kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Plastikozko loreak erregearentzat / Xabier Montoia / Susa, 1998

Plastikoa ederra da Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-06-06

Imanol Muruak eta Humberto Unzetak lau eskutara idatziriko Suetena Belfasten izenekoaren ostean beste lau bidaiaren kronika liburuak argitaratu ditu Susak. Azken biek, Xabier Montoiaren Plastikozko loreak erregearentzat eta Juanjo Olasagarraren Mandelaren Afrika, udaberri honetan ikusi dute kaleko argia. Beraz, eta bigarrena beste baterako utzita lehenari ekin aurretik, azpimarratu egin nahi nuke, zinez, literaturgintzaren arloan klasikoa den genero bat, bidaia-kronikena, gurean ere sortu eta zuzpertzeko Susak egiten diharduen ahalegina.

Tradizio zahar-zahar bati jarraituz, esan dezakegu irakurtzea bidaiatzea baldin bada, ia beti, are eta gehiago dela horretan, bai, irakurtzen dena bidaia-liburua denean. Bestalde, idazle asko bidazti amorratuak izan ohi dira, sarritan narrazio-edo poemagaiak, giroak eta idazteko behar (omen) den mundu-ikuskera halako bazterrak ezagutzetik etorri zaielarik. Badira leku batzuk, hala ere, idazleak bertan egon gabe ere ezagutzen dituenak, irudimenean lan egiten duten erreferentzi-lekuak, hain zuzen. Horietako batera egin zuen txango Xabier Montoiak: Memphisera.

Erraza litzateke esatea, baietz, Anfetamiña idatzi zuenak egunen batean Memphisera, R&R den munduko hiriburu nagusietako batera, ezinbestez. “Memphis aditu eta soul berba etortzen zait segituan gogora, Rufus Thomas, Etax-eko abeslari eta talde entzutetsuak, Al Green, musikari beltz horiek guztiak, eta Alex Chilton, jakina. Nire betiko kuttunak”, dio Montoiak liburuan. Haatik, Memphisera txango egiteko motiboa ez da izen horietan bilatu behar, bidaiarako bidez batezko jomugak badira ere. Bere Ford auto zaharrean sartuta, Graceland-era egin du Montoiak, Elvis Presleyren santutegira. Hori berori baita Erregea: Elvis!

Erregearen inguruan, zer da egiazko eta zer gezurrezko, egileak liburuari berak jarri dion tituloak dio, “plastikozko loreak” horiek hain zuzen. Liburuan metafora da plastikoa, kantariari errege izena ematearen ildoan desegoki ez datorrena. Azken batean, amets gehienetan biniloko ildoetan ereiten zireneko garaietan berak jaso zuen uztarik oparoena. Arrakasta horren zioaren bila doanaren bidaia ere bada alderdi horretarik liburua.

Nik uste, oso ezberdinak dira Montoiak Getxon abiatzean —liburuaren hasierako orrialdeak— eta bidaiaren amaieran plastikoaz dituen iritziak. Plastikoaren azpian Erregea dago. Eta Erregeak on egin zuena ona da. Musikaren aldetik. Eta kitto. Ez beza hori plastikoak ezkuta.

Liburuan aipatzen den plastikoak, bestalde, gogora dakarkit neure umetzaroa. Txikia nintzela ospetsu egin ziren plastikozko loreak etxeetan. Haiek erosten zituztenak edertzat zituzten era berean, Elvisen Graceland horren inguruan atondu den bisnisean plastikoa “ederra” da.

Amorruz, jakinguraz eta, azkenean, ironiaz gauzatu du bidaia Montoiak. Gero bidaia liburura ekarri du eta, bidaiatuz asmatzea etorri datorkion edonori legez, fikzioa ere sartu du tarteka, nik uste. Bidaia egiazkoa egitearren, ziur. Orain ni beste irakurketa bat egiteko astia noiz izango nago. Liburua bertan aipatzen diren musikariak entzun eta aldi berean irakurri nahi dut eta. Liburua irakurtzeko moduetako bat izan daiteke.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak