kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ehiztariaren erotika / Joseba Zulaika / Erein, 1990

Arrasto-iturria Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1996-06-22

Patziku Perurenarekin erizkidetuz, zenbait kasutan grinarenak egin eta txepelkeriak gailurra jo duen gizarte honetan bizitzea tokatu zaigulako, Joseba Zulaikaren Ehiztariaren erotika (Erein, 1990) gustura hartu dut. Zergatik? Besteak beste, irakurketa zalu eta sentitu honen bidez ehiztari izatea egitan zer den barrendu uste dudalako, bere une gorenak eta ebainduak, tripako minak eta usna minak, negar malko erdiragarriak eta lau haizetara aldarrikatutako bizipoza. Ehiztaria zernahitarako gertu agertzen da, entzumen zoliz. Zenbat eta aztarna gehiago, orduan eta hitz traidore gutxiago; zenbat eta usain gehiago, hainbat eta abstraktoago eta hutsago ehiztariaren mapa mentala. Ehiztariak ezin diolako ihes egiten utzi ehizari.

Joseba Zulaika antropologoa, Violencia vasca hartan bezala oraingo honetan ere bere jaioterrian, Itziarren kokatzen da eta hango giza-talde batekin egindako ehiza-bidaia kontatu eta miatuko digu, beraz, esperientziatik ariko zaigu, bertatik bertarako datuetatik. Ikerketak hiru atal ditu: semiotika, sinbolika eta erotika. Interpretazioak interpretazio, semiotikan ehizaren jabegoko zentzu eta arrastoak, aurresentipenak eta asmakizunak ezagutu ahal izango ditugu; sinbolikan ekintza eta sakrifizio honen erritualizazioa, ehizaren hierarkia eta zerri zikinaren komunioa, ehiztari-taldea giza-arte bilakatzeraino; erotikan ehiza desio-objetu gisa, ehiztariaren lehia ase beharra eta trantze egoera, hots, ehiztariaren nortasuna: gizarte gezatu eta urardotuaren kontrakarrean aiurri suharra.

Horrenbestez, irakurleak ehiztariaren arlo semantikoa idoroko du, somatu, arrasto-zaunka, argamasia jo, odolak galdu, jo eta bota, edo denboragabezia bezalako hitz eta esamoldeen sakon-sakoneko adierazia: etsiesgarri; hesi, eta hesitu) edo esku-rena (eskubidea); ezagutu eta jakin-en arteko konozimendu eta pertzepzio-desberdintasuna, igartzea eta asmakizuna-rena edo usmatu eta asmatu-rena.

Ehiza ekintza hedatua eta lehenbiziko hartakoa da, marraskatua eta goretsia, gizakiaren primitibotasun-senaren oinatz. Tasio pelikulan hotz-zirrara hezurretaraino sartzeko adinako argazkiak ikusi ahal izan genituen harako basurde-ehiza hartan. Bernardo Atxagak Obabakoak-n basurdearen irudiaren bidez biolentziaren eta errugabeari egotzitakoaren gaia ukitzen du. Juan Mari Lekuonak Mimodramak eta ikonoak poema-liburuko lehen atalean, oihartzun atabikoen artean basoaren eta ehizaren baitango bizi-drama eta mimo-drama poetikoki aztertzen dizkigu.

Ehiztaria bere ehiza-trofeoa eskuratu ondoren beste gizaki bat den bezala, irakurlea Ehiztariaren erotika uxarka irakurritakoan beste bat izango da, gizaki orori dagokion belakabide iniziatikoa kunplituz.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak