kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Modernitatearen alde / Jon Sudupe / Kutxa, 1991

Modernitatea dela eta Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-12-09

Modernitatea bazterrak eta hautsak bapo harrotu dituen kontzeptua da. Modernitatearekin arte-abanguardiarekin suertatzen zaidana agitzen zait: urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Horregatik gogoz hartu dut Jon Suduperen Modernitatearen alde (Gipuzkoa Donostia Kutxa, 1991).

Saiakera honetan hiru atal nagusi desberdinduko nituzke: modernitateari dagokionekoa, posmodernitateaz aritutakoa eta ilustrazioa eta erromantizismoaren arteko auziarena. Lehenengo zatia Marshall Berman-en zita batekin zabaltzen da, moderno izatearen oinarria kontraesanean bizitzea dela argitu nahiez, iraultzaile eta kontserbatzaile, modernoa eta antimodernoa baita, aldi berean, gizaki modernoa. Historia ispilu, Jon Sudupek modernitatea zertan den azalduko digu: ordenamendu sozialerainoko arrazionaltasuna, eta honen ondorioko aurrerakuntza, zentzu guztietan. Gizabanakoa historiaren sujetu izatera igaroko da. Demokrazia da gailen. Baina XIX. mendean zehar modernitatearen ideia guztiaren gainean jartzen den neurrian, ahituz doa. Arrazionaltasuna arrazionaltasun instrumental izatera murriztuko da eta gizabanakoa goimailako erakundeeen menpean geldituko. Horrela, Baudelaire-ren (modernotasuna eta bizimodu modernoaren adibide) beste puntan Nietzsche dago nihilismoaz eta gizaki modernoaren baloreen gainbegirapenaz.

Gilles Lipovetsky-ren zita batekin hasten den posmodernitateari buruzko bigarren atal honetan gizarte eta gizaki posmodernoaren nondik norakoak definitzen saiatzen da: indibidualtasunaren goraipamena, hedonismoa, oraina gozatu beharra etorkizunik ez dagoelako… Horrelakoxea baita gizaki posmodernoa: urduri eta zalantzakor.

Euskal Herria: Ilustrazioa eta erromantizismoaren artean izenburupean Pio Barojaren hitz batzuk dakartza lehenengoz (bizkaitarrismo itxi hura kondenatuz Azkoitiko zalduntxoen alde) eta gero, hurrenez hurren, Jon Juaristi eta Jon Kortazarren zenbait iritzi arrazoizko eta kontutan hartu beharreko.

Ideia honen orpotik, Alain Touraine-k Crítica de la modernidad-en posmodernitatearen ezaugarriok biltzen ditu: politika gestio izatera murrizten da; gizabanakoaren garapenaren eremua bakoitzaren bizitza pribatuan dago, ez publikoan; ekologia arazo sozialen gainetik garaile ateratzen da (arazo sozialok ez dira aintzakotzat hartzen edo arazo ekologikoetara labur-mozten dira); artea eta moda berdindurik daude.

Ditxosozko posmodernismoa dela eta ez dela, kritika anitz jasan ditu kontzeptu honek. Adibidez, Joserra Garziak sententzia filosofikoz josiriko Zotal egunak poemategiko Posmodernoen ereserkia-n honela dio: “Demokraziaz mozkortzen naiz / diruarekin txoratzen naiz / hippie izanaz lotsatzen naiz / posmodernoen eredu naiz” (70 orr.). Beste poema bateko ahapaldian ere mesfidati: “Posmodernoak berpiztu nahirik / dabiltza Gable eta Bogart; / horien ordez nik Xenpelarren / diseinu zaharra dakart” (84 orr.). Irakurriak irakurrita, modernitatea inora joan ezinik badago, posmodernitatea zer egin ezean aurkitzen dela pentsa daiteke.

Bestaldetik, euskal literaturari begira, bi poeta daude kontzeptu hauen artean mugitzen direnak. Juan Mari Lekuona eta Mikel Lasa, bakoitza bere mundu ikuskeraz; lehenengoa Oteizaren Quosque tandem…!-eko barne ibaiaren ildotik (Oteiza eta Lekuonaren kasuaz modernitatea baino gehiago modernitate-entseiua delarik), bigarrena literatura unibertsaletik, batez ere, frantziar sinbolismotik.

Kontzeptuok, beraz, oso nahasi aurkezten zaizkio irakurleari eta, agian, haien iluntasunean bilatu beharko erdibidea.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak