kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Urdinkara / Jose Angel Irigaray / Pamiela, 1995

Oroitzapenaren ametsa Jose Luis Otamendi / Euskaldunon Egunkaria, 1996-03-09

Sufritu, denok sufritzen duguna bistan da, baira orokorra den penatze hori batzuek bakarrik zorrozten dute edertasunaren muina urratzeraino. Irakurtzeari ekin orduko badakigu zer datorkigun: gure txangoa Uliseren patuari lotuko zaio, gure ahalegina ametsetik oroitzapenerako joan-jinean ibiltzera kondenatua da. Urdinkara-n askotarikoa da urdinaren eskumena: oskarbi minetik ur uherrera doana, eta lurra ere hor da, hegaldatu ezinik bere astunean, oroitzapenei emana. Hizpide duguna ase ezintasunak hartutako liburua da luze-zabalean, gabetasunaren jabetze existentziala begibistan jarriko diguna. Denok jaio gara mundura izate-gosez, eta laster ikasiko dugu oso-osoan ezin garela izan, absolutu guztiak fedearen esparrura labaintzen zaizkigula. Fedegabearen aukerak ez dira asko horrenbestez: barnera bildu, besteren ispiluan geure burua bilatu, eta bakardadeak jango digun bizitzari mikaztasunez bezala mirespenez abestea. Maitasuna arma eragilea da nahiz eta ideal huts edo iruzur itxura baino ez izan sarri.

Poesia honetan osotasunaren bilatze ia mistikoa kausituko dugu alde batetik, naturarekin bat egin nahi panteista, eta bestetik paradisuan arrotz gertatzearen zama existentzial eramangaitza, hutsarekin bat egitea baino espero ezin izatearen herioa. Aldez aurretik iragarritako derrota da bizitza, baina inoiz grinak gaina hartzen dio heriotzari, lipar batez bederen instanteko garaile ageri da bizia. Uneari gogotik oratuz atzeman ahal dugu betikotasunaren itzala. Hori guztia baina, kontraste jokuz egoki baliatzen den sinbologia joria tarteko adierazten da: ametsa (ideala, osotasuna, zerua), oroitzapena (memoria, historia, lurra), isila (betikotasuna, heriotza), hutsa, naturako elementuak, koloreak, jin joanak, eta beste. Begi-belarrietara gozo, ahorako gustagarri, bihotzera berez isurtzen den musikaltasunez ondutako poemak dira Jose Angel Irigarayrenak. Sentsualtasun eta oreka handiko giroa sortzen da egitura garden eta borobilaz, estilo aldetiko baliabideak gai anitzak batzeko xedez eta doi jokatuz. Poesia ulertzeko modu baten goi mailako eredua da Urdinkara.

Klasikotasunaren zantzuak nabariak dira. Maiz ageri dira erreferente klasikoak (Ulises, Itaka, Ikaro…) poetikotasunaren itogarri gertatu gabe, adjetibatzeak, aditz elipsietarako joerak eta lexikoaren hautapenak ere klasizista kutsua du gehienetan. Joera antimodernoa garai ikusten da bestalde hainbat poematan, hiria hizpide denean bereziki. Kultura garaikideak mundua txarrerako humanizatu du, alienatu egiten du, bere baitarik atera, hiria desegite existentzial eta esentzialaren paradigma begitanduko zaigu. Arkadia galdua du amets Irigarayk batzuetan -“…zer hintzen, eta non hago!”- teatraltasunik gabe ordea, zintzotasun problematiko eta modernoago batetik beti ere. Poetak, bere biblia ttipia tajutze horretan, mundu ikuskera propioa eratze lanetan, aise egingo du jauzi ni-tik gu-ra, heldutasunez gizarte garaikidea urratzen duten auzien aleak emango dizkigu (herri izakera, justizia soziala, miseria, ekologia…) klabe sinbolikoa utzi gabe. Ulises poeta bera dugu, Penelope poeta bera dugu, Itaka poeta bera dugu azken batean, eta min garratza dio poetari gu horrek. Berezko sena galdu genuen, eta arbasoen kultura ikasi beharra dugun heinean den ahularen erakusgarri da, ez dago haurtzaroko lainotasunera eta errugabetasunera itzultzerik, geure izate akastunaren eskarmentua eta desengainuarekin biziko gara borrokan, azken arnasa eman arte. Bizia bizitzarekin kitatzen da. Oraingoz ez dugu mundu honekin asmatu, utopia lardastea besterik ez dugu egin. Eta ergelkeria eta itsukeria nagusi jartzen ari direlako samina geuretuta —nihilismoan jausteko tentazioa gaindituz—, bidean behin eta berriz ahalegintzeko armak iradokitzen dizkigu poema apal bezain ederrokin Irigarayk. Oraina beti eternoa da, bizitza agortuz doakigun ahala bizi-emaile ere bagara, eskuzabal batzuetan eta merkezurrean besteetan. Eta poesiaren magiak indar handiagoa ez izana deitoratzen dugu, azti guztiahaldun nahi genuke baina sukaldari txar baino ez gara. Bilatze nekagarriaren ordaina, Urdinkara-n elkarren orpotik dabiltzan memoria eta askatasuna dirateke azkenean.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak