kritiken hemeroteka

7.001 kritika

Azken kritikak

« | »

Zer gerta ere / Karlos Linazasoro / Alberdania, 1994

Alderdirik laiotzenean Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-11-20

Idazle oparo eta nekaezina da, dudarik gabe, Karlos Linazasoro, literatura barru-barruan, errai-erraietan sartua duena, nahi izango balu ere ezin erauzia. Batzuetan Kafkarengandik gertu, bestetan Borgesen bidetik —beste idazle asko aipatu beharko lirateke, baina bi handi horiek aipatzearekin ere badago zerbait iradokitzerik—, giza-izaeraren mugak eta alderdirik laiotzenak arakatzen dituzten narrazioak dira idazle honek orain artean erakutsi dizkigunak, eta liburu honetakoak ere ez daude ildo nagusi horretatik oso apartean.

Liburua “Berardo L.T.-ko udal liburuzainak amaigabe utzi zuen nobela osoa” balitz bezala aurkezten zaigu atzeko solapan, baina, lehen eta azken ipuinaren bidez denak lotzen diren arren —zehazkiago esateko, Linazasorok sortutako fikzioan tarteko ipuin horiek guztiak egilearen alter ego den Bernardo LA idatzitako nobelaren pasarteak diren arren—, berez hamabost ipuin biltzen dituen bilduma da “Zer gerta ere”.

Ipuin motz-motzak dira batzuk, funts nagusia amaierako ezustekoaren baitan dutenak, egile berak oraindik orain Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen “Ipuin arriskutsuak” bilduma osatzen dutenen antzekoak. (Egia esanda, ez dut garbi ikusten zer irizpide erabili duen Karlos Linazasorok Ereinek argitaratutako liburuko ipuinak “Zer gerta ere” horetatik aparte uzteko, haiek ere egilearen alter ego, heteronimo edo dena delako berberarenak zirela kontuan hartuta, Berardo L.-renak, alegia). Liburuko ipuin motzen artean, “Ipuinlaria”‘ iruditu zait, niri guztietan aberats eta indartsuena, trinkoena.

Beste ipuin batzuk, berriz, luzexeagoak dira —30na orrialdetik gora dituzten lehena eta azkena batez ere—, eta hauetan narrazioa bizi-bizi bideratzeko erraztasuna erakutsi digu, besteak beste. Karlos Linazasorok, aise egiten baitu irakurleak aurrera ipuinotan, narrazioak planteatzen dizkion galderen erantzunaren bila presatua delako batetik eta Linazasororen prosa erraz eta jariakorra delako bestetik. Liburua zabaltzen duen lehen ipuina —”Ilunabarrak ekarriko zituen lehen argiak”— dugu arestian aipatutakoaren adibiderik egokiena, niri liburuko ipuinak ederrena iruditu zaidan “Hegaldia” harrigarri eta bihurriarekin batera. Trebetasun ikaragarria erakutsi digu bi ipuinotan Linazasorok.

Liburuko ipuin guztiak lotzeko eginbeharra duen eta liburuari izenburua ematen dion “Zer gerta ere” ipuina, aldiz, topiko askoren topaleku iruditu zait, eta liburuaren nahasgarri aberasgarri bainoago. Berardo L.-k Massimo Gallant espia bolantearekin dituen solasaldiek ez dituzte, nire ustez, liburuko ipuinen arteko loturak estutzen, eta berezko balio handiegirik ere ez diet ikusi. Desosegua sentiarazi dit ipuin honek, ez Linazasororen ipuinek sortu ohi duten desosegu gozo eta poetiko hori ordea, askoz desosegu prosaikoagoa baizik, non dagoen eta zertan ari den ez dakien irakurle galduari dagokiona. Izango ahal da ni baino begi eta buru argiagoz irakurriko duenik!

Azken ipuin nahasi horrekin topo egin artean, ordea, aise, gozo eta gustora irakurri dut Linazasororen “Zer gerta ere” hau, idazle tolosar honen idazkeraren bi dohain nagusiekin gozatzen: irudimen agortezina eta irakurlea giza-izaeraren alderdirik laiotzenetan barneratzeko erraztasuna.

Azken kritikak

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Aiora Sampedro

Badena dena da
Patxi Zabaleta

Amaia Serrano Mariezkurrena

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Estibalitz Ezkerra

Poesia kaiera
Alfonsina Storni

Alex Uriarte

L.A.A.
Maixa Zugasti

Ibon Egaña

Duchampen inguma
Eric Dicharry

Javier Rojo

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak