« Mikel Lasa: Arakatzaile | Memorian gauzatutako esplorazioa »
Langosta baten inguruan / Telesforo Monzon / Elkar, 1995
17-17-N.M.5 Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1995-11-04
Laster hasiko zaizkigu galdezka, hil haginean dugun mende honek eman dituenetarik zeintzu ote diren hurren milaurtekoari begira garrantzizkoenak. Zerrendak osatuko dira, eta, niri galde egingo didatenentz ez badakit ere, dagoeneko egiten hasita nagoen nire-neure horretan euskararen batasuna eta abertzaletasun modernoaren sorrera izango dira lehen postuetan, gertaera kolektiboen alorrean, hain zuzen. Langosta baten inguruan izeneko libururako idatzi digun hitzaurrean Koldo Izagirrek Telesforo Monzoni erizteko erabiltzen duen hitz multzoaren haritik dator gogoeta hau. Noski, halako zerrendetan azken urteotako gertaerek pisu handiagoa izanen dute hurrengokoek baino. Zerrendok hustasunkeriaz ezezik giza-oroimenaren ahaltasunaz mintzatuko zaizkigu. Zenbaten zerrendan sartuko litzateke Telesforo Monzon?
Euskara Batua finkatuxe dugun mende amaiera honetan harrigarri egiten da ikustea, bada, zenbait euskal prosagileren euskarari orrazketak eginda zein batu idazten zuten, hala nola, Monzonek berak. Ez dut ukatuko lapurterak niregan eragiten duen zirrara, ezta ere Bizkaia eta Gipuzkoa arteko muga bero horretan egiten den euskara nola miresten dudan. Monzonek Bergarakoa zuen gaztaroko giroz, Lapurdikoa gerra osteko ezbeharren halabeharrez. Biak idazle-senaz uztarturik, kazetaritzako prosa dotore eta, hoba ez!, doi bat aristokratikoa osatu zuen Telesforo Monzonek. Idazleetan ere bat baino gehiago harrituko da, bozkarioz harritu ere, liburu honetako prosa irakurtzean.
Telesforok han-hemenka biltzen zituen pasadizoak, gero hiru-lau egoki josteko, arrazoibide ulergarriren bat bilatu eta, hara, alegiatxo bat, ipuintxu bat osatzen zuen, ulergarri bezain sakon. Joste-lan horretan erabiltzen zuen orratza bere humanismo kristaua zuen, Vatikanoari ere zizt egiten zekiena bera. Pasadizoetan aldiz, Monzonek Nazio Batuak zein Bergarako jaietakoak hautatzen ditu bere helburuetarako, alegia, gerraondoko euskaldunei zentzumenak zorrozteko baliagarri izan zitekeen zernahi, esan behar delarik liburuan biltzen diren hamazortzi lantxoak —lehenago Telesforo Monzonen lan osoetan agertuak izan arren oraingoan berriro orraztuak eurak— lehena 1949an eta azkena 1960. urtean argitaratu zirela. Honetan harrituko dira oraingo politikariak, ez hurrean bozkarioz, bekaizkeria beltzenaz baino, idazten eta gauzak esaten baitzekien Telesforo Monzonek. Bildumari izena eman dionaz alde batera, bere 17-17-N.M.5 matrikuladun autoaz egin zuena dut nik gogokoen. Hala bada, beude horiek hor goian, mende-hondarreko zerrendetan autoa ere jarri beharko dugu eta, Monzonenak liburu honetan du bere nortasun-agiria.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez