kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Gizona bere bakardadean / Bernardo Atxaga / Pamiela, 1993

Obaba barru-barruan Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-01-23

Eleberri honen bidez, bakean uzten ez zuen presio sozialaren galdera eta zalantzei erantzuna eman die Atxagak. Hala adierazi zuen berak liburua aurkeztu zuenean, eta liburua irakurri ondoren hori hala dela baieztatzeko motiborik aurkitu dugu barruan: batetik, eleberri bat idazteko gauza dela erakutsi digu, mardula —luzea, arnas handikoa— eta suspenseduna gainera, biribila teknika aldetik, esku trebez egituratu eta eramana, mahai gainean itxita geratzen direnean ere irakurleari deika aritzen zaizkion horietakoa; bestetik, Euskal Herriaren gatazka politikoa —ETA eta guzti— nobela horren tramaren barruan sartu du, alderdi horretatik euskal literaturari oro har eta bereziki —ezagun eta ospetsuena denez, exigentzia eta presio guztien hartzaile ere badelako— Atxagari behin eta berriz salatu zaion gabeziari konponbidea emanez.

Egia da, bai, eta jakinekoa zen aldez aurretik ere, Obabatik urrundu eta delako presio horiei erantzun beharra izan duen neurrian, ziklo berri bati, literatura lantzeko beste modu berri bati heldu behar izan dion neurrian, berezkotasunean eta samurtasunean galdu egin duela Atxagaren idazkerak eta literaturak, baina galera hori ez da erabatekoa ere izan, bai baita Atxagaren betiko idazkera samur horren arrastorik franko liburu honetan ere; eta bizitzari, giza izaerari, bakardadeari zein gizartearen antolakuntzari buruzko gogoeta mamitsuak era benetan literario eta ederrean tartekatzea ere ez zaio ahaztu asteasuarrari. Alegia, presio sozialak behin eta berriz eskatzen zion hura egiten asmatu du bere-berea duen nortasun literarioa ahaztu edo saldu gabe. Ofizio erakustaldi bikaina, beraz, liburu honen bidez egin diguna.

Behialako hitzaldietan ikusten genizkion koloretako fitxa haiekin jolasean ikusi izan dut Atxaga, eleberri honen idazketa lanean imajinatzen saiatu izan naizenetan. Eleberriko protagonista nagusi den Carlosek marra eta asteriskoz bere eginbeharren egitaraua prestatzen duen bezala, Atxagak kolore ezberdinetako fitxen ordena eta fitxa horien arteko loturak eta konbinazioak aztertzen zituen, nire irudimenean sortutako irudi horretan: ekintza nagusiari eta suspenseari dagozkion datu eta pausoak fitxa txurietan, 1982ko ekaineko azken egunetako hemerotekatik jasotakoak fitxa horietan, Rosa Luxemburgen gutunetako pasarteak fitxa arrosetan, Atxagarenengandik oso urruti ere ez bide dauden Carlosen gogoeta eta ideiak fitxa gorrietan, Atxagarenengandik urrutiago egonagatik ere honek gutxiago maite ez dituen Kropotkinen adierazpen eta idazkiak fitxa beltzetan… Artisauaren patxadaz eta artistaren pasioaz lanean, umea tren elektrikoarekin baino gustorago idazlea bere koloretako fitxekin. Eta bai poliki eta dotore konbinatu ere fitxa guztiak! Bai oreka eta armonia ederra erdietsi ere egonarri handiz!

Izango da orain ere Anjel Lertxundik joan den igandeko EGUNKARIAn aipatzen zuen etsaiak baliatuko dituk! hura haserre oihukatuko duenik, are gehiago liburua martxoan bertan etsaien artean erabiliena den hizkuntzan argitaratuko dela kontuan izanik. Baina hori beste kontu bat da, izatekotan ere etsaien arazoa eta ez Atxagarena. Idazleak zintzo egin du bere lana, eskatzen ziotenaren eta berak egin nahi zuenaren artean zubi sendo eta dotorea eraikiz, Obabatik urrundu arren Obaba barru-barruan gordez, udako bero galdatan ere udazkena barru-barruan gordetzen duen poetaren antzera. Eta trilogia hasi berri hau osatuko duten beste bi eleberrien zain utzi du irakurlea, Obaba barruan duela hau ere.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak