kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zure haragi bereko / Patxi Ezkiaga / Erein, 1996

Borda zaharraren beste udazkenak Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1996-06-22

“Joandakoa udazken dun beti, badakin”, irakurri genion behin Jon Iriberriri poema liburu batean, eta hitz horiek dakarzkigu gogora Patxi Ezkiagaren eleberriak. Izan ere, igaroari begira idatzitako istorioa da —istorioak esan beharko genuke— Zure haragi bereko honetan biltzen duena legorretarrak. Ezkiagaren poesia ezagutzen ez duenak berehala lotuko du eleberri hau egile heraren poema liburu ezberdinekin. Batik bat 1987ko Lizardi eta Azkue sariak jasotako poemak biltzen zituen Ispiluaren isladaketak Keiko eta beste udazkenak liburuarekin lotu dut nik behintzat: “…Zure urtebetetzerako zerbait berezia bidaliko nizula agindu nizun. Poema liburu berri bat. Zure izena eta udazkena elkartzen zituena…”, irakurri dezakegu eleberriaren lehen orrialdeotan. Aipatu poema liburua lehen aldiz irakurri nuen garai eta lekuak ere (BBBko urteetan eta salletarrek Belagoan duten borda zaharrean bertan) lagunduko zidan ziurrenik lotura gauzatzerakoan, Belagoako borda zaharra baita istorioaren oinarrizko kokalekua. Bat egin zaizkit liburu hartako hainbat poema eta eleberri honetako zenbait pasarte.

Neurri batean, Ezkiagaren poesiari begira, esango nuke poesia horren ibilbidea eta poetika duela sakonean eleberri honek. Egileak nonbait adierazi bezala, bakardadean eta bakardadetik idatzirikoa, ekintza mito-poetiko gisa ulerturikoa eta bizitza heriotzatik kantatu beharrarena da bere lana. Garbi, erabat garbi, islatua gelditu da hori eleberri honetan, bere orrialdeak egilearen beste udazkenen ispiluak bailiran.

Amodio askoren eta, era herean, amodio beraren istorioa dakarkigu Ezkiagak oraingoan testura. Karen-ekin bizi izandakoa oroituz eta honekin duen solasaldia oin hartuz, Keichan, Mizushma eta Mariaren istorioak biltzen zaizkigu orriotan. Amodioa eta tristura, samina, da guztiak batzen dituena. Eleberrian bertan ere bada argibiderik amodio guztiak maitasun beraren borda, gordeleku, direla pentsarazteko: “…ziur nago egunero maitale berriak asmatzen ari zarela, adierazi nahi dituzun sentimenduak islatzeko. Bizi ez badituzu ere. Laborategiko maitale zara. Nostalgien poeta. Konturatu ere ez zara konturatzen noraino bilakatzen zaren barregarri edonon zure koadernotxoa atera eta idazten hasten zarenean. Hala ere behin zure haserrea pasa eta gero, nik badakit ezin izango duzula poema liburu hura gabe bizi. Zurea delako. Mila emakumeren sintesia delako maitale bakar batengan…”.

Karen da oinarrizko istoriorako narratzaileari bide ematen diona eta istorio nagusi honetan txertatzen dira gainontzekoak, markodun kontaketa moduan. Hiztun ezberdinen ahotsak borobil lotu ditu Ezkiagak eta kontaketa guztiz atsegina bihurtu du. Lehen, egile honen poesia ezagutzen dutenen aipua egin badugu ere, poesiaren zale ez diren horiek ere gustura irakurriko duten liburua dela deritzot. Narrazioaren hizkeran, poeta dela nabaritu zaio Ezkiagari baina ez dio, haatik, gehiegizko pisurik eman hizkera poetiko horri kontaketan. Tamaina dotore hartu dio eta irrikaz murgildu du irakurlea orrialdeotan barrena. Azken batean, laburregia iruditu zaigu eleberria, irakurketa bukatzear dela ohartu eta halako tristura sortzen duten liburu horietakoa.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak