kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Lur bat zure minari / Jose Luis Otamendi / Susa, 1995

Memorian gauzatutako esplorazioa Xabier Aldai / Euskaldunon Egunkaria, 1995-11-11

Poema liburu baten maila, besterik gabe, tajutzen duen emaitzaren aurrean gaudela esanez has ninteke, motz gelditzeko beldurrez hasi ere. Apustu arriskutsu bat da nire irudiko Lur bat zure minari deritzon liburua. Batetik, urriak direlako poesiarekin hasi eta beste jeneroetara aldatzen ez diren idazleak (oker ez banago behintzat, Azken undinaren kaira liburuan antzerkia jorratu edo Susa aldizkarian zenbait ipuin kaleratu dituen arren). Bestetik, idazle berri baten lehendabiziko liburuak beti ere eskaintzen duen berritasunaren ondoren, koordenatu jakin batzuetan finkatu eta mugatzeko ohitura nagusitzen delako maiz, norbere esanak —edo besteenak— behin eta berriro, baina azal ezberdinetan errepikatuz. Aitzitik, nire iritzi apalean bederen, liburu hau Otamendik orain arte kaleratuak zituen lau liburuak ezarritako bidetik arras kanpo geratzen da, ez bere burua ezta lehengo fruituak ukatu gabe, apurketa bortitza eta erabatekoa izanik azken bi poemarioetan (Zainetan murraitak eta Poza eta gero) ezarria zuen hizkuntza poetiko eta unibertsoarekiko. Alderdi honetatik, lehendabizi poema bakoitzari hasiera ematen dioten izenburuak aipatu nahi nituzke, liburuak duen batasun eta mezuaren adierazgarri baitira, irakurlea lehen bertsolerroetatik murgildu den lurretik onik irteteko iparrorratz ezinbestekoak izaki, liburuan ageri den iruditeria biluzi eta zakarraren antzera xeheak, efektismo hutsetan galdu gabe. Luzeak dira poemak, poemarik perfektoena isiltasuna dela aldarrikatzen dutenen aurka, eta luzeak dira bertsolerroak ere, aurkitu nahi den lurraren mugen finkatze eta hausturaren irudiko, eta landua baina ez nekagarria gertatzen da hiztegia. Horrela, memoriaren harilkotik eginiko esplorazio edo azterketa etengabea, errea bezala definituko nuke lan hau (esanguratsua ildo honetan Koordenadak deritzon lehen poema), egileak poesiarekiko agertzen duen konpromezua (maitasunaren sinbolopean eta gutasunaren erabileran gauzatua besteak beste) berrestea helburu duelarik. Horrela dio Galtzeko lurrak poeman: “… / Gure negarraz beste eginen dugu / Gure odolaz beste eginen dugu / Gure libertateaz beste /…/ Orain hau kitatzekotan ederra behar du zuen geroak / Zuek ez dituzue inoiz nire poemak idatziko”. Eta memoria kolektiboan zehar gauzatutako esplorazioa diot eta ez beti garaileek idatzi izan duten historiatik zehar (Indusi poemaren bidetik) zeren eta egileak mezu bat igorri nahi baitu, hizkuntza poetikoak dituen baliabide guztiak mezu edo giroaren menpeko bihurtuz eta ez helburu zehatz. Literatur kritiketan behin baino gehiagotan egiten den bezala mezuaren iturria epaitzera sartu barik eskertzekoa deritzot, azkenaldi honetan euskal olerkigintzan bereziki erabilitako hizkuntzaren ironia emaitza duten olerki-liburuak sarriagotu egin baitira, formak mezuarekiko gailenduz biek oreka egonkorrean beharko luketenean. Aurkitu dut ironiarik orriotan, baina bigarren maila batean, poemen biluztasunaren ondorio gisa, Talaia gaiduak -1 poemaren kasu: “…/ Negarra bozatzeko beste txara hazi da nire hortzoietan / Etxe hustuetako enpapelatuan dira behialako maite-izenak / Eto bihotzak bi diren artean erdibi dagoz, bi erdi”, edota Ondare poeman: “… / Nire hitzak ez dira hautazko eldarnioa ez dira / ebakuazio bat ez dira literatura / Beti bilatuko diot aho bat zure negarrari / Bakarlan estua da bertotik hona itzuli behar hau / Beilatzen ditugun begiok balakatzen gaituztela gauaren tarratada artetik / …”.

Poema indartsuak dira, patxadaz irakurtzera gonbidatzen zaituztenak estreinako, ondoren arnasa ere ebakitzen dutenak, mingarriak. Baina autorearen hitzak erabiliz “Lur bat nahi. digute / Gainera datorkigun lurra dugu gure aberria gure amodioa / Oroibelarra hazten da euskal etxeetan / Bizirik eman nahi digute, gure maitetasuna luizi bat da”, baina guk badakigu minak baduela lurrik. Poema liburu baten neurria, besterik gabe.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak