eskutik alegia. Ez, ez da Amaia Sherlock Holmes edo Monsieur Poirot bezalako detektibe tradizionala. Ez du edan Dashell Hammet edo G.K. Chesterton-en nobela beltzen orrietatik. Gizarte jakin batean bizi den emakumezkoa da Amaia. Euskal Herriaren mugak Bidasoa ibaian hasi eta Nafarroako mugan edo, gehienez jota ene, Ebro ibaian kokatzen direla onartzen dutenentzat arrabio sortzaile eta lo ezaren erruduna.

Ez dakit zein neurrira arte —ez baitut Itxaro Borda nahi adina ezagutzeko paradarik izan— Amaia Ezpeldoi autore berberaren mihi eta aho, irudi ez ote den. Handitasun osoz agertzen da idazlearen eta pertsonaiaren arteko lotura liburu honetan. Urrutira joan gabe, Arantxa Urretabizkaiaren eleberrietako pertsonaiaren baten baimenaz, euskal literaturan gaur egungo emakumeari egin zaion argazkirik bikainenaren aurrean gaudela esan genezake. Barneratze prozesu handi bat bizi da liburu honetan Bakean ützi arte harekin konparatuz gero. Aurrekoan kontakizunaren mugak Bidasoa ibaian baziren, oraingoan Atturri ibaiak ezartzen ditu mugak, eta pertsonaiaren erraiak ere sakonago ezagutzeko aukera damakigute orrialdeok.

Bestetik, ordea, ezin utzi aipatu gabe liburuak dituen zailtasunak. Zailtasunak diot, ezjakintasunaren lotsaz betea, zeren liburua Iparraldeko bizimoduaren kronika edo deskribapen bezala agertu badut, liburuaren tramak berak eskatzen baitu elkarrizketak eta hainbat pasarte, bertako hitz egiteko moduan aurkeztuak egotea. Eta hainbat bider nekeza gertatzen da azaldu nahi dena ulertzea eta beste zenbaitetan elkarrizketak erabat ulergaitzak dira. Istorioaren kontestuak asko laguntzen du horrelakoetan, baina, ez beti nahi adina. Ez dut horren errudun egiten, gehiago esango nuke Hego Euskal Herrian 1975etik aurrera —eta askoz ere lehenagotik beharbada sortu diren belaunaldien hezkuntzaren hipokrisiaren gailurra dela: OHOko lehendabiziko mailetan dabilen orok Euskal Herriko probintziak zazpi direla aitortuko du eta inguruko gizartearen zati nagusiak, hein handi batean, Euskal Herriko probintziak hiru direla asimilatzen irakatsiko dio.

Bestalde, liburuaren aurkezpenean egileak esan duenez, datorren urtean-edo izanen du libunu honek jarraipena; non Amaia Ezpeldoik izanen duen Ebro ibaiaren ingurumarietara jaisteko aukera eta ausardia. Pozten naiz alde batetik, aspaldi honetan ondo bizitzera ohitu garela erraten baitit liburu honek ahosabaian eta bihotzean zapore mingotsa eta erre gustua utziz hurrenez hurren, eta irakurri bezain laster, hautsetan galtzeko arriskua duten tituluen usaina hartzen bartiot eleberri honi, kontzientzia paperezko loreen parez pare bazkatzen den sasoi hauetan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak