kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ibilaldia (1950-1990) / Juan Mari Lekuona / Euskal Herriko Unibertsitatea, 1996

Gaurko eta biharko klasikoa Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1996-05-04

Hogeita hamar urte bete dira aurten Juan Mari Lekuonak bere lehen poema liburua argitaratu zuenetik. Ordutik hainbat poesia idatzi da gurean eta baita hainbat poeta sortu eta zahartu ere. Baina bada oraindik gaztea denik eta horien artean kokatu behar genuke Lekuonaren poesia. Mindura gaur (1966), Muga beroak (1973), Ilargiaren eskolan (1879) eta Mimodramak eta ikonoak (1990) poema liburuak kaleratu ondoren, oiartzuarrak berak esan duenez, ez du oraindik bukatutzat eman bere literatur ibilaldia. Dena dela, Euskal Herriko Unibertsitateak, Euskal Poesia Gaur sailaren barruan, Lekuonaren orain arteko poemarioak bildu, gaztelerara itzuli —oraindik inork ez digu eman gaztelerara zergatik itzuli den eta ez, esaterako, frantsesera, argituko digun azalpenik— eta edizio dotorea apailatu du, antologia gisara. Lekuonak berak ordea, Ibilaldia-ren aurkezpenean, poesia argitaratzen jarraituko duela esan zuen. Baita hurrengo liburua buruan duela ere. Poeta zaharrak ez dira inoiz hiltzen. Ez behintzat inoiz zahartzen ez direnean.

Euskaltzaina, lehendakariorde karguz, Juan Mari Lekuonak herri-literatura eta euskal kultura irakasteari eskaini dio bere bizitzaren zati handi bat. Eskuotan ditugun poemak idazteari bestea. Bere poesia, Xabier Letek esan duen bezala, eresi bat da, ez barne-adierazpen soila; antzinatik datorren kantu zaharraren hotsik sakonenak dakarzkigun arnasgunea da. “Hitzek historia dutenean, oihartzunez leher datorkigun historia gizakoitua, sortu ohi den poesia da Juan Mari Lekuonarena”. Ibilaldia-n erraz nabari dezake irakurleak hori guztia. Ibilaldi horretan, zaila da batzuetan bidearen nondik-norakoa jarraitzea. Baina, zalantzarik ez, poema hauen atarian egileak berak idatzi duen Neure poetikari buruz sarrerak asko laguntzen duela poemarioak egin bidearen arrastoari heldu eta hau gozatzeko. Lekuonaren beraren hitzetan ez da ez ohikoa eta, ez egokia ere, antologia baten atarian egileak bere poetika azaltzea, baina lagungarri ona da zerbait gauza agerian jartzeko. Atariko hitz hauetan, Poetika baten bilakabidea eta azpiko hariak, Gaiak eta egiturak eta Mugarriak azaltzen ditu Lekuonak. Honen ostean, Mindura gaur (1966), Hondarrean idatzia (1972), Oihu ilunak espiralean (1978-1979) eta Mimodramak eta ikonoak (1985-1990) poemarioak datoz. Hauetan, arkitektura bat eta pazientzia handiko eraikuntza duen poesia aletzen du Lekuonak. Gauzak ez ditu zuzenean adierazten: sinboloak ez dira hain ohikoak eta erritmoak ere oso ezkutukoak ibiltzen ditu. Artifizio erritmiko hori ez da belarrikoa, zerbait abstraktoagoa baizik. Azken poemarioan, esaterako, bertso lerro bakoitzak lau nukleo ditu, lau hitz, begien bidez buruak azkar jaso ditzakeen moldeak. Poetak berak aitortzen du.

Poemen ostean, Lekuonaren lanari buruzko azterketa sendoak aurkezten zaizkigu Xabier Lete, Anjel Lertxundi, Ernesto Martinez Diaz de Guereñu, Felipe Juaristi, Amaia Iturbide, Inazio Mujika Iraola, Patxi Ezkiaga, Jon Kortazar eta Joxe Austin Arrietaren eskutik. Gorka Aulestiak, bestalde, poeta oiartzuarraren bibliografia prestatu du liburua amaitzeko.

Zalantzarik gabe, artea, estetika eta poetaren intimitatea lotzea lortu duen poesia dugu irakurgai oraingoan. Gaurkoa izanik ere, biharko klasiko bat.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak