kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Lehenago zen berandu / Arantxa Iturbe / Alberdania, 1995

Atrebentziarik ez bada Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-09-17

“Lehenago zen berandu” (Alberdania, 1995) Arantxa Iturberen bigarren liburuak lehengo lepotik du burua “Ezer baino lehen-en” haritikoa baita, hala gaiaz nola estiloaz.

Egilearen aitorpenetako baten arabera “Alegiko hortxaxiete marimatxarda” bat zenean ipuinak idazteari ekin zion. Geroxeago idazle izan nahi zuela eta, kazetaritza ikasi Iruñean. Gaur egun Euskadi Irratiko lankideetako bat da, “Goizean Behin” saiokoa. Eta irratiarena aipatzen dut hasi eta buka egiten den liburu honetako hizkerak egilearen ofizioarekin zer ikusirik duelako.

Hamahiru ipuinon hizkera ahozkotik hartua da, hitzetik hortzerakoa, baina ez baserrikoa, baizik eta kaletarra. Hizkera arina, grazioxoa, prexkoa eta bixigarria, tipustapastekoa hala nola etxeko eztabaida baten ondoko ate danbada, kaskarina, ahalegin haundirik eskatzen ez duena, paperetik zuzenean irakurri gabe belarri ertzera ere konta, daitezkeen narrazio solte eta kuxkuseroak. Gaiak gaixto askoak. Liztorkabia.

Hiriko gertaeren collage itxurako ipuinok “bihotzeko aldizkari-en” ustegabea daukate, udako erromantzearen zirrara, nobela poliziakoaren impasse-a, mesanotxeko argiaren pikardia, fotomatoi-argazkiaren eztenkada edo baimenik gabe eta egoera konprometituan egindako argazkiaren malizia. Batzuk sketx dibertigarriak dirudite, beste batzuk egunkarietako berriak edo telefono-hizketaldiak. Ezer berezirik ez duela ere, krokatu edo engantxatzen du izenburu misteriotsuko liburu honek. Besapean eramatekoa, hurrenkera berean zein atalka irakurtzekoa, hondartzan nahiz autobusean, jan azkar egiten da, hala nola sandwich edo hanburgesa bat. Txolarteetarako, txurrutadatzat.

Egileak giza eta sexuen arteko harremanen gaiari deutso. Mende honen amaieran, non ideologiek gainbehera daramaten, egunean eguneangoa bilatzen da. Haruntzagoko ideien edo ilunabarren ordez frigorifikoa nahiago; mitoei lekua kenduz gizon eta emakumeen arteko harremanak. Dena aldatu da, hiriek eta hango gatazkek protagonismoa hartu dute herria eta ikuspegi bukolikoen maldan, beheraren ondoan. Hauxe da dagoena salgai.

Senar-emazteen arteko adar-jotze, haserraldi eta koartaden gaineko “Lehenago zen berandu” honek, “Bi eta bat”, “A ze parea barraskiloa eta barea” edo “Goenkale” telesail arrakastatsuen antzik badauka.

Literatura-moeta hau gustokoa izan daiteke ala ez, baina ondorioztatu ahal da: gaurko ziztu biziko gizarte edozertarakoan bere funtzioa betetzen du.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak