kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Laura kanpoan da / Jabier Muguruza / Erein, 1999

Kantu galduaren bila Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 1999-10-09

Zenbait sentsazio eta sentimendu narratsen joan-etorriak bere idazkera arinaz azaldu eta eskaini dizkigu, Bizitza pusketak-en bezala. Pertsonaia garrantzitsuenak, Markos zein Nestor, lekuz, jokoz, oroz kanpo daude ta beti; guztiz arrotzak zaizkien goiti-beheitiek erabakitzen dituzte beren aldarteak eta norabideak, ez dira gai beren bizitzak gobernatzeko, izutu egiten ditu askatasunak. Gizaki izateak urduri jartzen baititu, nahiago lukete postontzi edo karrota izan gizaki baino: pairaezina zaie erabakiak hartzeko ahalmena. Halatan, ezustean, nolabaiteko babesa damaien emaztearengandik urruti direlarik —emaztearen erabaki baten ondorioz noski, ez baita harritzekoa halako ganorabakoengandik aldentzen ahalegintzea—, munduarenganako eta beren buruarenganako haserre hitsa nagusitzen zaie, miseriazko ziminokeriak eginaraziz. Andrearen epela galdu berri duten ezinduak dira Markos eta Nestor, pilak ahituriko txotxongilo, esku krudel batek zutik atxikiak.

Amorru unatuak eta ziurgabetasunak gizakiak datu konbentzionalen arabera hierarkizatzera bultzatzen ditu: neskak, zaharrak eta gazteak, adibidez, beraiena baino beheitiagoko maila batera dituzte jaisten. Goitik behatzen diete, harremana hasi berria delarik. Baina berehala alderantzikatzen da norabide hori, bidean aurkituriko neskak, zaharrak eta gazteak, protagonistentzat aldi berean erakargarri eta larribide, sendoagoak baitira berez, libreagoak, Markos-Nestor malderrak baino.

Narrazio bion umorearen gakoa, bestalde, zenbait sentimendu eta gogoeta petral xehero-xehero deskribatzeko Jabier Muguruzak ageri duen teman datza, Clouseau inspektoreak idatziak dirudite sarritan. Irria eragiten du orobat nork bere buruari ere aitortzen ez dizkion grina eta estrategia lotsagarriak hain nabarmenki azaldurik aurkitzeak. Gainera, zenbait morroi norbera bezain gaizki edo okerrago dabilela egiaztatzeak lasaitu egiten du barrua.

Zilegi bekit irakurketa psikoanalitiko bati ekitea, errazegia noski, barka: Muguruzatarrak geroz eta nabariago dira geure kulturako Brönte ahizpak, eta beren arteko harremanak ezagutzeak beren artea hobeki ulertzen lagun dezake. Bestalde, abestiak amarentzat edo bere ordezkoren batentzat egiten dira batik bat, ama erakartzearren. Hortaz, Laura kanpoan da ama Mari Pepiren arreta berenganatzeagatik Muguruzatarren artean duten gudu inkontziente luzearen beste atal bat litzateke, batetik; eta protagonistetako batek guduaren beraren pasarte bat azaltzearren eginiko entsegua, bestetik. Nolanahi ere, irakurketa kuxkuxero hau oso mugatua da, eta hau psikoanalisiaren beraren hastapenak aintzat hartuz: berton ageri diren sentimenduak gizaki orok bizi izan ditu, guztiok nahi izan baitugu amaren maitasun osoa guretzat bakarrik, baina guztiok izan gara amarengandik bereiz bizitzera behartuak, jatorrizko batasun berotik erauziak, eta bero galdua berreskuratu nahian gabiltza bizitzan barrena. Baina Markosek zein Nestorrek ez dute amaren ordezko emaztearenganako itzulbide errazik: narraziook arrotzaldi horren kronika lirateke.

Oihanean galduriko haur izuak arroztuak abestu egiten du bere baitara itzultzeko, etxerako bidea bilatzen duen bitartean. Jabier Muguruzak badu halako onura pizten duen makina bat kantu; halaber, Nestor musikaria da, eta Markos musikak inguratzen du. Halaz ere, paradoxaz, autoreak mutu atxikitzen ditu bibiak. Aurkitu ahalko dute noizbait etxeratuko dituen kantua!

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak