kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Hegiko Bordatik / Janbattit Dirassar / Elkar, 1995

Kazetari umearen portreta Jose Luis Otamendi / Euskaldunon Egunkaria, 1996-02-10

“Badakizue non den Hegiko borda?

“Urtsua deitzen dugun mendiaren mazela bati josia bezala, konkor harritsu baten kaskoan, Hazparneko lurretan, Zelaitik goiti han harat joan eta… Han da Hegiko borda! Edo han zen, hobeki erraiteko… Ezen kasik dena lurrerat joana da. Murru pareta mutur bat baizik ez da xutik gelditzen, inguruan harri mokor eta lapar sasi…

“Haurrean, frangotan ibili naz borda hortan (denbora hartan ez zen horrela barreatua)”.

Eta zein ez!, emango genieke segida Janbattit Dirassar-en hitzei zilegi balitzaigu irakurketaren harian sortu gogoetak eta geure kabutan egin galde-arrapostuak hona ekartzea. Izan ere, zein ez da ibili bere umetan Hegiko bordan —zein berean—, denok horren gorde eta horren kuttun izanik. Oroitzearen plazeretik eta lekukotasuna eman nahitik idatzita dago liburua. Eta Hegiko bordaren begipean jarriko zaigu Janbattit Dirassar-en barne-geografia, hasi sortze beretik eta kazetari lanari lotuz ume izateari utzi arteko sasoian. Egileak lekukotza eskaintzen digu gehienbat, lekukotza aski urruna maiz, mundua haurtzaroko borda purruskatutik erakutsi nahi baligu bezala, urrunetik eta xarmaz. Hizkera sotil eta adierazkorrak lerroz lerro giro larderiatsu eta gozo batera garamatza, galdua den ber liluratzen gaituen eta bahiturik gauzkan garai eskuraezinen errotara. Arkadia modu bat. Malezia pixka bat estimatuko nioke, hala ere, ume euskaldun baten haurtzaroaren kronika hunkigarri honi.

Hazparneko Zelai auzotik mundura ez doa hainbeste. Gure gizaldiaren erditsuan hazi eta hezi den haurra da Janbattit, begiak zabal-zabal etxe-auzokoak aurkeztuko dizkigunak xarmaz eta maitasunez. Etxean dela, dotrinan dela, eskolan dela, lanean dela tarrotuz doan mutilaren ikasbidea jarraituko dugu, oroitzapenen amaraunetik hautatu dizkigun aleak gozatuz. Eta giza-arteratze horrek erakutsiko du barne-kinka handirik gabekoa izan dela egilearen sozializazioa. Gauza guztiek egoki integratuak dirudite elkarrekikoan. Hor legoke idealizazioaren marka, mikaztasun oro leunduta ageri da eta inposatuak datozen sufrimentuak ez dira puztuko, isilean ikasteko aukerak dira, beti isilean. Gerrate eta gerraosteko urte beltzak dira Euskal Herriarentzat, ia-ia etxean ikustezin ginen garaia. Ez da gertaera handirik, ez da estilo erakustaldirik, guztia apal eta bare emana zaigu, hitzek berezko jarioz hartuko dizkigute gogoko zokoak.

Dirassar-ek esku txairoa darabil pertsonaiak eta inguruak deskribatzeko. Kapitulu bakoitzean ongi egituratutako ardatza ikustea iruditu zait. Atalez-atal kontu txiki asko isuriko zaigu belarri ertzera. Ederki girotuko gaitu idazleak kontatzera doanak eragina izan dezan gugan, hunki gaitzan. Umorea, garaiko pertsonaien galeria aurkezteko era, pasadizoak poliki lotzen ditu. Gaia azalduz batera deskripzioekin hasten dira kapituluak —apunte kostunbrista antzekoak sarri—, laster ordea biltzen dira elementu guztiak egitura narratibo baten harira, erremate gihartsu batez amaitzeko bertsolarien gisan. Irudi eta bizikizun ugari ikasiko dugu Dirassar-en eskutik: aitak etxeko katua hil zienekoa, soldadu alemanak Hazparne aldean, Aita Saindu izateko jaioa zela uste zuen umearena, itsasoa estreina ikustea, beharra bilatzeko lanak, aitaren heriotza, eta beste asko. Larderiazkoa zen giroa eta euskaltasuna otzan aldarrikatzekoa, itxura batera. Astiro-astiro ume ama-zuloa nerabe izatera etorria zaigu, eta ia liburu osoan ikusle eta erakustaile isil ibili duguna gogoeta eta galdera larriei (heriotza, unibertsoa…) tokia egiten jarri zaiguneko joan egin zaigu. Gustura jarraituko nuke mataza horri tiraka. Gustura irakurriko nuke hor kontatutako aldiari Janbattit Dirassar-ek eman segida. Hori geroari dagokio, bienbitartean badakizue non den Hegiko borda.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak