kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Batita Haundia / Daniel Landart / Kutxa, 1994

Ilunaren ahalkerik gabe Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1995-02-12

Eleberri hau “liburu ausarta” dela idatzi du Andolin Eguzkitzak liburuaren atari gisa paratu duen hitzaurrean. Liburuko lehen kapituluak irakurririk, ausardia hori non arraio ote dagoen galdetuko dio beharbada irakurle batek baino gehiagok bere buruari, baina trama bere une erabakigarrietan sartu ahala —10. kapitulutik aurrera— apurka-apurka konturatuko da Landarten hau ez dela inola ere Iparraldeko baserri giroaren inguruko eleberri kostunbrista hutsa, ezta hurrik eman ere.

Itxaro Bordaren “Bakean ützi arte” edo Mailux Legorbururen “Zozoaren kanta” bezala, hegoaldetarroi Iparraldea hobeto ezagutzen lagun diezagukeen eleberria ere bada “Batita Haundia”, baina baita hori baino askoz gehiago ere. Lurrari, erlijioari eta iraganari estu lotutako gizartea ageri zaigu hiru eleberriotan, baina horietako bat bera ere ez da horrekin asetzen, hirurak saiatzen dira beste zerbaiten bila, hirurak dira gaur egungo eleberri modernoak.

Zertan datza, ordea, modernotasun hori? “Batita Haundiaren” kasuan, kontatzeko teknikaren aldetik ez dago berrikuntza handirik, oso modu normalean txertatutako flash-back bat edo beste izan ezean. “Ni funtsean kondalaria naiz idazlea baino gehiago”, entzun nion Daniel Landarti ETBko “Iparra” saioan. Horixe esan nahi zuen beharbada, irakurleak gustora eta oztoporik gabe jarraitzeko moduko istorioak idaztea dela bere lana, eta ez kontaketa modu berritzaile eta harrigarriak bilatzea. Abentura kontatzailea dela, alegia, eta ez kontalari abentureroa.

Kontatzen den istorioa da, beraz, modernoa, gaur-gaurkoa eta “ausarta”, Eguzkitzak hitzaurrean dioen moduan, Iparraldeko gizartea eta literatura nolakoak diren kontuan harturik behintzat. Lehena eta oraina lotzen dituen istorioa da Batita Haundiarena, baina lotura hori egiterakoan alderdirik ilunenei begiratzeko ahalkerik ez duena.

Bada hala ere aipatu beharreko akatsik. Oro har euskarazko liburuetan eta Iparraldeko idazleenetan bereziki, badago zeinu tipografikoak gaizki erabiltzeko joera, eta Daniel Landarten liburu hau ez da inondik ere salbuespena. Kasu honetan, pertsonaien hitzak zuzenean sartzerakoan hainbat akats sumatu ditut; esate baterako, pertsonaiaren hitza eta kontalariarena bereizi gabe emateko joera ikusten da liburuan zehar: “—Bai zuri ere, erantzun zion Juanak” irakur daiteke 142. orrialdean “—Bai zuri ere —erantzun zion Juanak” agertu ordez; beste batzuetan nik behintzat zertarako diren antzematerik izan ez dudan komatxo batzuk ageri dira pertsonaien zuzeneko hitza sartzen duten gidoien ondoren: “—Eguerditan jaiki behar duzu, aita! Oilaskoa dugu jateko… erran zion Katixak, igande batez” (20. or.). Horretaz gain, Iparraldeko beste hainbat idazlek bezala, Landartek —frantsesez idazterakoan egin ohi den bezala— galdera ikurraren edo harridura markaren aurrean —eta parentesi gisako gidoien atze-aurretan— hutsune bat uzteko joera du, euskara batuan, oso-oso oker ez banago behintzat, utzi beharrik ez dagoena… Badakit txikikeriak direna, baina halako batean kontu hauek guztiak ere zuzendu beharko dira ba!

Txikikeria huts baino ez diren akats horien aipamenak ez beza ahantzaraz lehen esan dudana. Gaur-gaurko istorio moderno baten inguruko kontaketa atsegina da Daniel Landarten “Batita Haundia”, iazko Irun Hiria eleberri sariketaren irabazle duina.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak