kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bakean ützi arte / Itxaro Borda / Susa, 1994

Maitasuna, borroka eta zuberera Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-06-26

Askotan aipatu izan da euskal literaturak denbora asko eta kontu handia behar izan duela gaur eta hemengo errealitatearen inguruko narratibari ekin aurretik, baina, askoren oharkabean bada ere, Itxaro Borda aspaldidanik ari zaigu gaur egungo Euskal Herriari lotutako gaien inguruko narratiba lantzen, gordin eta gogor gainera, bere aurka esango direnen beldur handirik gabe.

Ildo horri jarraitzen dio Bordaren azken eleberriak ere. Kasu honetan, idazleak egun bizileku duen Zuberoan kokatzen da kontaketa, eta Gaz-Pars elkarteak Zuberoako gasbidearen aurka egindako borroka dago narrazioko gai nagusiaren kontestuan. Pentsatzekoa zenez, literatura engaiatua egin du Itxaro Bordak, kapital frantziarrak gasbidearen inguruan dituen interesak gogor salatuz, eta zenbait zuberotarren jarrera erosoa ere gaitzetsiz.

Bi neskenegun edo larunbaten arteko tartean gertatzen dira nobelak kontagai dituen gertakariak oro, astebetez. Zuberoan bizi arren manexina den Amaia Ezpeldoi detektibe erruralari azken egunotan aienatua den Lakarriko Buztanobi baserriko Gaxpar aitona bilatzeko enkargatzen diote, eta ikerketa lan horretan hainbat gorabehera bitxi biziko ditu detektibeak: Misteri-Service agentziak laguntzaile gisa igortzen dion Joana Garalda laguntzaile zaraitzuarra ezagutuz, Komando Mando osatzen duten kide xelebreen berri izanez, Bereterretx berarekin ere topo eginez tarteka…

Eleberriaren abiapuntu hori —detektibe eta guzti— suspense handiko thryller baten abiapuntu izan zitekeela pentsa daitekeen arren, ez da hori ltxarok hautatu duen bidea. Eleberriak kontatzen digun istorioa arina da, sinplea, katramila handirik gabekoa, komiki lan baterako egokiagoa polizi filme baterako baino.

Bere sinpletasunean, badu xarmarik, hala ere, Itxaroren kontaketak: Zuberoako bizilagunen eta bizimoldeen ezagutza, eta baita, gasbidearen gatazkatik abiaturik, Zuberoak dituen arazo nagusienena ere; zenbait egoera bitxi eta ezusteko, umorez ere zipristinduak; maitasunari, bakardadeari, sexu harremanei buruzko hainbat gogoeta eta ikuspuntu, ez guztiak oso ohizkoak gure artean…

Kontuak kontu, eleberri honen aipamen orotan aipatuen den datua hizkerarena da, eleberri osoa zubereraz idazten ausartu baita sortzez behenafarra —manexina beraz— den Itxaro Borda. Ez da, gainera, hor amaituko idazle ausart honen erronka, amikuzeraz, erribereraz, araberaz eta donostieraz idatziko baititu bere hurrengo lau eleberriak, guztiak ere —“Bakean ützi arte” hau bezala— lurraldetasunaren gaia ardatz harturik, gure periferiako lurraldeen erreibindikazioa eginez. Hala iragarri du behintzat idazleak berak hainbat komunikabidetan egin dizkioten elkarrizketetan.

Eleberri hau zubereraz idatzita zegoela jakin nuenean —aitortzen dut— okertu egin nuen begitartea, baina gero gustora irakurri dut liburua, zenbait pasartetan —egia osoa aitortzeko— galduta sentitu banaiz ere. Besteak beste, zuberera pittin bat hobeto ezagutzeko balio izan dit esperientziak, horretan ez da dudarik, baina minik gabekoa izan da, gainera, ikasketa, eta hori eskertzekoa da.

Dena den, arriskutsua iruditzen zait eleberri bat aipatzean zein euskalkitan idatzia dagoen izatea mintzagai nagusi. Ez dut ezer Itxarok komunikabideetan agertu duen bere asmo erraldoi eta ausart horren aurka, baina gauza bat gogoratu nahi nioke, bide luze eta neketsu horretan kontuan har dezan: kontaketak berak —edukin eta forma, biak barne—funtsezko eta berezko garrantzia izan behar duela beti, euskalkiak euskalki, engaiamenduak engaiamendu eta mezuak mezu.

Iparraldean ez dute beharbada “Otto Pette” bezalako arnas handiko eleberri landu eta biribilak egiteko patxada hartzerik (“Mugetan ezin da gehiegi teorizatu”, zioen atzo, besteak beste, Bordak berak EGUNKARIAn), baina tarteka-marteka lan interesgarriak eskaintzen dizkigute behintzat, freskoak, arinak, biziak eta hain gertu eta hain urrun dugun “bestalde” eta “periferia” ezezagun horien berri jakiteko baliagarriak. Itxaroren ahotsa entzun beharrekoa izan da beti euskal literaturan, eta “Bakean ützi arte” honetan ere aurkituko du irakurleak zerekin gozatua eta zer ikasia.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak