kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Itzulbidea / Amaia Iturbide / Erein, 1992

Bizitzaren amarauna korapilatzen eta deskorapilatzen Angel Zelaieta / Euskaldunon Egunkaria, 1992-05-29

Mary Louise Pratt andereak erakutsi zuen, literatura deituak ez duela berezko literarietaterik, eta idazlearen, argitaratzailearen eta irakurlearen arteko akordio edo elkar-ulertzeak sortua dela, egiatan, testo baten literaturtasuna. Hoirelaxe adierazten du Ereinek Amaia Iturbideren “Itzulbidean” argitaratzean, liburu azalean “Erein / literatura” eta titulupean “poesia” jartean.

Jar liteke irakurle bat, ondoren, poema hoien iturria den Amaia, liburu barruan bertan, ezagutzera ere: Deustun egin zuela Euskal Filologia, 31 urte zituela poema bilduma hau Areetan sinatu zuenean (lehenago “Eskaileraren bi aldeetan” idatzi zuela), bukaeran eskaintzak zehazten dizkiela Javiri, Sebas Garciari eta Jon Kortazarri, eta baita Klara Lumo eta Karmen Agirreri ere, “Enseiucarrean” (Deustuko Euskal Filologiaren aldizkaria), “lau haizeetara” eta “arrats-beheran-ek” ba duketela berarekin zerikusirik… Begira liezaioke irakurle horrek fotoari ere eta pentsatu ia Platonek zioen “furorearen menpe” ote dagoen. Baina Amaiak “enbaxadore baten dotoreziaz” dihardu lanean.

Modan jarri da azken urteotan, baita ere, “hartzailearen estetika”, ez duela, esanez, literatura gorputza hartzen harik eta destinatarioarengana heldu arte, eta honek, irakurleak, alegia, testoan barrena dauden “hutsuneak” bete egin behar dituela. Ugariak dira, “Itzulbidea-n”. Guk, irakurle, bete behar dugu poema hau, adibidez: “II / Ilargia / itxaroten dakitenen / habiarik sinpleena” hau “osotu” beharko dugu: aditza erantsi, pausak markatu, II-a sailkatu, edo zailago dena “itxaroten dakitenen” delako hau argitu, e.a. “Hutsunea” betegaitzago eta paradigmatikoa, eta talde lanen egitekoa “Bidaiaren kuadernokoa” da (Joseba Sarrionandiarekin batean amaitzekoa).

Errusiar Formalismoak erakutsi zuen poemak ez duela ezer adierazi nahi, hitzek eurek jazten dutela poema, edo poema hitzak eurak direla, ez direla larrosak pintatzen, poema bera dela larrosa. Geroago, glosematikaren eskolakoek agertu dute literatura semiotika konnotatiboa dela eta ez denotatiboa, hots, ez duela ezer errepresentatzen. Guzti honengandik hurbil ibil liteke Amaia, baina ez batera: “poesiaren mezu gordeaz” hitz egiten du. Laburtzeak dituen arriskuekin, Amaiaren ardura nagusia “naturaleza errebidatze zirkular-etengabean” da. Eta gauza deigarria, “loratzen eta desloratzen” doan erritmo honetan, labirintoan zehar aurkitzen den Dedalo berri honek oreka haundia eskaintzen du.

Berriz ere “Itzulbidea-rekin” Errusiar Fonnalistengana itzultzen bagara, literarietateaz galde egin genezake. Verso libreak dira, versoak badira verso librerik badago. (Zergatik ez ote du Amaiak “neurturik” egiten?) Irudiak ausartak dira: “emeki desorraztutako hodei bat”, “Ezpataz zeharkaturiko / sabel ubela da itsasoa”… Fonetismo berdinkoteak ez datoz bat esanahiarekin: “abestien leloak eta leihoak”, edo bai: “irrintziaren indarrean”. Gorago esan dugu labirintuko biztanle berri honek oreka deigarria erakusten digula, antitesien lilurapekoa askotan: “aurkitzen dudanean galtzen naiz”, “bakoitzak daraman gau zuriaren / isla errebelatua”. Parekako egiturek ere, ugariak diren arren, ez dute parekotasun oso-osoa: “zutabe hondatuetan etorkizunaren irakurketan”, “ausentzia puntuak palazioko hormetan”. Ez dira izango poema hauek kantuz ematekoak, baina bai boz ozenez irakurtekoak: ikus zelako hotsak, froga egingo bagenu: “non bihotz ahulak ahazten uzten diren”, “aparrezko leopardo-orroak”.

“Zatoz nire etxera” oles egiten digu Amaiak. Joan dadinak, hantxe aurkituko du “lili erorien erresuma ahula”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak