kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Badena dena da / Patxi Zabaleta / Txalaparta, 1995

Gerraren bortitza eta maitasunaren ezina Gema Lasarte / Euskaldunon Egunkaria, 1996-01-27

Ukoreka irakurrita gustura sentitu nintzen, Otto Pette irakurritakoan, nire artean, euskal nobelagintzak nire gogoko zerbait eskaintzeko kukuak bi bider joko zuelako goganbeharra bainuen. Sorpresa polita izan zen nafarrak eman zidana, lagun askori esan eta gomendatu nion orekaren ukoa irakurtzea. Eta berriro ere lagun batek errekomendatu eta utzi zidan Badena dena da eta hasieran izenburu horrekin beldurtu ere egin nintzen filosofiko samarra ez ote zen izango, Ukoreka-n hori izan baitzen gutxiena estimatu nuena. Kezkak haizatu eta Beñat Mandazenen istorioari gustura heldu nion. Garaiari ere, 1936ko gudua, arras interesantea iritzi nion hurbileko historian sartu-atera ilegiteko. Lekua, berriz, Nafarroako Erribera eta Mendialdea. Ondo baino hobeto, deus gutxi ezagutzen dudan parajera erromeria egiteko.

Hitzaurreko hitzak, atariko haizearen antzera, erraz esaten dira, eta kasu gehienetan orrialdeetan barrena sartutakoan galdu egiten dira. Baina bideak bukaera erakusten duen gisara, Zabaletaren nobelak hasieratik bukaera arteko ibilbidea kontakizun zuzen eta oparoaz egiten du. Zabaletak, linealitatean, zer kontatuan eta protagonistekin bete-betean asmatu du. Lehendanik ezaguna genuen Beñat umezurtzaren gordintasuna eta botikarioaren alabaren, Ize Otxoa, samurtasuna ezkonduko ditu. Nazario indianoak ere argudiora ekarriko dizkigu azken karlistadak. Protagonistek jartzen dute hitza eta bizitza. Azkenik, eurak dira narrazioa josten eta historikoa bihurtzen duten liburuaren gunerik zentrikoenak.

Patxi, liburuan zehar oreka neurtzen saiatuko da, berak dioen bezala oreka indarrak kaiolan sartuz lortzen baita. Baina literaturak eztanda egiten dio esku artean eta nobela hurbila jaiotzen da indar handiz, garaiari dagokion hizkuntza eta egoera bortitza egokituz. Gerraren gogorkeria eta maitasunaren ezintasuna dira Badena dena da-ren landare. Patxik esaten digu maitasuna itsasgaineko aztarnen gisara desegindakoan ez dela berregiten, eta liburuan zehar konfirmatu besterik ez da egiten. Bortizkeria, gorrotoa, torturak, eta sua izango dira hitzetik hortzera gerraren lekuko nobelan zehar.

Bukatzeko, hizkuntza txukuna, aldamenean kontu-kontari esertzen diren protagonistak, errealak alegia, eta nobela, behin barruan sartutakoan ezin utzia sortzen duen horietakoa. Erriberako kobazuloetan barrena Ize Otxoarekin lurra eta askatasuna oihukatuz ibilia naizela aitortzea besterik ez dut.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak