kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Behi euskaldun baten memoriak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 1991

Ingenuitatearen omenez Felipe Juaristi / Euskaldunon Egunkaria, 1992-02-01

Istorio ugari kontatzen ditu Bernardo Atxagak liburu honetan, gazteentzat, bereziki, zuzendua den liburu honetan.

Txinar kutxa baten modukoa da, bat irekiz gero beste bat agertzen da, eta hura irekiz gero beste bat eta horrela kutxa guztiak irekita diren arte. Baina istorio guzti horien artean bat gailentzen da besteen gainetik, mendi bat muinoen artean balitz bezala nabarmentzen.

Gerra ondorengo istorioa. Onak eta gaiztoak; onak oso onak eta gaiztoak oso gaiztoak, eta gainera tontoak. Baina pertsonaia nagusiak behiak dira, bi batez ere, memoriak idazten ari dena, eta beste behi errebelde eta basatia, La Vache qui Rit izenekoa. Eta, Bernardo Atxagaren literaturgintza ezagutzen dugunok, animaliak pertsonaia bihurtzen baditu baditu ez dela kasualidadez, animalia bait da mundu ingenuo, inozente, kutsatu gabearen sinbolo. Eta ez dut uste pena merezi duenik beste sinbolismo mota baten bila aritzea. Behi memorioduna bizitzen ikasten ari da, eta beste behia, La Vache qui Rit, irakasle izango zaio. Iniziazio-istorio bat, begi garbia (behiarena) mundu zikin baten aurrean. Eskarmentua azkenik. Esperientzia. Behiaren esperientzia hartze hori oso kronologikoa baita; haurtzarotik gaztarora igaroz, eta hortik zahartzarora. Bizitza azken finean.

Baina istorio hori, istorio nagusia, niri partikularki gustatu zait neurri handi batean; beste istorioak horren betegarri direla esango nuke, behiarena bizi-aroen mugarri. Gertatzen da denori etortzen zaigula Bernardo Atxagaren beste lanekin konparatzeko tentazioa, baina uste dut, liburu honek ez duela haiekin zer ikusi handirik, ez bada, teknika aldetik, “Bi Anai-rekin”, eta gaiarengatik, “Flannery-ren” saio harekin. Luzeegi iruditu zait liburua. Esan nahi dut, kosta egin zaidala sartzea, eta kosta egin zaidala bukatzea ere, istorio nagusia amaitu ondoren. Behiaren pentsamenduak erretorikoegiak aurkitu ditut, baina baliteke nire errua izatea, ez bait naiz ingenuo, ez inozente, eta batez ere, horrek ematen dit minik handiena, ez naiz gazte.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak