kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Lehenago zen berandu / Arantxa Iturbe / Alberdania, 1995

Bikoteen bakardadea berriro Begoña Muruaga / Euskaldunon Egunkaria, 1995-07-30

Hamahiru errelatoz osatutako liburu hau irakurtzean, Dorothy Parker-en “La soledad de las parejas” etorri zitzaidan burura. Orain dela berrogeita hamarren bat urte idatzia den eta nik orain dela bost irakurritako liburu hark bi ezaugarri nagusi zeuzkan; bata, bikoteez ari zela, bikoteen bakardadeaz hain zuzen; bestea, emakumeak zituela protagonista nagusi. Alde horretatik, behintzat, esan genezake bi liburuek zerbait dutela amankomunean.

Dorothy Parker-enean gizon eta emakumeen arteko harremanen absurdoa agertzen zen eta harreman zentzugabe eta antzu horietatik emakumeak ateratzen direla beti galtzaile azpimarratu. Arantxa Iturberenean, berriz, emakume guztiak ez dira galtzaile irteten. Hemen badago irabazle irteten denik, nahiz eta munduaren aurrean bakarrik izan irabazle eta ez bere barnean. “Nik arrazoi” izenekoan bezala. Horretaz gain, mantis religiosaren antzeko emakume bat ere aurkituko dugu. Gauzak zerbait aldatu diren seinale?

“Lehenago zen berandu” honetan, bestalde, galtzaile izatea ez da tragedia bat, horri ere buelta eman baitakioke, batzuetan irabazlea izan zen haren errukia sentitzeraino. Hala egiten du behintzat Doloresek, liburuari izenburua ematen dion errelatoko protagonistak. Maria ere galtzaile dugu: “Mariari lehendabiziko gizonak bihotza txikitu zion, bigarrenak hortzak, eta hirugarrenak auto berria”, baina ez da bakarra, eta patuak aukera berri bat eskainiko dio beste gizon batekin bere bizitza berreraikitzeko (“Maria eta Jose”).

Errelato gehienak bikoteen arteko harremanez ari badira ere, bizpahirutan emakumeen arteko adiskidetasunaz ari zaigu egilea. Konplizitatez eta errespetuz betetako adiskidetasuna batzuetan; “Sekula ez zidan hitz erdirik esan ile-kizkurrari buruz, ezta nik galdetu ere” (“Baietz ile-kizkurra izan!”), inbidiaz jositakoa bestetan: “Oso lagunak ginen elkarri penak kontatzerakoan, baina ez zuten barkatzen bizipozik aurkitzea. Taldeko kide izateko, arazoak beharrezkoak ziren… Traidorea zen sufrimenduz betetako aurpegiz agertzen ez zena. Solidarioa, egun batetik bestera, beste ile-zuri bat edo betondoan beste zimur bat zuena” (“Nor da berria?”).

Baina dena ez da tristura liburuan, umoreak ere bere lekua baitu maitasun istorio hauetan. Ez barre algara eragiten duen umore hori, baizik eta irribarrea maiz aterako dizun hura.

Gaiak betikoak badira ere (maitasuna, infideltasuna, zeloak, bakardadea…) Arantxa Iturberen istorioek halako ikutu berezi bat dutela esango nuke nik, bai idazkeraren aldetik eta baita mundu ikuskeraren aldetik ere. Esaldi motzez kateatzen ditu ideiak euskara erraza, hizkuntza mintzatutik hurbila, erabiliz. Istorioek, bestalde, beti dute halako tonu umoretsua, esanez bezala bizitzan gauzarik tragikoenak ere —bikote kontuan behintzat— ez liratekeela hartzen ditugun bezain serio hartu behar.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak