kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Orhipean / Xamar / Pamiela, 1992

Lurra ez da mutua Patziku Perurena / Euskaldunon Egunkaria, 1992-06-05

Aspaldiko kontua da. Probintzianoek modernixmorako berez dakarten joera ergelak hankapetatutako altxor eder asko nafarrek atera izan dute lohitatik. Manezaundi, Larreko, Irigarai, Izeta eta abar luzea dugu horren lekuko. Eta, “Orhipean” liburua argitara denetik, Xamar erantsi beharko zaio zerrendari.

Baten bati aditua diot. Liburu honek ez duela izenburu egokia. Baliteke ezetz. Baina, zer pentsatua franko ematen du. Orhipekoa ez den gauza gehisko bizi du gaur euskarak. Erniopean bukatzen baita jeneralean euskaltasunaren espa. Probintzianoen izakera xital hori salatzea ere bada, alde batera, liburu honi “Orhipean” deitzea. Baina, liburu honen izena ezik izana ere horretara dator.

Modernoa inkultoa da nonahi eta beti. Kultura, klasikoa baita izatez. Teknologiak eta merkatuak nahigabean egiten gaitu moderno. Eta kultura, deus bada eta, axaleko modernixmo pasakor hori egia zaharrez edertzea eta sakontzea da. Honetaz ohartzen ez den euskaldun txoro asko dago gure artean oraindik. Eta are okerragoa dena: euskaltasunaren gidariak berak ari zaizkigu, salbazioaren izenean, bazter guziak modernixmoz estali behar direla esaka. Jainkoak goarda gaitzala Orhipekoak bederen!

Nere idurikotz, alde hori erakustera dator, batibat, Xamarren liburu xarmagarria. Euskaltasunaren leloa bezain zaharra deneko huts hori betetzera. Leitzeko arina da eta begietara atsegin ematen du liburuak. Letra du irudien lagun. Irudia letraren argi eta liluragarri. Nonahitik begiraturik ere, hagitz lan maitagarria egin du Xamarrek.

Itxura aldetik, artista baten lana. Gai bakoitzaren sarrera, irudi eta esanera propi batez apaindua beti. Gaiari dagozkion hitzik funtsezkoenak beltzago. Testu nagusiaren bazterretara, ohar motx osagarriak, marrazki ttiki argigarriak. Hitzik zaileskoen esanahiak. Eta beste hamaika xehetasun gustagarri, denak irakurlearen atseginerako.

Mami aldetik, hagitz neurri egokian tratatua du gai bakoitza. Ez astunegi eta arinegi. Hitz gutxitan esaten baitu gauza asko, eta modu gustagarriz gainera. Dena dakizula iruditu arren, gai bakoitzean beti agertuko zaizu ez zenekien kontu berri gustagarriren bat, handik edo hemendik. Nik benpe, ahaztuxetako gauza franko gogoratzez gain, kontu ttiki berri asko ikasi dut.

Honelako dibulgazio liburuak hagitz aproposak dira, nornahiri eta batipat haurrari egunero hankapetzen duen lurra ez dela mutua erakusteko. Ez dakit zer nolako harrera egin izanen zaion liburu honi eskolatan, baina, ni irakasle banintz, urte guzian gogoan edukiko nuke. Baita, guraso izanik, neronek ikasi ahalean, nere haurrak euskal animaz sorgindu nahiko banitu ere.

Neretzako, euskal animaren enziklopedia ttiki bat bezala hartzeko liburua da. Eta halakotzat har ez dezanak, beste nonbaitean darabilke gogoa. Euskaldunok erregalo modura hartzeko liburua da hau. Pamielak argitartazen dituen liburu gehienak bezala, preziorik ez duena. Liburu honek duen alderik merkena, dirukin paga litekena baitu.

Bukatzeko, eta liburua biribila dela ez esateko, koxka batzuk ukitu nahi nituzke:

1.- Zertara dator Txepetx liburu honen aitzin solasera? Xamarren lagun mina delakotz? Askotan nahasten dira pertsonak eta pertsonaiak gure herrian. Hagitz sinale txarra. Bien kaltetako baizik ez baitira izaten lautik hirutan. Ez naiz inor tentatzen ari. Arrazoia begien bistakoa da. Neretzako Txepetx guziak ez baitira Orhipeko.

2.- Euskara beraren eta euskaltasunaren iraupenaren topikoak maizesko egiten diote irrist Xamarri. Ez noski inor itotzeko moduan, baina, frankotan errepikatzen da lelo hori. Eta liburu honek ez luke merezi irakurleagan horrelako irudipenik sor dadin.

3.- Eta bukatzeko, tarteka ageri diren beste huts ttiki batzuk, gramatikalak lirateke. Niri behintzat, “ere” batzuk arrotz xamar egin zaizkit, “ba-” eta “egin” adizkien hutsa nabaritu dut frankotan. Menpeko esaldi batzuk motz gelditu ote diren ere iruditu zait. Baita “mendratu” hitzaren azalpen okerra ere ikusi dut nonbait.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak