kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Espainolak eta euskaldunak / Joxe Azurmendi / Elkar, 1993

Korrikalarien bakardadea Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1993-04-11

Fondo-korrilralariaren bakardadea aipatu izaten da norberaren burua jardunkide bakarra deneko zereginez hitz egitean. Fondo-korrikalaria, gurean, Joxe Azurmendi, inor baldin bada, zeren eta argitaratu duen azken liburua —zeina ez den berak idatziriko azkena— besterik idatzi izan ez balu ere, maratoilari izena merezi izan zukeen. Ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula seierehuntsu orrialde, zertaz eta historiaz eta filosofiaz.

“Espainolak eta euskaldunak” hau irakurri aurretik ere Joxe Azurmendiren arnasotsa aditu izan dugu hainbatetan, bera karrajuan barrena nekez eta leherrenez joan eta gu ere, ez dakit zenbat ote ginen batera, paretaz beste aldean paralerroan korrika. Ematen duenez, ez ginen behar izan genukeen guztiak izan. “Arana Goiriren pentsakera politikoa” edo “PSOE eta euskal abertzaletasuna” Joxe Azurmendiren liburuak alferrik izan direla ematen du, behin azken gertaerei instant labur batez begiratuz gero behinik behin. Fondoko lasterketetan, ezin laster-laster egin daitezkeenetan. Zegaman duela mendetxo erdi jaio zen horek egin ditu egin. Aipatu liburuez gain aintzindari izan zen “Mirande eta Kristautasuna” izenekoa dago, gaztaroko poesia idazteaz gain, marxismo, kultura eta gizarte gai zabalak jorratzeko egin dituen dozena t’erdi liburu horien artean.

Orain, “Espainolak eta euskaldunak” azken liburu horren bidez filosofoa gure salmenten gailur apal-apalera ailegatu delarik, beraren liburu guztiak berreskuratzeko tenorean garela deritzot, gizartean ditugun debateak, hala nola, indarraren erabilera politikoa edo indar politiko zaharren jarrera abertzaletasunarekiko, Joxe Azurmendik lehendik dituelako azterturik, gaingiroki ez bada ere zein buztarketa ezinezko den, halakorik behintzat argi izan genezan. Ostera, filosofoaren zereginak beti pentsarazten du nori zuzendurik idatzi delakoaz.

Ematen duenez, Azurmendiri irakurlegoak bidera urten dio eta elkar aurkitu dute azkenean ere. Filosofoaren zereginak behar duen beste sujetoa, gogaidea, hortxe du. Eta elkar aurkitu badute, aurkitu ere, zeragatik izan delakoan nago, hots, irakurlego horrek bere burua sujeto egiteko prozesuan premia itzela duelako norbaitek argitu edo esan diezaion, bada, Espainolak —edo Frantsesak, berdin dio— berez omen diren sujeto historiko biribildu eta burutuek, nola arraio ikusi izan eta ikusi gaituzten gu besteok, objetu huts, Historia zabalagoren baten barruan izan ezik existeniziarik ez omen dugunok.

Gure existentziaz idatzi eta eztabaidatu den guztiak, liburu honetan jasorik berau, ederto frogatzen du bagarela, izan ere. Tamalez, froga hau negatiboa baino ez da, ez baitu bere eskuetan Azurmendik mirarien gauzatzea. Liburuak, aldiz, izate hori eraikitze bidean eskuartean behin eta berriro erabili beharreko lanabesa eskaintzen digu. Jakin badakit batek baino gehiagok esan lezakeena dena lehendik ere izan direla hor bildutako testuak edonoren irispidean. Joxe Azurmendiren prosa arin, zorrotz eta ironiaz melatuak aurkeztu eta astintzea falta izan dute, aitzitik.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak