kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Arpoi baten eran / Juan Bautista Agirre / Alberdania, 1996

Erretorearen ispiluak Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1996-06-15

Klasikoak Alberdanian sailaren barnean, Iztuetaren testuetan oinarritua zegoen lehen liburua bezala, iritsi zaigu bigarren emaitza hau ere. Inazio Mujikak apailatu eta euskara batuz idatzi ditu, ipuin moduan irakurtzeko, Agirreren idazkiak.

Juan Bautista Agirre erretorea (1742-1823), Agirre Asteasukoa bezala ezagutua, liburuaren aurkezpenean Mujikak esan zuen bezala gipuzkera literarioaren sortzaileetako bat ez bada, behintzat bermatzailea eta gipuzkera literatur mailara jaso zutenetako bat izan zen. Arpoi baten eran honetan, ordea, sail honetako beste liburuei buruz duten egitasmoari jarraiki, euskara batuaren aldeko dema egin dute Alberdaniako lagunek. Ez da zalantzarik asmatu dutela esaterakoan, testuak euskara batuan jartzeko ausardiak irakurle anitzago baten irudia osatzen lagundu baitie. Gipuzkera literatur mailara eraman zuen asteasuar honek, bestalde, liburu bakarra argitaratu zuen, 1803an: Konfesioko eta komunioko sakramentuen gainean erakusaldiak. Baina liburu honetan bilduak Agirreren idazkien laurdena baino ez zuen osatzen, eta gainerakoa argitaratu gabe gelditu zen. Gero, XIX. mendearen amaiera aldera, bere sermoi edo erakusaldiak bildu eta hiru liburukitan argitaratu zizkioten. Orain, aldiz, sermoi kutsu hori erabat galdu gabe, baina testuak atsegin, entretenigarri eta irakurterraz izatea lortu duelarik, Mujikak sermoietako kontakizun eta adibideak ipuin modura apailatu ditu.

Agirre eskola bat dela irakurri dugu nonbaiten, erretorikaren eskola, kontatzeko modu baten eskola, ipuinak kontatzeko eskola eta baita bere garaiko gizartea ezagutzeko ere. Bere garaikoen idazkera moldeetan izan zuen eragina nabarmena dela jakin dugu eta, Arpoi baten eran hau irakurrita, garai hartako gizartea ezagutzen laguntzen duela eta kontaketa modu berezia agerian geratzen dela behintzat ezin dugu ukatu. Orrialdeotan konturatuko da irakurlea baina, hitzaurrean bertan ere, Inazio Mujikak aipatzen du Asteasuko erretoreak gauzak parabolen, ipuinen eta adibideen bidez adierazteko eta edertzeko duen joera. Liburu osoa da parabolen etengabeko kateatzea. Esan nahi dena zuzenean baino gehiago ipuin, parabola laburren bidez adierazten da. Motzak dira gehienak, bizpahiru orrialdekoak, eta irakurterrazak. Irakurleak, hala nahi badu, ez du zertan irakurri liburua hasieratik amaierarainoko hurrenkeran. Edozein orrialdetan zabaldu eta beti aurkituko du trenaren edo autobusaren zain dagoela irakur dezakeen pasarte laburren bat. Agirreren idazkeraren erakusle diren berrogeita bi ispilu apailatu dizkigu Alberdaniak lan honetan.

Agirre klasikoa delako ikusi dute argia testu hauek. Gainontzean, literatura aldetik behintzat, ez dute gehiegizko ekarririk. Egia da, bere garaian, gipuzkeraren hizkera maila hobetzeko urrats garrantzitsuak eman zituela Agirrek eta, gaur behintzat, ahaztuxea dugula. Honexegatik bakarrik merezi izan du lan honen argitaratzea; ia galdutzat genuen egileari gurera itzultzen lagunduko diolako. Literatura aldetik, esan dugu ez duela ekarri handirik aurkituko irakurleak baina, hori bai, entretenigarria gertatuko zaio irakurketa eta aurkezturiko gertaera eta ipuinak irakurterrazak izango dira. Finean, bagenekien ez daudela idazle onak, irakurle onak baizik. Irakurketak eta ez testuak egiten duela lan bat literario. Agirreren idazki hauek, arpoi baten eran, aukera ederra eskaintzen dute baieztapen hori praktikan jartzeko.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak