kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Tigre ehizan / Aingeru Epaltza / Elkar, 1996

Bi mundu, gogo bakarra Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1997-01-04

Bi lurralde, bi ikuspegi hartzen ditu nobela honek. Lehena, Venezuelakoa da, gure gerra bukatu ondorengo urteetan, non euskaldun asko eta asko gorde baitziren, irabazleengandik ihesi. Halaxe, Martin, baporean etorritakoa, eta patuaren gora-beherak direla eta, oihanean aurkitzen da, tigre baten atzetik.

Bigarrena, Lapurdiko herri txiki bat da. Euskal errefuxiatuek hantxe aurkitu dute babesleku eta atseden. Jende asko dira, tartean neska-mutikoak, tartean Martintxo, Venezuelan dagoen Martinen semea. Nagusiek irratia entzuten dute, Europa osoa kiskali duen gerrari buruzko berriak jakin nahian. Zerbait somatzen dute, alemanak urduri dabiltza, eta laster joango dira haiek ere, gerra ere eskutik eramanez. Nagusiek mapak aztertzen dituzte, irratian esandako tokiak non edo han kokatu nahian, izen arraroak, xelebreak baitira gehienak.

Bietan, euskaldunen zantzua, euskaldunek bizi-irauteko hartutako norabideen arrastoa. Venezuela eta Lapurdi izan baitira, beste askorekin batera (Mexiko, Argentina, Finlandia…) gerra galdu zuten euskaldunen topaleku eta bizitoki derrigorrezkoak. Bietan, gogo bat. Martin tigrearen atzetik dabil, bere burua erakusteko, zer den adierazteko. Lapurdiko mutikoek beste tigre bat jo dute begiz, alemanen tankea, “Tigerra”, hain zuzen. Joko antzean, haren kontra egingo dute, erdi-tragedia bilakatuko den ekintza burutuko ere bai. Huts egingo dute, baina ez dira horregatik galtzaile izango.

Horra bi plano paralelotan kontatutako istorioa. Oihanekoa, batetik; Lapurdikoa, bestetik. Oihanekoa oso zehatza da. Horacio Quirogak idatzi zituen istorio haietako bat dirudi; edo, beste liburu bat aintzakotzat hartuz, Luis Sepulvedaren zaharra, maitasun istorioak kontatzen zituenekoa dakar oroimenera, tigrea desagertzeko zorian zegoen mundu baten adierazgarri zenekoa. Hori guztia antzematen da kontakizunean. Tigrea, animalia paregabea izateaz gain, basati den neurrian errebeldea ere bai, ehiztariaren itzala bihurtzen da, berak izan nahi lukeena, alegia. Horregatik hura hiltzeko afana.

Bi plano paraleloek gogoetara eramaten dute idazlea. Bestalde, esan behar da oso ondo idatzitako nobela dela Epaltzaren hau, hizkuntz-errejistro oparokoa. Aise dabiltza bizkaiera eta lapurtera bata bestearen ondoan nahastu gabe, era dotorean, ez narrasean.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak