kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Euriaren eskuak / Karlos Linazasoro / Alberdania, 1995

Poemak tristuraren mapetan Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1996-02-10

Karlos Linazasoro Udazkeneko karabana erratua-n ezagutu nuen duela lauzpabost urte. Bere poemetako ahapaldiak luzeak ziren, ehotzen zuten nostalgia zein tristuraren neurria aditzera eman nahi zutenak bailiran hasieratik bertatik. 1991ko Xabier Lizardi Olerki Sariarekin egin zen Hogeitamabost poema …eta ipuin bat biltzen dituen lan hau. Handik bi urtera etorri zen Apunte eta ahanzturak poemarioak, irakurketa mailan behintzat, patrikak tristeziaz beterik zituen norbaitek idatzia izaten jarraitzen zuen.

Ildo berekoak dira Euriaren eskuak honetan dakarzkigun olerkiak ere. Ahapaldiz behintzat, laburragoak dira poemak. Eta laburra da liburua bera ere. Hogeita hamar olerki biltzen ditu bere orrietan barrena, Luis Emaldi Mitxelenaren ilustrazioekin lagunduak.

Zerbaiten itxura hartu badiot liburu honi, abentura baten itxura izan da. Hau ere idazkera baten istorioa da, eta ez istorio baten idazketa. Hots, azken finean forma hutsean gelditzen da liburu honen edukia. Eta zenbait kasutan olerkiren batek gorputza hartzen badu ere, makilaiak gehiegi estaltzen dio aurpegia. Adjetiboak astunak gertatzen dira bata bestearen atzetik etengabe ematen badira, eta Linazasororen poesia ongi idatziari zerbait egotzi badakioke hori litzateke egotzi beharreko lehen gauza. Adjetiboek pisu handiegia hartzen dutela poema hauetan zehar: “Hotzez kikildutako itzalei isiltasuna / agintzen genien iheslari uher / Espazio zeinean ez baitzuten lekurik / hilabeteek landutako gorputz eskergek baino”.

Lirika da liburu honen beste ezaugarria. Erabat lirikoak dira Linazasororen poemak, bere barne sentimenduak adierazten dituztenak. Errealismotik asko aldentzen da honela, ia erabat esango nuke, eta aberri bakar poesia duelarik orriotan zehar, munduko edozein irakurlek uler ditzakeen lerroak dakarzkigu egileak testura.

Iruditeria abstraktua darabil Linazasorok eta, gainera, gehienbat oroimena eta tristeziaren eremu semantikoan gelditzen den iruditeria. Behin eta berriro irakurriko ditugu liburu honetan zehar oroimena, oinazea, ahanztura, gaua, bihotza, isiltasuna, udazkena, ausentzia, herdoila, nostalgia, itzulera, euria, tristura, angustia eta antzeko hitzak. Erruz aurkituko ditu irakurleak horrelakoak Linazasororen lanean. Tristuraren eremuko irudiak eta abstraktuak beraz, liburu honetan. Esanguratsua honi dagokionez lanaren izenburua bera ere: Euriaren eskuak.

Gainontzean, ederki idazten badakiela erakusten digu Linazasorok. Margotu duen koadroak ez badu paisaia, errealitate edo ezer berezirik adierazten ere, margolari bikaina dela eta pintzelak (luma idazlearen kasuan) maisutasunez ibiliaz koadroa (edo liburua) dotore gelditu zaiola esan beharra dago.

Irakurketa une atsegin bat izateko balio du tolosarraren hirugarren poemario honek. Hemen doakizue lerroren bat edo beste, bideari ekiteko: “Disparo baten oihartzun zehatz bakartia entzun / Ibai iheslariaren irudira liburu bat erditu / Noizbait jainko edo paturen bat onartu / Edo herioren hodeiertz hotzari beldur izan / Bizitza denean inpuneki hiltzen duena”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak