kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bestaldean / Itxaro Borda / Susa, 1991

Itxaro Bordaren agerpenak Angel Zelaieta / Euskaldunon Egunkaria, 1992-01-04

“Bestaldean” poema liburua irakurtean, elkarrekin batere zerikusirik ez daukaten gauza bik deitu didate atentzioa. Bata, bi poema modu irakurten dituzu. Alde batetik, “hitz neurtuz” eginiko hamarren bat poesia (sonetoa, terzetoak, kuartetak…, “zortzikoen” neurrietara moldatuak gehien bat, sinalefarik gabe kanturako emanak diruditenak). Bia, zein indartsu present datorkigun natura. Adibide bat jartearren, kasik orriz orri topo egiten dugu euriren batekin: euriaren desira, euriaren mingaitzean, euri nahiaren, euria ari zen, euriaren eresiaz, euri ttantta, eurite xoil, euriak burdinbideak bustitzen, euritan, euriaren aztaparrak, euriaren eroria, euriaren promesak, euriaren ahuspean, urarekilan, euriaren haiduru, euri uharrak, e.a.

Hiru erregistro linguistikoz ari zaigu: gehienetan zuka, kortesauen geletan gaudenetan, beraz. Gutxi batzuetan gizonezkoen hiketan, eta hainbestetan emakumezkoen hiketan, zenbaitetan Tere Irastorzari deitzen diolako eta bestetan alabari mintzo zaiolako. Behar bada, hiru mintzamoldeok egoera desberdin bat adieraziko dute; behar bada, hiru mintzamolde desberdin dira, baina tonua —beti ere gartsua— hirurotan antzekoa izango da.

Euskal erreferentea oso ugaria da: Fresnesko gartzela, Dolores Ibarruri, Bitoriano Gandiaga, Amikuze, Golko Pertsikoa, R. Ordorika, Sarri, Urbia, Arantzazu, Bereterretx, Tere Irastorza, Zaldibia, Donapaleu, Aturri, Irati Ibaia, Herrera de la Manchara bidaia…, eta baita Paris ere. Beste literatur erreferentzi batzuen artean, modu berezi batez gorputz hartzen du poemagintza barruan Bereterretxen kantuak.

Inoiz poesia soziala deitu horren itxurarik ere hartzen du, hala nola “lantokietan poesiak irensten ditugu” dioen inguru horretan. Hainbatetan, “bihar” hitzak izan lezake etorriko, edo ekar genezakeen paradisu baten oihartzunik: “geroa bihar bertan apurtuko zela”, hau da “egunen batean etorriko dela”.

Baina, neure ustez, Itxaroren poesien alderdirik indartsuena, eihagorarik gorena, oihu pertsonala da: “bakardade biluziaz” ari denarena, “desolazio egunak” bizi dituenarena, “mendeetako larderiari ez obeditzen” diharduenarena: egoera honetan espero duen eta bilatzen duen laguntza “bestaldean” aurkitzen da, “telefono kabina urdin” baten. Hori, beste hori, gizabanakoa da.

Behinola L. Bloy-k bezala hitz egiten digu, eta horretaz gaztigatzen gaitu ataritik bertatik, Luce Irigarairen hitz hauekin: “Si nous continuons à parler le même, si nous nous parlons comme se parlent les hommes depuis des siècles, comme on nous a appris à parler, nou nous manquerons. Enore… Les mots passeront à travers nos corps, par-dessus nos têtes, pour aller se perdre, nous perdre. Loin”.

Itxaroren mundua; nire iduriko, ez da mundu objektiboa ezta mundu razionala, subjektiboa baizik. Gehiago da sentimendu pertsonalaren expresamena, poetaren interioritatearen agerpena, mundu berri bat sortu nahiz. Horregatik da, agian, irakurgarri, bizirako literatura bizia delako.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak