kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Bapatean 92 / Askoren artean / EHBE, 1993

Ezinbesteko bihurtua Joxe Beristain / Euskaldunon Egunkaria, 1993-09-05

Delako krisi famatua dela eta, liburuak argitaratzea ere gero eta zailagoa dela dirudi. Bertsozaleok ohizkoa eta ia ezinbestekoa dugun “Bapatean” liburuaren argitalpena ere aurrekoetan baino zailagoa izan da aurten. Baina oztopoak gainditurik, eta liburu honen garrantziaz jabeturik, Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak (EHBE) plazan jarri zuen, azkenean, abuztua baino lehen “Bapatean 92”.

Tarteka-tarteka errepasatzeko eta ondo gordetzeko liburua da hau, denbora pasatu ahala orain bertan baino sorpresa handiagoak emango dizkiguna, seguru asko. Dokumentu ona, informazio handikoa, bertsolaritzaren munduan interesa duenarentzat. Egia da ezinezkoa dela urteak eman duen guztiaren berri jasotzea, baina asko eta ona da liburuan jasoa datorrena, eta argazki ederrekin apaindua dago gainera.

Dena eder jartzea ere ez da itxura, eta kritikatxoren bat edo beste ez ote dudan egin behar esaten ariko da honez gero irakurle bat baino gehiago, marmarka hasita. Alde horretatik, izango da saioen edo bertsoen aukeraketan ezinbestekoa beharko zukeen bat edo beste falta dela dioenik, eta baita alderantzizkorik ere agian, behar ez lukeen bat edo beste liburuan sartuta dagoela, alegia; baina, aizu, hori beti izango da, aukeraketa orok baitu berekin, derrigor, era horrelako injustiziaren bat egiteko arriskua.

Bertsolaritzaren benetako mugimendua zein den jakiteko aukera bikaina da, dudarik gabe, “Bapatean”. Alde horretatik, interes berezia du 1992ko bertso saioei buruzko datu orokorren bilketak. Iazko saio guztien erdiak pasa Gipuzkoan egin zirela erakusten digu, besteak beste, koadro horrek. Ez da nobedade handia, jakina, baina datu horren urtez urteko bilakaera aztertzea bai izan litekeela benetan interesgarria.

Beraz, laburtzeko, “Bapatean” liburua, behin ateratzen hasiz gero urtero-urtero atera beharreko diren horietakoa dela iruditzen zaidala esango nuke, eta eskertzekoa dela EHBEk, horretaz jabeturik, egin duen ahalegina.

Dena dela, amaitzeko beste ohar bat ere egin nahi nuke. Badela argitaratzea ezinbestekoa den beste liburu bat, EHBE argitara emateko ahaleginak egiten ari dela liburu hori kaleratzeko, baina oraindik behintzat ez dagoela kalean. Bertsozaleok badakizue zertaz ari naizen. Ea bada laster dugun kalean Juanito Dorronsororen “Doinutegia”.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak