kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Consummatum est / Joan Mari Irigoien / Elkar, 1993

Betikoa eta berria Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-02-27

Altzatik Euskal Herrira egin ondoren, Euskal Herritik mundu zabalera egin du jauzi eleberri honekin Joan Mari Irigoienek. Mundu zabal hori, kasu honetan, Euskal Herritik, geografikoki behintzat, oso gertu kokatu beharreko “Ispanya-ko” “Zarauel” probintzian dago nagusiki, baina Europako erdialdera ere jotzen du eleberriak, eta hango oihartzun ugari jasotzen. “Babilonia” arrakastatsu hura argitaratzearekin bat, 1989an, “Oilarraren promesa” (1973), “Poliedroaren hostoak” (1983) eta “Udazkenaren balkoitik” (1987) eleberriek osatutako zikloa itxi eta biribildu zuen Altzako idazleak, eta “Consummatum est” —izenburuak kontrakoa iradokitzen duen arren— ziklo berri baten hasiera gisa ulertu beharko da. Ziklo honetan Irigoienek Euskal Herriaren historiaren eta izaeraren inguruko kezkak alde batera utzi eta gai filosofikoago eta unibertsalagoetara jotzeko asmoa izango duela pentsa daiteke, horixe baita behintzat nik “Consummatum est” irakurri ostean sumatu dudan aldaketarik aipagarriena. Eleberri honetan bi dira gogoeta gai nagusiak: gaizkiaren eta ongiaren arteko borroka ezinbestekoa gizabanakoaren baitan, batetik, eta barkamena bestetik.

Ez dirudi, dena den, Irigoienen narratibaren erabateko aldaketa ekarriko duenik berekin ziklo berriak. Arestian aipatutako aldaketaz landa, “Babilonia-k” itxi bide zuen ziklo narratibo hartako lanen ezaugarri nagusiak ageri dira “Consummatum est” honetan ere: zama sinboliko eta poetiko handiko prosa, errealismo magiko-fantastikoa, giza izaeraren, giza bizitzaren eta, jakina, giza heriotzaren inguruko kezka filosofikoa… Liburu berri honen irakurketari egilearen izenik jakin gabe ekinda ere, aise askorik antzemango lioke Irigoienen aurreko liburuak pixka bat irakurriak dituenak. Betiko Irigoien da, baina Irigoien berria ere bai aldi berean. Betikoa eta berria.

Kontaketaren amaieran bat egingo duten bi planotan banatua dago “Consummatum est”, eta plano bakoitzak mundu berezi bat eraikitzen du; kontaketaren erritmoa eta joskera egokia iruditu zait, orekatua; pertsonaiak bitxiak dira, Irigoienek, ohi bezala, irudimen handiz landuak eta kontraesan eta barne gatazka interesgarri ugariren topagune; prosa, berriz, ohi bezala hau ere, sinbolismo eta poesiaz gainezka egin artean landu du egileak (“eternidadearen itsasoak oro denboraren hondartzetan hiltzen zirela baitaratu zitzaion arte”, irakur daiteke, adibidez, 62. orrialdean), gehiegi ere bai batzuetan, melengakeriaren mugetaraino labaintzen baita zenbait pasartetan, nire gustorako behintzat. Kontaketaren bi planoek bat egiten duteneko amaiera, ostera, sinbolikoegia eta apoteosikoegia iruditu zait, sinesgarritasun edo egiantzekotasun gutxikoa, Diegoren azken uneko jokabideak aldez aurretik prestatu gabe harrapatzen baitu irakurlea; ankerkeriarik zitalenetik barkaberatasun mugagabe bateraino halako bidaia bat-batekorik nekez irents daiteke kolpetik.

Kritikoa izaten saiatu naiz aurreko lerroetan, gustatzen ez zaidana zer den esaten, baina aitortu beharrean naiz oso subjektiboa dela akats horien konstatazioa. Litekeena dela, alegia, nik akatsak ikusi izan ditudanetan bertuteak atzematea beste irakurleren batek: ziur naiz irakurle bat baino gehiagori ederrak irudituko zaizkiola nik poesia gozoegiz zamaturikotzat jo ditudan pasarteak, eta ziur naiz bat baino gehiagorentzat amaierako ezustekoaren bat-batekotasuna izango dela, hain zuzen ere, kontaketa osoaren unerik biribilena. Egileak berak kontzienteki egindako aukerak baitira, azken finean, niri kritikagarri, edo gutxien-gutxienez zalantzazko, iruditu zaizkidanak; eta aukera horiek beren justifikazio narratiboak dituztela pentsatzea ere zilegi baita kasu honetan.

Kontuak kontu, Irigoienen irudimen eta sormen ahalmen izugarriaren adibide berria dugu, dudarik gabe, “Consummatum est”. Ez beharbada aurreko lanen aldean oso bestelakoa, ez beharbada aportazio berebizikoa euskal narratibaren garapenarentzat, baina bai behintzat arnas luzeko eta teknika fineko kontalari bikain baten emaitza txukun, aberats eta irakurgarria, gaizki idazten ez dakiten idazleen kasta berezi horretakoa baita Irigoien.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak