kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Sakoneta / Juan Luis Zabala / Susa, 1994

Odolustutzen ari ilunabarra Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-10-01

Hizlauzko bide mamitsu eta iraunkor baten egile dugu Juan Luis Zabala, bere eskukoak direlarik “Zigarrokin ziztrin baten azken keak” (eleberria), “Ahanzturaren artxipelagoa” (ipuinak), “Gertaerei begira” (ipuinak), “Kaka esplikatzen” (eleberria) eta “Sakoneta” (Susa, 1994) egundo azkena.

Hamar urtetan zehar idatzia, “Sakoneta-k” hamaika ipuin dakarzkigu, hamaika geltoki, zeinetan pertsonaia bana (pertsonaia bera multiplikatua edo egilearen beraren ahotsa han-hemenkatua, auskalo) egonean baitago era obsesiboan ziztu bizian ibili dabilen denborari eutsi ezinik. Egoera horretan sortzen da Peter Handke-ren zalea den Juan Luis Zabalaren hitza mapa puntual eta abstraktu baten osaketan, iltze edo giltza irakurketa misteriotsuaren ingurumarian.

Bakarrizketa da tonu eta giro. Arraultz-oskolan bildutako ahotsaren antzekoa, mundua sortu aurrekoa eta mugagabe hedatua, bertan behera urrunekoa, ezin erauzizko bakardade larrugorriarena, hots, bere baitakoa eta munduarekiko arrotza, epeltasunean noragabe eta gogogabe eta, bide batez, bortitz, oldarkor eta tenkor, komunikazio-inkomunikazioaren sokatiran. Bakarrizketa-ahotsok pertsonaien oroitzapenen sentimenduak dira, barruan nekez kabituzko mundu baten oihartzun eskuragaitzak, paisaia arkeologiko baten aztarnazko bihotzareh orpotikoak. Eta zer nolakoak dira sentimenduok? Hasteko, pertsonaiak galdera erretoriko bana dira, ipuinotako ingurugiroa den bezala, izkutu oratua, hondoa jotzen duen antolamendu eraikitzile-nekatua, barruranzko puzzle geldo eta eutsia. Lixiriketa geldiko sentimenduok liluraren osteko mina, porrota edo asperdurarenak izan ohi dira, urduritasunean txertatuak eta zalantzari hortzak tinkatuz dirauten pertsonaienak.

Tonu babesgarri eta ankerra du hizlau honek, moldatua zizelkatua bainoago, lainotsu baino gehiago haragitua. Odolustutzen ari den ilunabarra. Muga abailduetan bizi-bizirik larrutua, hala nola egunkarietako argazki bat. Desoseguzko mezu hau akuilu zaio egileari konzientzia berpizteko, bidegabekeriaren salaketa-asmoa modu gordin (haragia) eta, era berean, poetikoz (muga) azaleratua.

Barne erraiekin idazten duen egile honen lanetan ezin ahaztuzkoak sinboloak. Sinboloek esanahiaren indarra dute muin muinean joz, hala nola kisketak atean. Inguruko matazaren, ixtorioaren ardatz dira, gora behera askotako bidaiaren laberinto guneak. Irakurlea esnatzeko xedez hartuak eta harrapatuak.

Batzuk aipatzearren: Sakoneta bera (hondartza nudista baten izena, lehen ipuinaren izenburua eta baita ere liburu osoarena, isolamenduaren sinboloa), planeta abailduak (gizakia berarena, eroriz gero berunezko zama bilakatzen baita), bide seinale hautsiak (gizaki modernoaren barne ispilu puxkatuarenak), trena (noraezarena), eskutitza (bakardade latz eta ulertezintasunarena), bizarra (gaztetasun eta askatasunarena), begi berriak (eraberritzearena)…

Absurdoak bere tokia du, eta ez edonolakoa. Egileak zaborrei eta kakari (ore geldo, gupidagabe, etsi eta halaber errebelde hori) erreparatzen die behin berriroko zeremonian. Beitu, bestela, “Azgazkitik kanpo” ipuineko komuna publikoetarainoko joan-etorriak, eguneroko errito bihurtuz. Izan ere, zarama eta ezereza, kaka bera barne, mugakoak dira.

Mugak dira ere txirrindularitzarenak, bizitzaren metaforak direnak, bestalde. Txirrindularitza, bateko, lilura eta zirraragarri baita, edozein espektakulo adinakoa, baina besteko, lehertzekoa, oinazez eta eramankizunekoa. Liluraren ondoko engainua, bizitza bezala. Bere horretan dardar egiten dagoen muga abaildu eta haruntzagokoa.

Juan Luis Zabalaren hitz-lerroa abaildua eta haruntzagokoa baita eta hizlaua adierazkor eta iradokor.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak