kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Behi euskaldun baten memoriak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 1991

Behi baten anabasisa Angel Zelaieta / Euskaldunon Egunkaria, 1992-02-22

Idatzi berria da, ez dela handi izango Atxagaren obra “Behi euskaldun baten memoriak” nobelagatik, edo, bestela esanda, ez dela hau asteasutarraren beste kreazioen mailara iristen. Idatzi berria da, baita ere, Pamielaren “Tamaina Ttikia” sailean argitaratua ere ba dela eta, gaztetxoentzako literatura dela.

Ez dut uste ez bata ez bestea egia direnik.

“La Vache” eta behia, “Hainbeste denboran elkarrekin ibilitakoak, betirako bereiziko ginen” dioenean, kasurako, La Vache hori “basurdeen taldera pasatu zelako” eta behiari “zu ere erdi makala zara” diotsolako, zer uler daiteke, prosopopeia guzti hoien atzekaldean?

Melvilleren “Moby Dick” irakurten dugunean —esan ohi da—, Ahab, Jezabelen senarra, eta Jainkoaren borondatearen kontra altxatzen denaren sinboloa dela. Edota izan daitekeela, baita ere, gerziar tragedia gaurkotuz, Patuaren aurka jaikitzen denarena. Edota, azkenez, kapitalismoaren aurka borrokatzen den Iraultzailearena…

Bernardoren behiaren memoriak ere, irakurketa bat baino gehiago eskaintzen dituelakoan gaude. Hona hemen bat.

Anabasisko bidealdian, behiak, aurrera datozkion enbarazu eta etsai modu guztiei aurre egiten die, eta, alfa izatetik, omega izatera heltzen da, testuan bertan agertzen den hizketa modua erabiltzeko. Aristotelesi benetan atsegin zitzaion Ediporen kasua, zoriontsu izatetik, uste gabean eta berak erreparatu gabe, gaiztokeria tragikoak bete ondoren, zorigaiztoko izatera iragan zelako. Hots, Valleren Max Estrella bezala, Madrilgo kaleetako infernutik biraka gaiztoan ibili ondoren, munduaren absurdoa ezagutu eta heriok eramaten duen heroearen buakerari, Katabatikoa deitzen badiogu, Ulisesenari, ostera, Troiara ostera burutu, oztopo modu guztiei gehiago egin eta, azkenez, emaztea pretenditzen zutenak hil ondoren, hura eta etxaguntza ber-eskuratzen dituen heroearen ekintza irabazleari Anabasisa deituko diogu.

Honelako zerbait gertatzen da behiaren memorietan ere.

Hola jadesten du behiak (zeinaren historian, edo istorioetan —hauxe bait da “ipuin zale” narratzaile autobiografiko honen aberastasunetariko bat—, 1936, 1940 urteak, Balantzategi baserria, edota P. Larzabal, Uztapide eta Sarrionandiaren —”Poetak esan zuen bezala ni ez naiz hemengoa— erreferentziak, anekdotikoak dira gehiago, azken batean esan nahi dutena baino), behinola Ulisesek Mare Ignotum hura legez, ibilaldi guztian zehar iragatea eta garaile ateratea?

Setatsu izeneko protagonistaren “barruko ahotsaren agindua” da aparteko indar hori. Behia, “arreta osoaz” ari da beti, barruko “kezka” pean, “behi harrotasunak” eraginda. Setatsu horrek, batzutan, “poliki eta geldiro” ibilteko, “zeuk egin behar duzula aurrera, zeure ahalez”, “eme egotea”, “ameskerietan ez erortzea”… bezalako aginduak ematen dizkio. Beste batzutan, “kontuz!, ibili apartean!”.

Behiak, “arriskua bera ere erakaragarria” du, “asperkeriaren harlausa astunak” astindu egiten ditu, “denbora pasatzeko modu berriak asmatzeari” egiten dio, “aluzinaketa” eta “delirioetan” erorita ere, atera egiten da; “apustuak ere egiten” dizkio bere buruari, “logikaz pentsatzen” ikasten du (V. kapituluan markatuegi geldi daiteke hauxe), ba daki zenbait animalia “egia esateko apur bat atzeratuta” gelditu direla, eta, “nagusirik gabe”, hots, “bere kontura bizitzeko prest” agertzen da.

Behin, “hamasei bat otso edo” ere, aurrean eramaten ditu, eta ironizatzen du: “otsoaren arnas lurruna, berriz, ez zen haize hotzean —ikus paronomasia— galtzen, baizik eta aitortuko ez dudan nire gorputzeko toki batean”.

Istorioen buruan, erreflexio hauen ondorio, honako sententziak aurki daitezke: “azkenean jabetu egin nintzen”, edota “ez nuen etsi”, edota “bete egin nuen neure promesa”.

Basoa eta desertua dira behiaren egon leku atseginak. “Gehientsuenetan —aitortzen du— mendian ibiltzen nintzen La Vacherekin batera”. Zortzigarren kapituluan, hasieran bertan, irakurten dugun moduan, “Mendi mendian”, seguraski Usandizagaren opera —Usandizaga abizena agertu ere egiten da nobelan, bestalde— gogora erazi nahi duena, hala nola Arestiren “Mundu munduan”, (kontrajarriz, noski). Ez dugu uste, edonola ere, mendi hau (“Batzuek jarraitu egiten dute gorantz (…) beti mehetuz”), askesiaren “Sion Mendi” denik, herritar folkloreko abereek, Txano Gorritxo e.a.ek…, borrokarako duten lurraldea baizik. Mendi honetan ez dago, gainera, biderik, “Eta biderik ez badago, horrek esan nahi du nahi adina bide dauzkagula”, hots, hiritar bizitzari oposatzen zaion zerbait da: “Ikuiluko behiek, eta areago granja edo herri haundietan bizi direnek, mila gauza desberdin dauzkate egiteko eta ikusteko”, baina “hobea izaten al da beti?”

Basamortua edo desertua da darabilen beste sinbolo bat, V. kapituluan batez ere. Hango bakardadeak “benetako behi” izaten laguntzen dio, “hainbeste proba” bertan pasatu ondoren, “izarren izen eta legeak” ikasiz.

Epilogo gisako IX. kapituluan, zenbait gogoeta egiten ditu “Setatsu” horretaz, “zein ahots da zehazki” bere buruari galdetuz. Erantzuna, ordea, “nobelistikoa” da: “Batzuetan pentsatzen dut ni neroni naizela, eta bi ahots ditudala, barrukoa eta kanpokoa. Memoriok irakurrita ere, esplikazio hori iruditzen zait serioena. Baina, horixe, ondo jakiterik ez dago”.

Bukaeran, promesa: “Egunen batean, premia sortu ezkero, jarraituko nuen —memorien— beste parteekin”.

Adituek diotenaren arauera, hona hemen Künstelrroman, edo artistaren formazioaren nobela.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak