kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Gizona bere bakardadean / Bernardo Atxaga / Pamiela, 1993

Gizona bere bakardadean Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-04-30

Izenburuak berak salatzen duenez, gaurkorako Bernardo Atxagaren orain arteko azken nobela hartu dut hizpide. Gure Bernardo idazle handi bezain apala dugu, eta apala diot heldu den lekura iritsi baino lehen, txirrindulari sufrituak bezala etapa anitz iragan behar izan dituelako isilpean, eta lorazain zintzoak bezala hilabetero belar ziztrinak pazientziatsu alboratutakoan, gelditutako lerroak eskaini dizkigulako. “Obabakoak” obran ohi duen hitzaren dohaiaz eta maisutasunaz, baina, batez ere, bere irudimen harrigarria dela medio, literatura ororentzat ezinbestekoa den erreferente mitiko bat marraztu du asteasuarrak, iragana eraiki, memoriaren sinonimoa dena. Eta horrela, Atxaga euskal literaturaren narratibagintzaren tradizio ezaren zulo beltza betetzen saiatu izan da, eskueran dituen baliabide guztiak ustiatuz (behin eta berriz aipatu izan du Pello Errotaren alaba Mikaelak diktatutako liburua). “Obabakoak” idatzi ondoren, “Gizona bere bakardadean” lanean (Pamiela, 1993) murgildu da. “Obabakoak” mitikoa eta iragana da, azken eleberri honek, ordea, aseptikoan eta orainean egiten du aztarna. Izan ere, zuri baten bila zebilela aditu nion behin egileari. “Obabakoak-ek” opa zuen irakurketa liluragarriaren ordez, egunkari baten moduan erredaktatutako baina egunkariek ematen ez duten eritzi-askatasunaz idatzitako “Gizona bere bakardadean” etorri zaigu.

Eta eman duen jauzi ausarti honetan, behin baino gehiagotan esandakoa azpimarratu nahi izan du ostera ere: idazleak ezin dio errealitateari muzin egin, errealitateari eutsi behar dio eta interpretatu. Asteasuarrari elkarrizketa batean irakurri ahal izan diodanez, Bilbo, barkatu, Bilbao atsegin zitzaion, besteak beste, presentziaz eta errealitatez beterik dagoelako.

Eta gakoaren muina den errealitatearen ikuspegitik atxiki dio bere nobelari, eta horretarako euskal gizartean gori dagoen arazoa, “euskal arazoa” deitua aurkeztu digu eta, jaun-andreok, mahai gainean jarritakoan idazle-begiz disekzionatu: ETA eta bere ingurua. Bartzelonan, Futbol Mundialaren garaian, hotel batean ezkutatu diren taldekideen istorioa kontatzen da. Nobelaren eraikuntza idaztearen ofizioa eta ofizio honen trikimailu guztiak ezagutzen dituen batena da, doi urindutako engranajea baita. Akupunturan bezala han-hemenkako detaileak eta keinuak lotzen ditu, puntu batetik bestera garamatzalarik, sinbolo ttipiak testuaren oihalgintza konplexuan gaindi sakabanatuz, eta horrela, sinboloen indarra dela bide, egoerek eta pasarteek elkarri jarraitzen diote funtzionamendu zehatzean eta irakurlearen mesederako. Ekintzakoa den nobela honetan flash-back eta eszena aldaketek azkartzen dute testua. Irakurlea ez da behin ere sentitzen utzita, nahiz nobela korapilatsua izan, besteak beste, ahots anitzen elkarketa eta gurutzaketagatik.

Gai nagusia Carlos protagonistaren bakardadea da, bakardade izugarria, labirinto hertsi eta gotor baterantz hondoratzen doalako. Alde batetik, bere barruko bakardadea dago, bere barnean ezin konponduzko ahotsen amalgamaz basiturik; eta bestetik, hiriko bakardadea eta bere ingurukoa ere badaude, hotelean bere eskuz kanpoko egoerak suertatzen direlako.

Kritikarik ez da falta. Nobelako poliziak gizaki kaxkarrak dira, joko zikinetan lokaztuak. Militante batzuk azal gogorrekoak ditugu, berekoiak, etika, erantzukizun eta koherentzia gabekoak. Herri txikietako biolentzia ere salatuko digu, Koprotki pertsonaia aipatzen duenean, alegia. Egilearen jarrera, besteetan bezala, ahulen aldekoa da. Hunkigarria zaigu Pascal umearen txabola suak hartzen duen pasartea, adibidez. Iraultzari buruzko egilearen ikuspegia desenkantoarena da, bere belaunaldiko askorena bezalakoa.

Benetan nobela bikaina, non frogatzen baita hizkuntza txikien literatura urrunera ere hel daitekeela.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak